Urtarrilaren 10eko presoen eskubideen aldeko manifestazioaren ostean, ‘Mate’ operazioan 16 herritar atxilotu zituzten. Nola gogoratzen duzu astelehen hura?
Amorru itzelarekin, benetan. Ez nekien zer esan, nora joan, nori esan… oso gogorra izan zen. Gogora etorri zitzaizkidan lehengo garai txarrak, une txarrak.
Sarek antolatutako manifestazioan jasotako dirua eraman zuen LABen egoitzatik Guardia Zibilak.
Diru hori gurea da, Denoi lapurtu digute, naiz gutxi edo asko eman, poltsa horietan gure dirua zegoen. Kristoren lapurreta da, eta geroz eta amorru gehiago sortzen du.
‘Giza eskubideak, konponbidea, bakea’ lelopean Donostian manifestazioa egin zen Guardia Zibilaren sarekada gaitzesteko. Egon zinen?
Bai eta oso garrantzitsua izan zen guretzat. Indartuta atera ginen. Benetan hunkigarria izan zen. Askok daukagu senide edota laguneen bat kartzelan, baina beste askok ez, eta hor zeuden gurekin batera. Gogoratzen dut Bilboko urtarrilaren 10eko manifestazioan jendea espaloietan negarrez ikustea, eta horrek nire egoerak baino gehiago hunkitu ninduen. Izugarria izan zen niretzat.
Orain artekoekin alderatuta, aurtengo urtarrileko manifestazioaren planteamendua ezberdina izan da. Gustuko izan duzu ‘Now Euskal Herrira’?
Gure pertzepzioa desberdina da, senideok aurrean joan ginen eta ondo ikusi genuen. Baina askori ez zaie ondo iruditu batzuk alde batetik irtetea eta beste batzuk bestetik. ‘Now Euskal Herrira’ leloak nazioartean mezua zabaltzeko balio du, baina inglesa erabiltzea batzuek ez dute ulertu.
Eta milaka argi aldi berean piztu ziren unea?
Oso bitxia izan zen, piloa gustatu zitzaidan. Gainera, gure argiak lodiagoak izan ziren, eta oso polita izan zen Autonomia kalea argi txikiz piztuta ikustea. Inpaktantea.
Zer deritzozu kartzela zigorren pilaketa Europar Batasunean ez errespetatzeari?
Lotsagarria, guztiz. Espainiako epaitegietatik ez da justiziarik espero behar, oso miserableak dira, oso pobreak, kategoria txikikoak.
Zure senar Txente Askasibarrek ia zortzi urte daramatza preso. Zer pentsatzen du egungo egoera politikoari buruz?
Ez du datu gehiegi. Normaleki semeekin eztabaidatzen du vis a vis-etan. Berak jakin nahi du, zer mugitzen den hemen kanpoan, baina bi ordu eman arren berarekin hitz egiten ezin da libreki hitz egin, dena grabatzen baita. Ez dugu hitz egiteko askatasun osorik, pentsatzeko justu-justu.
Itxaropentsu dago Txente?
Oso kritikoa da, ez da ezkorra ez baikorra, beti egon da tartean, bere burua asko kontrolatzen duen gizona da. Inoiz ez da kexatzen. Horregatik ez zaio hain luzea egingo kartzela zigorraren azken txanpa, egunez egun egiten du aurrera.
Zelan dago osasunez?
72 urte ditu orain, 73 urte egingo ditu urrian kartzelatik ateratzean. Mingainean onddoak dauzka, hiru urte baino gehiago daramatza horrela. Oso kutsakorra da eta kezkatuta dago horregatik. Tentsioa ere altua du. Ez dute ondo jaten eta hotz itzela pasatzen dute ziegetan ez baitute berogailurik. Irteten denean ere medikuz mediku ibili beharko dugu.
Adineko presoei edota preso gaixoei kartzeletan ematen zaien tratamendua nolakoa da?
