Joan den urtarrilaren 14an, Bilboko Udaleko Aholku Batzordeak oniritzia eman zion Nuestra Señora del Carmen Fundazioak bultzatutako hirigintza operazioari. Bertan bildutako EAJk, PPk, arkitektoen elkargoak eta Fekoor elkarteak baietza eman zioten haurtzaindegia izan ondoren urte luzez hutsik egondako Agirre Lehendakariaren hasieran dagoen txaleta bota eta horren ordez eliza mormoi bat eraikitzeari. Planak EH Bildu, PSOE, auzo elkarteen (Deustuko Doneperiaga Familia Batuak elkartearena barne) eta Hartu Emanak elkartearen abstentzioa jaso zuen.
Planak lau solairuetako 3.000 metro karratutako eraikin bat altxatzea aurreikusten du. Lehenengoan kapera jartzea begiesten da. Gainerako plantak ekimenak eta ikastaroak egiteko bideratuko dira.
Historia handiko eraikina
Gutariko askok eraikina urte luzez mojak kudeatutako haurtzaindegi batekin lotzen badugu ere, Agirre Lehendakariaren hasieran kokatutako txaleta historiara pasatuko da Alemaniar ikastetxea bertan hogei urtez egon zelako.
Bizkaiko alemanen koloniari zuzendutako ikastetxeak 1924ko apirilaren 27an zabaldu zituen ateak lehen aldiz, Primo de Rivera diktaduraren garaian, hain zuzen. Unibertsitateen etorbidea 17, zen orduan. Benito Lewin industrialak erosi zuen eraikina ikastetxea izateko.
Inaugurazio ekitaldira Alemaniako ordezkaritza zabala hurbildu zen , Bilbon zuen kontsula, Eickhoff jauna; alemanen koloniako presidentea, Schulze jauna; eta ikastetxearen presidentearen ordea, Penshem jauna. Eta horiekin batera orduko agintariak, hau da, Primo de Riveraren Bizkaiko gobernadorea zen Etxague jenerala, Zubiria kondeak (Ibarrekolandan bizi zirenak), zein diktadoreak zuzenean izendutako Laureano Gutierrez Alzaga Deustuko alkate ordea. Ezin falta Deustuko parrokoa Ciriaco Remon.
Argazkia Gaceta del Nortek argitaratu zuen 1937ko abuztuaren 11n
Francorekin lerrokatu izanagatik itxita egon zen gerra garaian. Behin armada faxista Bilbo eta Deustu konkistatu berriro zabaldu zituen ateak, hasieran Alemaniako Nazi alderdiak ordaindutako jatetxe sozial gisa eta, geroago, alemaniar ikastetxe bezala.
Bitxia izan zen 1937ko abuztuan, Alemaniako armadarekin ezinbesteko laguntzarekin frankistak sartu eta bi hilabete eskas batera alderdi Naziak haurrentzako zabaldutako “neguko laguntza” deituriko jantokiaren inaugurazioa. Esbastikak eta Espainiako bandera frankistak koroatutako Hitlerren busto erraldoiaren begiradapean ugaldu ziren Alemania naziren erregimenaren laudorioak zein herritarrak gogor bonbardatutako hegazkin nazien goraipatzeak.
Hortik zortzi urtera Frankoren erregimenak, II. Mundu Gerraren amaierak ezarri zuen egoera berriak bultzatuta, itxurakeriazko mugimenduak egitera behartuta ikusi zuen bere burua. Ondorioz, 1945eko maiatzaren 8an, Naziek kapitulatu zuten egunean, gutxira arte euren aliatu sutsua izandako polizia frankista ikastetxera bertaratu eta ixteko agindua eman zuen, alemaniar ikastetxea Deusturekin izandako 20 urteko harremanari amaiera emanez.