Aurtengo udan, KAE-2 mailan, bigarren geratu da Deustu Arraun taldearen ‘Tomatera’, zazpi bandera eskuratuta. Bigarren postuak eman zion eskubidea play off-a jokatzeko; hori ere irabazi zuen. KAE-1 mailan plaza bat hutsik geratzean bere egin dute deustuarrek. Azaroan ziurtatu da hortaz Tomateraren igoera KAE-1 mailara. 2015 denboraldia “erronka handia izango da guretzat”, dio Borja Rodrigo zuzendaritza taldekideak. “Kirol maila altua baitago kluben artean, KAE mailaren goialdean egoteko planifikazioa eta aurrekontua duten klubekin lehiatu beharko dugu”. Poza sentitzen dute eta erantzukizuna, “gure onena eman nahi dugulako”.
Garaipenak eta kategoria igoera harrotzeko nahiko arrazoi badiren arren, Borja Rodrigok kluba bere osotasunean ikustea ezin du ekidin. Iraila-urritik, ikasturte hasieratik, pozik dago Borja. Orduan zabaltzen dizkie taldeak ateak ume eta gazteei, etorkizuneko arraunlariei. Eta bai, asko izan dira Deustuko Erriberako pabiloira hurbildu diren neska-mutilak, adin eta kategoria guztietakoak. Harrobia dira eta klub batentzat funtsezko lehengaia. Poza “bikoitza” da beraz, “senior kategorian bezala, beheko kategorietan ere helburuak lortu ditugu, bermatuta ditugu taldeak”. Horregatik, bai urriaren 19an Done Petri plazako omenaldian bai abenduaren 17an Udaletxeko arabiar aretoan eginiko ekitaldian Deustuko Arraun Taldeko seniorrak ez ezik beheragoko kategorietako arraunlariek ere izan zuten protagonismoa.
Omenaldi “ezberdinak” izan arren, “sentimendu handikoak” izan dira biak. Done Petri plazakoa “oso, oso kutuna”. Batik bat, ez zutelako espero. “Auzotarrek antolatua izan zen eta horregatik barruraino iritsi zitzaigun. Oso ekitaldi polita izan zen”.
Udaletxeko harrera “ez zen berria” aurraunlarientzat. Azken urteotan “hiruzpalau” ekimen izan baitituzte bertan. “Egia esan, asko eskertzen dugu. Urtez urte erakusten dio Udalak taldeari emandako babesa. Eskertzekoa da gure lana horrela aitortzea”, dio Rodrigok.
2015
Urtarrilean argitaratuko du Bizkaiko Arraun Federazioak lehiaketen egutegia. Orduan ekingo diote aulki mugikorreko eta finkoko zein bateletako taldeek norgehiagokari. “Ume eta gazteek arraunean egin dezatela”, horixe da klubaren helburua. “Geroz eta gusturago eta hobeto egin dezatela, hori da gure formakuntza helburua. Goza dezatela arraunean eta urtez urtez ilusio gehiagorekin kategorietan gora egin dezatela”.
Uda, traineru denboraldia da. Uda baino lehen, prestaketa moduan hainbat proba izaten dira. Horietako bi pasa dira jada, Bilboko Gaueko Estropada eta Portugaleteko jaitsiera. Urtarrilean Sestaon, otsailean Hondarribian eta Orion izango dira. Horrelako estropadetan klubek taldeari neurria hartzen diote. Denbora eta lana planifikatzeko balio dute. Udan gorengo mailan egoteko.
Deustuko Arrun Taldea mailaz igo berria izango da KAE-1en 2015ean. “Heldu berriak” izan arren, Borja Rodrigoren esanetan “ez dugu ezer baztertzen”. Taldekide gehienek jarraituko dute senior taldean. “Umiltasunez, kategorian dauden taldeen maila handiarekin kontziente izanik, baina ezeri muzin egin gabe egingo diogu aurre denboraldiari. Parez-pare lehiatuko gara beste taldeekin, nahiz jakin zaila izango dela KAE-1 mailan oso klub onak baitaude”.