Zorrotzako Muturraren berroneratzea gertuago dago jarduera ekonomikoak eta etxebizitzen garapena uztartuko dituen etorkizuna behin betiko zehaztetik, 2.100 etxebizitza eraikita.
Izan ere, "ezinbestekoa" da Zorrotzako Muturrean etxebizitzetarako erabilera (%60-65) eta jarduera ekonomikoetarakoa (%35-40) uztartzea, Udalaren hitzetan, "150 milioi euro inguruko kostua duen eragiketaren bideragarritasun ekonomikoa ziurtatu ahal izateko".
Ingurune hori lurzoru "estrategikotzat" jotzen da Bilboko hirigintza-esparruan, jarduera ekonomikoa garatzeko eta enplegua sortzeko "aukera handiak" eskaintzen ditu eta. Hain zuzen, HAPNk geroago xehakatzeko zehaztu zituen Antolamendu Egotziko Esparruetako bat izan zen Zorrotzako Muturra. Gauzak horrela, 2012ko martxoaren 21ean Bilboko Udalaren Gobernu Batzordeak HAPN aldatzeko lanei hasiera emateko ebazpena eman zuen.
Aurrerapen-fasean hiritarrek "parte hartzeko prozesua burutu eta behin betiko aldaketa-proposamena gidatu behar zuen aukera hautatu ondoren", Zorrotzako Muturraren behin betiko tramitazioak beste urrats bat eman du, Bilboko Udal Plangintzarako Aholku Batzordearen aurrean Hiri Antolamendurako Plan Nagusia aldatzeko proiektuaren agiri teknikoa aurkeztu ondoren. Agiri horretan eduki teknikoen xehetasunak eman eta osatu dira, eta erabilerak eta kudeaketa-moduak arautu dira.
Hartara, datorren martxoan Udal Plangintzarako Aholku Batzordeak irizpena eman eta gero, Udalbatzak hasierako, behin-behineko eta behin betiko oniritzia eman beharko dio lehenik, eta EAEko Lurralde Antolamendurako Batzordeak ondoren, behin betiko onartua izan baino lehen.
Etxebizitzak nagusi diren eredurantz
Aukeratutako bideak eragiketaren "bideragarritasun ekonomikoa ziurtatzen du", kontuan izanik RENFEren trenbidea lurperatu eta desbideratzeko lanak ere proiektu horretan sartuko direla.
Etxebizitzetarako nahiz jarduera ekonomikorako erabilerak barnean hartzen ditu, baina "eraikigarritasun nagusia" etxebizitzetarako eraikinetan dago, "etxadi itxurakoak eta eraikinaren aprobetxamendu onekoak". Bilboko Udalaren aburuz, horrela, "jarduera ekonomikorako eraikigarritasuna balio askotariko lurzati zabaletara bidera daiteke", eta horietan "enpresa-proiektu industrialak zein tertziarioak antola daitezke".
Jarduera ekonomikoa: %35-40
Etxebizitzak: %60-65
Eraikigarritasuneko Koefizientea, gutxi gorabehera: 1,10 m2/m2
Erabilerak eta eraikigarritasunak, gutxi gorabehera (jarduera ekonomikoa %35 eta etxebizitzetarako erabilera %65 inguru)
Etxebizitzak: 200.736 m2
Hirugarren sektorea, saltokiak: 16.312 m2
Hirugarren sektorea, jarduera ekonomikoak: 108.740 m2
Ekipamendu-erabilerarako eraikigarritasuna: 3.140 m2
Eraikigarritasuna, guztira: 329.198 m2
Etxebizitza kopurua, gutxi gorabehera: 2.100 etxebizitza
Herritarrek Parte Hartzeko Programa
Zorrotzako Muturraren hirigintza-tramitazioa Hiritarrek Parte Hartzeko Programarekin batera garatu dela gogorarazi du Bilboko Udalak. Programa horren bidez, herritarrek eta elkarteek "esku hartu ahal izateko helburuak eta bideak zehaztu dira".
Hala, HAPNren aldaketari hasierako onarpena emateko fasean, bilera bana egingo da Udal Plangintzarako Aholku Batzordean, jakinaren gainean egoteko eta haren irizpena jasotzeko, eta Barruti Kontseiluko Batzorde Teknikoan. Horrez gain, azalpenak emateko jendaurreko bilera bat egingo da, eta azalpenak emateko triptiko berezia prestatuko dute, horretarako.
Ildo beretik, hasierako onarpenari buruzko agiriak www.bilbao.net webgunean jarriko dira tramitazioa hasi ondoren. Hasierako onarpena eta gero, informazio publikoko prozesua egingo da 45 egunez, eta interesdunek nahi dituzten alegazioak aurkeztu ahal izango dizkiote agiriari.
Plangintzarako Aholku Batzordea
Plangintzarako Bilboko Aholku Batzordea sortzea adostu zen 2008ko irailean, Bilboko Udalbatzan. Parte hartzeko eta eztabaidatzeko sektoreko kontseilua da. Honako eragile hauek parte hartzen dute bertan: auzo elkarteek, ingurumena babesteari eta hirigintzari lotutako erakundeek, helburu sozialak edo ekonomikoak dituzten elkarteek, eta udalean ordezkaritza duten alderdi politikoetako ordezkariek.
Aholku Batzordearen funtzio nagusietariko bat, hirigintzari dagokionez, bizilagunen benetako parte-hartzea bermatzea da. Horretarako, udal plangintza orokorrari dagokion edozein ekimeni buruzko aholkularitza eskaini eta txostenak egingo ditu.
2011n Plangintzarako Aholku Batzordeak organo aholku-emaile horren jarduera arautzeko irizpide berriak zehaztu zituen. Horren arabera, Sailak edo beste batzuk prestatzen hasiko diren ekimenen berri ematen da eta bere xedea Batzordeko kideek dagozkion espedienteak egin baino lehen ezagutzea da, horrela haiek ere ekarpenak egiteko aukera izan dezaten.
Behin aipatu izapideak prestatzeko prozesua osatuta, berriro eraman behar dira Aholku Batzordera bertan eztabaida daitezen, udal izapidea hasi aurreko urrats gisa.