Esnatu, hausnartu eta kontzientziatzeko gazte-liburuxka

uriola.eus 2015ko api. 28a, 09:05

Deustuko Ernai taldeak osatu duen liburuxkaren xedea gazteen egoeraren inguruko hausnarketa egitea da, “gure bizitzan sistema kapitalista patriarkalak duen eragina aztertu eta honetatik ihes egiteko asmoz”.

Sozioekonomiaren inguruko formakuntzarako liburuxkak 30 orri dauzka, eta “lan asko atzean”. Deustuko Ernai taldeko bost lagunek sozioekonomia lantzeko “oinarri ona” izan daitekeela uste dute. Hortaz, gaiak hautatu, informazioa jaso eta iritzi artikuluak idatzi dituzte. Liburuxka maketatzerako orduan Zirikatzen! kolektibokak lagundu die.

Abiapuntua hausnarketa da eta helburua kontzientziazioa. Bizi dugun egoera “ez dela kasuala” eta “ez dela zertan horrela izan behar” azaltzen dute bost gazteek. “Beti ez baita horrela izan, eta sistema honen kontra egiteko kontzientziazioa sortu nahi dugu egite horrek oinarria izan dezan, zergatiak ezagutzeko”.

Lana, etxebizitza, hezkuntza eta aisialdia aztertu ditu bost laguneko taldeak, “hauek baitira sistemaren ardatz garrantzitsuenetako batzuk, eta aldi berean gure bizitzakoak ere”. Gai hauek “ikuspuntu kritiko batetik” aztertzea izan da Deustuko Ernai taldearen helburua, “posible den heinean alternatibak bilatzeko eta egoera irauli eta sozialismoa eta feminismoaren bidean lan egiteko”.

Langabezia, lan prekarioa, kontratu gabeko lana, emakumeen lan bikoitza, etekinen helmugak... bezalako gaiak jorratu, eta “egoera larri hau nondik datorren ulertzeko giltzarriak ematen ditugu”.

Lan eredu alternatiboak ere aipatzen ditu Gazte esnatu, Kapitalismoa akatu! izeneko liburuxkak, kooperatibismoa esaterako, baina horren baitan “Mondragon Cooperativa bezalako kooperatibismo faltsuarekin desberdintzea egin dugu”, dio lantaldeko kide batek. Estatu sozialista batean, “teorikoki” lan banaketa nolako izango litzatekeen ere azaldu nahi izan dute, bestelako ereduen erreferentziak izateko.
Etxebizitza arloan, “hemen dagoen ereduaren aurrean” beste eredu batzuk aurkeztu dituzte: “Marinaleda eta okupazioa bera”. Gauza bera egin dute aisialdi arloan, kontsumoari lotutako aisialdia eta ustezko aisialdi askearen aurrean, beste aukera batzuen berri eman dute, “eredu alternatiboak sustatzea posible delako”.

Hezkuntza arloan, sustatzen den hezkuntzaren oinarriei erreparatu diete, zerk eragiten duen eta zeri egiten dion mesede”, eta sistemaren hutsak adierazi dituzte, “kritikotasun falta eta lehiakortasuna”, adibidez.

Irakurtzeko erraza
Hasieran zaila egin zitzaien liburuxka osatzea, “ohitura faltagatik”, batik bat. “Taldeko gehienok gai hauen inguruan artikulu gutxi  idatzi ditugu”. Martxan jartzea, ideiak antolatzea eta idazten hastea “kosta zitzaigun”, diote. Urrats horiek gaindituta, lehen paragrafoa idatzi ostean, “erritmoa hartu genuen”.

Irakurtzen “erraza” den liburuxka egiten saiatu dira. “Nahiko irakurgarria da, lo ez geratzekoa”, ez baita oso teknikoa egileen arabera. Gazteei zuzenduta dago eta gazte ikuspegitik eginda dago, nahiz edozeinentzat interesgarria izan daitekeen “arazo berdinak ez pairatu arren sistema globala delako eta jende guztiari eragiten diolako eskala berean ez bada ere”.

issuu.com/ernaideustua
issuu.com/ernaideustua/docs/gazte_esnatu



Deustuko Ernai taldearen sozioekonomia lan idoa lotuta dago maiatzaren 1eko testuinguruarekin. Horregatik, etxebizitzarekin lotutako hitzaldia ere antolatu du taldeak “langileriaren nazioarteko egunari edukia emateko”. Apirilaren 29an izango da Deustuko Gazte Lokalean. Bertan, Elkartzen eta Errekaleor Bizirik! elkarteetako kideek parte hartuko dute.