Iñaki Garcinuño, CEBEK: “Lan harremanetarako kontrola galtzen ari gara, bai sindikatuak bai enpresaburuak”

prestaldizkaria 2015ko mar. 9a, 09:03

Argazkiak: Iñigo Azkona

Proiektu pertsonal moduan onartu zuen Iñaki Garcinuñok Bizkaiko Enpresen Konfederazioko (CEBEK) presidente kargua lau urterako. Proiektu desberdin baten aritzeko gogoa zuen, egunerokoarekin zerikusirik ez duen zerbaitetan. Maiatzean, agintaldi erdia beteko du.

Gaztea, euskalduna, arte grafikoen sektoreko enpresaria eta Bizkaiko Enpresen Konfederazioko (CEBEK) burua. Estereotipoen apurtzailea zara?
Enpresaburu moduan ez da hain arraroa. Familiartekoen enpresetan normalean zure aitaren adinaren arabera lehenago edo beranduago hasten zara agintzen. Gure enpresan hiru Garcinuño lerro daude, hiru anaia zirelako sorreran, eta egun familia bereko bost pertsona gabiltza elkarlanean. Antzeko adina dugu, txikitatik gabiltza elkarrekin, eta horregatik giro ona dugu. Ondo konpontzen gara.

CEBEKeko presidente moduan berritzailea zara?
Nire aurretik egon zen presidenteak 20 urte eman zituen karguan, denbora asko da. Normalean, ni baino jende zaharragoarekin aurkitzen naiz, normala den hori ala arraroa den? Giroaren arabera. Nire ondoan zegoen jendea gogo gabe zegoen, eta batzordean zeudenek eta beste batzuk gaitasunen bat ikusi zidaten hautatu nindutenean.

Zer dela eta hartu zenuen duela bi urte, krisi ekonomikoaren gorian, CEBEKeko presidente postua?
Motibazio berezi bat behar dugu denok, proiektu desberdinetan aritu, egunerokoarekin zerikusirik ez duena. Sei urte neramatzan CEBEKeko batzorde exekutiboan, eta pentsatu nuen ‘zergatik ez lau urte eman’. Proiektu pertsonala da, ez enpresarako niretzat baizik. Gustura nago. Lan handia da.

Bizkaia industrialean sektore grafikoko ordezkari enpresarien buru.
Bizkaian, Metalgintza da sektore garrantzitsuena, gero Merkataritza eta Grafikoak, Eraikuntza eta Kimikakoak. Nire sektorea ez da oso handia, gainera, nire enpresa ez da oso handia, gu 20 pertsona gara. Batzutan bestekin alderatuta ikusten duzu zure burua desberdin, ez txikiago, desberdin diot. Enpresa txiki eta handiek normalean arazo berberak dauzkate, baina tamaina desberdinekoak.

Zein da zure funtzioa CEBEKeko presidente moduan?
Leku guztietan egon behar dut. CEBEKeko idazkari nagusiarekin antolatu behar dut konfederazioaren mezua enpresaburuen premiak eskatzeko eta betetzeko edota Bizkaiko ekonomiarako lehentasunezko proiektuak finkatu administrazioari helarazteko.

Bizkaian ekonomiaren errekuperazioa badator?
Oso gogorra izan da krisia. Euskadin 7.000 enpresa inguru itxi dira, horietatik erdiak baino gehiago Bizkaian. Enplegu piloa suntsitu da eta, aurrera begira ez gara oso baikorrak, gauzak oso motel aldatzen ari baitira. Hazkundea ikusten dugu, nahiz poliki hazi. Ez gara ari enplegu garbia sortzen baina espero dugu hastea. %1,5eko produktu gordina behar dugu horretarako eta orain arte %0,9koa izan da. Bilakaera ona da eta poliki-poliki irtengo gara.

Enpresariek eskatzen zuten lan erreformak zertarako balio izan du?
Erreformak balio izan du enpleguaren suntsipenari eusteko, baina ez enplegua sortzeko. Erreformatik guk ondo ikusten dugu lan malgutasuna, hori guk beti eskatu dugu. Bezeroek eta merkatuek epe laburrean ekoizteko eskatzen digute, eta malgutasun gabe epe horiek ezin dira bete.

Zure enpresan lan erreforma ezarri duzue?
Enpresa guztietan negoziatzen da. Zuk eska dezakezu ematen duzunaren arabera eta horrek sortzen du giro zehatz bat enpresaren baitan, bakoitzak bere giroa du, desberdina. Gure kasuan, enpresa lasaia da gurea. Saiatzen naiz langile guztiekin hitz egiten, nik gauza naormalak eskatzen ditut eta, nahiz eta gure merkatua zaila izan, ondo antolatzen saitzen gara. Bizkaiko enpresetan ez ditugu eskatzen erreformaren puntu guztiak.

