Duela hiru urte 'Birdboy' laburrarekin eskuratutako Goya saria ezin izan dute bigarren saiakeran Bilbora ekarri 'Unicorn blood' laburrarekin. Horregatik joan den larunbatean San Inazioko UniKo ekoiztetxeko kideen ospakizuna "aurrekoan baino neurritsuagoa izan zen".
Faborito zen animazioko Goya onenaren sarirako 'Unicorn blood'. "Ondo kokatuta geunden", esan dio URIOLAri UniKo ekoiztetxeko Iñigo Gomezek: "Guk genuen jaialdi gehien, sari gehien eta esperientzia gehien". Baina aurreikuspenak ez ziren bete eta 'Juan y la nube'-k eskuratu zuen sari preziatua.
Goya sariak banatu ziren aretoan Alberto Vazquez 'Unicorn blood'-en zuzendaria eta beste lagun bat baino ez zeuden. Gainerakoak, 70 pertsona guztira, Madrileko beste toki batetan elkartu ziren "jaitxo batean". Senideak, lagunak eta bezeroak ziren, eta babes horrekin errazagoa izan zen "porrot txikia" onartzea. "Ez zen euforia unerik izan, baina baikorra izan zen gure lagunen artean baikeunden".
Lantaldeak ez zuen etsi. "Ospatu egi genuen", dio Gomezek, eta "borobil" atera zen. "Bitik bitan nominatuta egotea arrakastatsua da".
Asteburua Madrilen eman eta gero, gaur, astelehena, 8:00etan UniKo ekoiztetxeko lagunek lanari ekin diote. "Ilusioz lanean jarraitzea dagokigu". Egun, hiru proiekturen muntaketa dute esku artean: Gaizka Urrestiren 'Vendita calamidad' luzearena, 'Viaje a pies' laburrarena eta Alberto Vazquezen 'Psiconautas' luzearena. Alberto 'Birdboy'-ren jatorrian dagoen 'Psiconautas' komikia luzemetraia bihurtzen ari da.
[2015/02/06] Bilboko bi ekoiztetxeren 'Unicorn blood' laburra Goya sarirako hautagai