Hiri Antolamendurako Plan Nagusiaren aldaketaren aldeko irizpena eman ondoren, orain hasierako, behin-behineko eta behin betiko onarpenak lortu beharko ditu. Horren bidez, lur-eremu hartako hirigintza-arloko garapena amaituko da. Lurzoru hori estrategikotzat jo dute Bilboren hirigintza-arloan.
Zorrotzako Muturraren berroneratzeko prozesuan gutxiago falta da etorkizunean jarduera ekonomikoak eta etxebizitzen garapena -2.100 etxebizitza eraikita- nola uztartuko dituzten behin betiko zehazteko.
Izan ere, ezinbestekoa da Zorrotzako Muturrean etxebizitzetarako erabilera (%60-65) eta jarduera ekonomikoetara bideratutakoa (%35-40) uztartzea, 150 milioi euro inguruko kostua duen eragiketaren bideragarritasun ekonomikoa ziurtatu ahal izateko.
Ingurune hori lurzoru estrategikotzat jotzen da Bilboko hirigintza-esparruan, jarduera ekonomikoa garatzeko eta enplegua sortzeko aukera handiak eskaintzen ditu eta. Hain zuzen, HAPNk Zorrotzako Muturra geroago zehaztu beharreko Antolamendu Egotziko Esparruetako bat izan zen. Gauzak horrela, 2012ko martxoaren 21ean Bilboko Udalaren Gobernu Batzordeak HAPNa aldatzeko lanei hasiera emateko ebazpena eman zuen.
Aurrerapen-fasean herritarrek parte hartzeko prozesua burutu eta behin betiko aldaketa-proposamena gidatu behar zuen aukera hautatu ondoren, Zorrotzako Muturraren behin betiko tramitazioak beste urrats bat eman du gaur, Bilboko Udal Plangintzarako Aholku Batzordearen aurrean Hiri Antolamendurako Plan Nagusia (HAPN) aldatzeko proiektuaren agiri teknikoa aurkeztutakoan. Agiri horretan eduki teknikoen xehetasunak eman eta osatzeaz gain, erabilerak eta kudeaketa-moduak arautu dira.
Hala, aldaketa horrek Udal Osoko Bilkuraren hasierako, behin-behineko eta behin betiko onarpenak nahiz Lurraldearen Antolamendurako Batzordearen behin betiko onarpena jaso behar ditu.