Urtzi eta Telle bezala, "inplikatzen diren pertsonak babesteko" dei egin du EH Bilduk

uriola.eus 2015ko api. 30a, 12:51

Urtzi Martinez eta Jon Telletxea Deustuko grebalari presoen "berehalako" askatasuna eskatu dute gaur Done Petri plazan elkartu diren lagunek bi gazteen atxiloketatik sei hile pasa direnean. EH Bilduko Aitziber Ibaibarriagak adierazi du arduradun instituzionalek "gizarte eta lan-eskubideen defentsan inplikatzen diren pertsonak babestu behar dituztela".

2012ko Greba Orokorrean gertatutako istiluetan parte hartzea egotzita 18 hileko kartzela zigorra jaso zuten Urtzi Martinez eta Jon Telletxea Deustuko gazteei elkartasuna agertu diete 20 bat lagunek Done Petri plazako kioskoan, duela sei hilabete pasatxo atxilotu zituzten lekuan. "Lotsagarria da" maiatzeko hauteskundeetan Bilboko Udalerako EH Bilduko zerrendaburu den Aitziber Ibaibarriagaren esanetan "langileen eskubideak defendatzeagatik" Justiziak ezarri zien "kondena". Egun, Zaballako kartzelan daude Urtzi eta Telle FIES erregimenpean. "Arriskutsutzat" jotzen dituztela gaitzetsi du Ibaibarriagak.

Urtzi eta Telleri elkartasuna "berresteko" keinu gisa, maiatzeko udal hauteskundeetako EH Bilduren zerrendetan parte hartzeko proposamena egin dio koalizioak Libe Irisarriri, Jonen amari. Bilboko Udalerako zerrendetan 27. postuan aurkeztuko da Libe Irisarri.

Inplikazioa

Gizartearen inplikazioa ez ezik politikarien eta erakundeen inplikazioa eskatu du Ibaibarriagak gaurko agerraldian: "Ardura instituzionala dugunok inplikatu behar dugu, eta babes osoa adierazi behar diegu inplikatzen diren herritarrei". Gizarte eta lan-eskubideak berreskuratzeko erantzukizuna "denona" dela gogorarazi du Ibaibarriagak. EAJk gidatu duen Bilboko udal gobernuari zuzendutako mezua izan da azken hau. "Ardura zuzena edo zeharkakoa izan duen lan-aferetan" inplikazio falta leporatu dio EAJri EH Bilduk, eta adibide moduan jarri ditu lorazainen eta ikastetxeetako mantenimenduko langileen gatazkak.