 

Krisiaren irtenbidea bideratzeko orduan zelako maila erakutsi dute agintaria eta legelariak?
Ez da batere erraza administrazioentzat. Ez dago giro onik. Inork ez du murrizketarik egin nahi, baina denok dakigu ez dagoela dirurik dena ordaintzeko. Ezin duzu etengabe zergak igotzen ibili zeren jendeak ez du ez enpresarik ez enplegurik sortzen baldintza horietan, eta atera ezineko zirkuluan sartzen gara. Nahiko pozik gaude gure administrazioekin. Kasu gehienetan, ez guztietan, administrazioek proiektu publikoen artean enpresak sartu dituztelako. Legeak egiterakoan, enpresetan izango duten ondorioetan pentsatzen dute, eta hori garrantzitsua da gure ekonomian industria oso garrantzitsua delako eta ez badauzu hori gogoan ondorioak oso larriak izan daitezkeelako. Zentzu horretan, diru-laguntzak nahiko onak dira, programak ere bai, eta hemen dirua ez da saltzen edozein modutan.

Sindikatuekin tira-biran jarraituko duzue?
Desberdintasun handia ikusten dut sindikatuetako buruek lortu nahi duten giroaren eta gure enpresetan dagoen giroaren artean. Guztiz desberdina da. Ahalegintzen gara jendearekin hitz egiten, akordioak lortzen eta, normalean, akordio horiek lortzen dira. Gure herria errenta per capitan edota bizi kalitatean estatuko lehena ez dela edota industria potentea ez dugula dioten sindikatuek sortu nahi duten giroa ez da batere egokia guretzat. Sindikatu guztiak ez dira berdinak. Guk, adibidez, CCOO eta UGTrekin ahal izan ditugun hitzarmen guztiak sinatu ditugu, eta batzutan sinatutakoa ez da izan gure gustukoa, baina enpresaburuek eta langileek akordioak behar dituzte, eta hori hobesten da. ELA eta LABen kasua oso desberdina da. Antzeko estrategai dute, badirudi sindikatuen hauteskundeetan haien emaitzak ez direla txarrak, jendeak ulertzen eta onartzen du haien portaera, baina nire ustez kalte egiten dute hitzarmen kolektibo asko galtzen ari baikara. Kasu batzutan, estatu espainiarretik datoz hitzarmenak agindu bezala. Gure lan harremanetarako kontrola galtzen ari gara, bai sindikatuak bai enpresaburuak, eta hori ez da ona. Euskal lan harremanetarako akordioa lortu nahi badugu, horrela ez dugu lortuko. Horregatik pentsatzen dut kalte handia egiten ari direla.

Urtzi Martinez eta Jon Telletxea grebalari gazteak kartzela zigorra betetzen ari dira greba orokor egun batean egindako pintadengatik. Gehiegizko zigorra ez al da?
Grebetan inportantea da grebalarien eskubidea zein lan egin nahi duten horin eskubidea errespetatzea. Oreka hori lortzea da garrantzitsuena tentsio uneetan. Ez dut ondo ezagutzen kasua, baina kanpotik ikusita pentsatzen dut jaso duten zigorra beharbada gehiegizkoa dela. Grebetan, batzutan, gauzak ez dira ondo egiten.

Nork sufritu du gehien?
Bizi dugun krisiak ematen du beti txarrena, perspektiba galtzen dugu horrelakoetan. Aurreko mendean 80ko hamarkadakoa kristoren krisia izan zen, langabezia Euskadin %25era heldu zen eta orain, hemen, %15-16an gaude. Hainbeste drama pertsonal eta familiar ekartzen ditu krisiak, ezinezkoa da esatea ez dela gogorra edota larria izan. Nork berea beti ikusten du inportanteen. Horregatik errespetuz hitz egin behar da. Lan eta lan egin behar dugu egoera aldatzeko. Asko ari dira horretan.

Bilboaldeko sektore grafikoak zenbat sufritu du?
Bizkaian 65 enpresa zeuden CEBEKen bazkidetuta eta, egun, erdia daude. Asko sufritu dugu enpresek zerbitzuarekin eta salneurriarekin soilik joka dezaketelako merkatua lortzeko. Gehienok inprimatzen dugu ondo, gehienok makina antzekoak ditugu, saiatzen gara merkatu berdina lortzen. Aurrerantzean? Batek daki zer datorren. Kanpoan egindako txosten batek dio papera ez dela amaituko eta gazteek papera kontsumitzen jarraituko dutela.

Zein bezero klase duzue?
Oso anitza, era guztietako bezeroak dira, txikiak eta handiak, batzuk eskatzen digute sobreak eta gutunak inprimatzeko, beste batzuk liburuak inprimatzeko, bisita txartelak, kartelak… edozer gauza. Zenbat eta bezero mota zabalagoa izan orduan eta egonkorragoa enpresa.

Liburuen ekoizpena bizi da?
Duela hiru urtetik liburugintzan botaldi txikiak inprimatzen dira, eta beti eskatu ahala. Inpresio digitala egiten da eta bost minututan inprimatuta dago liburua, bikain. Hori asko aldatu da.

Papera ez ezik bestelako euskarriak ere inprimatzen dituzue.
PVC, kartoiluma, lona, biniloa, opari gisa balio duten objektuak, etab. Edozein euskarritan logoak inrimatzen ditugu: USBak, boligrafoak, aterkinak, agendak, labanak...

Zein da daukazuen makina bereziena?
Speedmaster, 50x70 tamainakoa, Heidelberg etxekoa, alemaniarra. Joan den azaroa eta abendua geratu gabe eman ditu.