Gaixoei ez diete jaramonik egiten, utzita dituzte. Txentek, esaterako, lau urte eman ditu medikuaren kontsulta baten zain. Katarata batekin kartzelaratu zuten eta, mugitu eta mugitu ginen, harik eta abokatuak lortu arte azkenean ospitalera ekartzea, lehenik kontsultara eta berehala ebakuntza egitera.
Legea bete izan balitz Txente etxean egongo zen. Bi aldiz eskatu du Txentek hirugarren gradua ezartzeko, baina alperrik.
Duela urtebete eskatu zuen lehenengoz hirugarren gradua eman ziezaiotela, adinekoa izateagatik, zigorraren 3/4ak beteta edukitzeagatik eta hasieratik bigarren graduan egoteagatik. Ez duela hirugarren gradua emateko baldintzarik betetzen, hori izan zen jaso zuen erantzuna.
Zergatik ez diote onartu legezkoa dena?
Euskalduna delako, talde terroristako kide izatea leporatzen diotelako, eta Txentek epaiketan bertan jakin zuen ETAkoa zela. Berak jakin ez arren ETAko finantzen burua zen. Horregatik esan ohi dut ordaintzean, “nire kontu, finantzaburuaren andrea naiz eta”. Kar, kar, kar.
Umorerik ez duzu falta?
Ez, barre egin behar da. Hasteko, bizirik gaudelako egin behar dugu barre, ohetik egunero altxatzen garelako edota laster udaberria datorrelako.
Denek zioten, “hauek ez, hauetako inor ez doa barrura, kia”. Eta gero zer, bada barrura sartu zituzten. Denborarekin ohartzen zara ez duzula inor berezia izan behar horrelako zerbait gertatzeko, zergatik egiten duten egiten dutena. Hasieran ez zara ausartzen zure antzera dauden beste pertsonekin batzen. Gero konturatzen zara hobe dela. Nik beti esan izan diet “ulertzen dizut baina hobe da denak batera joatea, denek batera pasatzea hau”. Ez zara ez gehiago ez gutxiago ez baduzu egiten, ez pentsa zu beste kategoría batekoa zarela, ez da deshonra zure semea kartzelan edukitzea, alderantziz ohore bat da.
Bigarrenez ere egin zuen Txentek 3. graduaren eskaria.
Bai, gabonak baino lehen egin genuen bigarren eskaria, eta erantzuna berbera da, ez dituela baldintzak betetzen. Josu Erkoreka jaunak gezurra esan zuen telebistan, argi eta garbi, presoek ez zutela eskaririk egin esan zuen. Bakion ibili naiz egun osoa eskariaren eta erantzunaren kopiarekin eskuan Erkoreka ikusten nuenean aurpegiratzeko. Eta aukera dudanean egingo dut.
Zein izango da hurrengo pausoa?
Espainiatik ez dugu ezer espero. Bederatzi hilabete geratzen zaizkio zigorra betetzeko, haurdunaldi labur bat. Urriaren 5ean aterako da. Neguko erropa sartu nionean esaten zidan: “Hau sartuko da baina irtetean ez da berriro sartuko”. Eta halaxe da.
Zenbat denbora eman du Txentek preso guztira?
Maiatzean zortzi urte beteko ditu eta urrian zortzi eta erdi.
Zenbat kartzela ezagutu ditu?
Carabanchel, Basauri, Aranjuez, Soto del Real, Valdemoro eta azkenaldian Topas. Sei kartzela bi espetxealditan. 1988an zazpi hilabetekoa eta bigarrena zortzi urtekoa.
Zer egingo du Txentek urriaren 5etik aurrera?
Ibili, goizero goizero, ordubetetez. Hori ziur. Eta gero Somerara joango da koadrilarekin. Auzoan, San Inazion, militante izatera itzuliko da, baina ez lehen bezain beste, nekatuta egongo da, hainbeste rollotan sartuta egon ostean eta, gainera, begira emaitza.
