Patio estalia eta gimnasioa eskatzeko mobilizazioak hasi dituzte Intxixu Ikastolako gurasoek

uriola.eus 2015ko mai. 12a, 09:40

Argazkia: @goikodeustu

Sei egunetan -gaur hasita- elkarretaratzeak eta bide mozketak egingo ditu Intxixu Ikastolako Guraso Elkarteak. "Nahikoa da", dio, "patio estalia eta gimnasioa behar ditugu orain". Udaleko ordezkariekin batzartu dira gaur gurasoak.

Bi ikastetxe dira eraikin bera partekatzen. Intxixu Ikastola bata, San Inazioko Institutua bestea. Urtero gero eta ikasle gehiago dituzten zentroak izaki, "ez dago patio estalia ezta gimnasioa ere, arauen araberako". Euria denean, ikasleek ikastetxe barruan geratu behar dute, eta horrek "zarata, egoneza eta estres izugarria" sortzen die, gurasoen esanetan.

Egitura egoki faltagatik, eskola orduz kanpoko ekintza "asko" bertan behera gelditzen dira edo beste ikastetxetan egin behar izaten dituzte.

Gurasoek salatu dutenez, Hezkuntza Sailak "agindutako ez du bete", eta Bilboko Udalak "bere ardura ez dela dio". Bilbon bertan beste ikastetxe batean zegoen arazo berbera konpontzeko hiru milioi euroko aurrekontua adostu dutela eta, "gure ikastetxean zergatik ez" galdera plazaratu dute Intxixuko gurasoek.

Udaleko ordezkariekin bilera

Mobilizazioak iragarritako egun berean jaso zuten gurasoek Udaleko deia. "Eskatu digute bilera bat egitea; bileran gure arazoaren inguruan irtenbide bat proposatu nahi digute. Beraz, gaur, asteartea, goizeko 9:00etan gure ikastetxera etorriko dira", azaldu dute Intxixuko gurasoek batzarra baino lehen. Arratsaldean, ikastolan asanbladan elkartzekoak dira gurasoak deitutako mobilizazioekin zer egin erabakitzeko.

Azken orduko aldaketarik ezean, 'Nahikoa da! Patio estalia eta gimnasioa behar ditugu orain!' lelopean ikastola aurrean elkarretaratzea egingo dute bihar, hilak 12, 9:00etan, eta bide mozketak egingo dituzte -hauek ere ikastola aurrean- maiatzaren 13, 15, 18, 20 eta 22an 16:45 eta 17:00 bitartean.

 

[2014/05/21] Gimnasioa eta aterpea eskatu dituzte Intxixuk eta San Inazio institutuak