Frankistei eskainitako kaleak kale-izendegitik kentzeko prozesua martxan da

Borja Sarrionandia-Ibarra 2015ko api. 14a, 09:46

Placido Kareaga, Eliseo Migoia, Pedro Astigarraga eta Gregorio Balparda izenak desagertuko dira, behingoz.

Gezurra dirudien arren, Franco gerra kriminal espainiarra hil eta 40 urte pasatu behar izan dira frankistei eskainitako kaleak Deustuko kale-izendegitik desagertzeko prozesua martxan jartzeko.

Ekimena EH Bilduk Bilboko Udalbatzak erakutsitako kemenari esker onartu da. Izan ere, otsailaren 26an izandako Udalbatzan EH Bilduk proposatutako frankismoa goraipatzen duten kaleak kale-izendegitik kentzeko mozioak EAJ eta PSOEren babesa jaso zuen.

Bilboko alkateak frankismoan Deustun jarritako 31 kale izenak (hiri osoan 123 kale orotara) aztertzeko txostena enkargatu dio EHU irakasle talde bati. Aipatutako kale horien artean Euskal Autonomia Erkidegoko Ikur Frankistak Kentzeko Batzordearen Gomendio Irizpena-rekin bat egiten dutenak kenduko dituzte eta, horien ordez, izen berriak jarriko dira, emakumezkoenak lehenetsiz.

Eusko Jaurlaritzak 2012ko urrian argitaratu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Ikur Frankistak Kentzeko Batzordearen Gomendio Irizpena. Azterlan honek udalerrietan frankismoa goratzen duten ikurrek hortxe jarraitzen dutela egiaztatu eta erakunde publikoei gomendio sistematizatuak egiten dizkie, herri zein hirietan ageri den diktadura frankistaren garaiko sinbologia kentzeko.

Aipatutako Irizpenak bost atal ditu: kale izendegiak, sinbolo bereziak, etxebizitza-plakak, frankismoko kargu publikoen koadroak eta ohorezko herritarren edo kutunen izendapenak. Kale-izendegiari dagokionez Deustun egun indarrean dauden Frankismoan jarritako 31 izenen artean lau, gutxienez, sartzen dira irizpenak kentzeko aholkatzen duenen artean: Placido Kareaga eta Eliseo Migoia (Deustuko Doneperiagan) eta Pedro Astigarraga eta Gregorio Balparda (San Ignazio-Tellaetxen). Kareaga, Astigarraga eta Balparda Eusko Jaurlaritzak argitaratutako Gerra Zibila eta diktadura goraipatzen duten Euskadiko ikur eta monumentu publiko-en katalogoan agertzen dira.

Irizpenak frankismoan kargu publikoak zituzten politikariak edo eragin handiko enpresariak aipatzen ditu. Administrazio frankistaren barruan, hainbat kargu nabarmen izan zuten tokiko pertsonen lana aitortu zuten udalek diktaduraren ia lau hamarkadetan. Aitorpena agertzeko, askotan, horien izena jarri zieten udalerrietan egindako kale berriei. Hori izan zen, hain zuen, Placido Kareaga, Eliseo Migoia eta Pedro Astigarraga kaleekin gertatu zena.

Placido Kareaga Hormatza Bilbon jaiotako Renovación Española eskuin muturreko alderdi alfontsotar monarkikotik zetorren abokatua. Bilboko Udal frankistako kudeatzaile izan zen (1948-1949), baita entitateen tertzioko lehen sindiku (1949-1952) eta Bilboko Udaleko hirugarren alkateorde (1952-1955) ere. Ostera, Bizkaiko Aldundi frankistako burua izendatu zuten, 1964-1967 bitarte horretan.

Eliseo Migoia Torre, monarkikoa. Primo de Rivera diktaduraren garaian Bilboko Aurrezki Kutxako presidentea izendatua. Diktadura horretako Batzar Nazionaleko kidea. Frankoren tropak Bilbon sartu eta berehala, lehenengo Udalbatza frankistak berretsi zuen izendapena. 1939 eta 1941 tarte horretan Jose Larraz Ogasuna ministro frankistaren Zorra eta Klase Pasiboak-en zuzendari orokorra izan zen.

Pedro Astigarraga Amezaga, medikua. 1938an Jose Maria Gonzalez Kareaga alkate frankistak Bizkaiko Osasunaren Mankomunitateko ordezkari izendatu zuen.

Frankismoak fagozitatutako pertsonak dira Eusko Jaurlaritzako Batzordearen gomendioaren irizpinaren beste atal bat. Bertan kokatzen dira altxamendu faxistan parte hartu zuten pertsona ospetsuak martiri bihurtzeaz gain, bere kultura politikokoak izan ziren eta Gerra Zibilean indarkeriaren eraginez zendutako beste pertsona ezagun batzuk. Kategoria honen barruan sartzen da Gregorio Balparda.

Gregorio Balparda abokatua eta, 1906 eta 1907 artean, Bilboko alkatea. Politikari monarkiko liberala. Altxamendu militarraren ostean kartzelara sartu zuten, Errepublikari traizioa egin izana leporatuta. 1936ko abuztuaren 31n, beste lau presorekin batera hil zuten Balparda kartzela moduan erabilitako Cabo Quilates itsasontzian. 1938ko otsailean, udal frankistak udalbatzan hartutako erabakiaren ondorioz, Bilboko Autonomia kalea Gregorio Balparda izatera igaro zen. Frankismoak bereganatu egin zuen Balparda politikari liberal eta katolikoaren (baina antiklerikala) irudia, “gorriek era basatian hil zutelako”. Erregimen frankista berriak sinbolotzat erabili zuen Balparda. 1983an kalea tokiz aldatu zuten eta San Ignazio-Tellaetxen kokatu zuten.