Txenteri bizitza asko aldatuko zaio, baita zuri ere.
Asko aldatuko zaigu. Ni erdi alargun eta bera erdi ezkongabe egon gara zortzi urte eta erdiz, eta hori asko da. Nork bere ohiturak, berezitasunak eta arrarotasunak, dauzka, eta moldatu beharko dugu.
Zer kendu eta zer eman dizue dispertsioak?
Kendu, denbora eta diru piloa. Eman, antsietate handia. Urduritasun handia dena prestatzeko, kartzelako bisiten txandak antolatzeko, vis a vis-ak, deiak, erropa, bidaiak, azken orduko aldaketak… kristorena da berari esaten ez diogun arren. Antsietate horren falta nabarituko dut gero, loditu egingo naiz.
Txente bisitatzeko 800 kilometro egiten dituzu. Zelako unea da bidaiarena?
Bidaian gauza txarrak ez ditugu ateratzen, etxerako gordetzen ditugu. Topasera hainbat emakume joaten gara bikoteak bisitatzera, ‘maitasunaren karabana’ deitzen diogu. Vis a vis intimoetara joaten gara. Denak dira gazteak nire ondoan. Maiteminduta joan eta itzultzen dira. Nik esaten diet maitasun zoroa pasako zaiela, bikotearekin haserretzeko denborarik izan ez dutela, faseak direla. Egia esan, barre asko egiten dugu kotxean.
Bidaian istripua izan zenuen behin. Nola gogoratzen duzu?
Burgoserako kilometro batzuk falta zirela izan zen. Hiru ginen autoan eta bat-batean errepidean gurutzatu zen mastin txakur bat jo genuen. Zorionez, autoko motorra ez zen hondatu eta lortu genuen kartzelara heltzea. Funtzionarioek bisita atzeratzeko aukera eman ziguten, orduan ondo portatu ziren.
Topas kartzela txikia da. Funtzionarioen eta presoen senideen artean harremana hobe da horrelakoetan?
Funtzionarioak Topasen zuzenak dira. Katxeoek jarraitzen dute, egunaren arabera, esaterako, emakume funtzionariorik ez badago ez dago katxeorik. Inguruko herrietakoak dira kartzelako langileak, ignorante samarrak. Ez dira Madrilekoak bezalakoak, Madrilen gogorrak dira.
Zergatik sentitzen zara pribilegiatua?
Oso pertsona pribilegiatua sentitzen naiz nire senidea hurbil dagoelako. 400 kilometro dira joateko eta beste 400 etortzeko. Egia da, urteekin geroz eta gehiago nabaritzen dudala autoan jesarrita emandako denbora, Famosako panpinak bezala irteten naiz kotxetik. Urteek ez dira debalde pasatzen. Hori ere ez diot Txenteri esaten, gero esango diot dena.
Luze egin zaizu zure senarraren espetxealdia?
Oso sentsazio arraroa dut. Hasieran pentsatzen duzu, “jo, zortzi urte eta erdi, zer izango da, nola egongo naiz ni, gaixotzen banaiz nork zainduko nau”. Bakardadeak kezka sortzen du. Orain, berriz, atzera begiratuta “pasa dira zortzi urte” galdetzen diot nire buruari eta, zorionez, ondo nago.
Urte hauetan Bilboko Operako Koroak asko lagundu dizula diozu. Zergatik?
Niretzat eszenatokia bizia da, eszenatoki gainean egoteko jaio nintzen. Pena txikitan Arte Dramatikoa ikasi ez izan. Operan abestu eta antzeztu egin behar da. Euskaldunako atea gurutzatzea beste mundu batean sartzea da. Ordu asko dira beste gauza batzutan pentsatzen, beste pertsona batzuen papera antzezten, eta indarberriturik ateratzen naiz.
Zelako babesa jaso duzu auzotarrengandik, San Inazion?
Onena, oso babestuta sentitu gara. Bizi osoan eskertuko diegu eman digutena, benetan.