"Barne higadurak" eta "barne hausnarketak" eraman zituen iaz ESAITeko taldekideak bi aukeren artean erabakitzera: ESAIT mantentzea edo herri ekimen zabalagoa bultzatzen saiatzea. Bigarren aukera horren alde egin zuten. Hortaz, 1995ean sortu zen taldeak 2015ean amaitutzat eman du bere bidea, ofizialtasunaren aldeko eskaeran "jauzia" egon dela nabarmenduz.
Hasieratik argi izan du ESAITek "ohiko formatua" aldatu beharra zegoela. "Gizarteko aldaketekin bat, haize berria barneratu behar zuela" ekimen berriak, "guztiz horizontala izan behar zuela, asanbladan oinarritua". "Zerotik hastea" garrantzitsutzat jotzen du Askasibarrek, "iraganeko motxilak kenduta". Horrela soilik izango du "zabaltzeko aukera gehiago" mugimendu berriak.
Joan den abenduaren 5ean Durangon aurkeztu zen 'Jauzia Ofizialtasunera' kirol selekzio ofizialen aldeko ekimen berria. Askasibarren arabera, kirol esparrutik Jauziak jaso duen babesa "kristorena" izan da, ekimen "positiboa" bilakatu da, eta "kualitatiboki ilusio pizgarria".
ESAITen lorpenak
"Helburu estrategikoak ez ditu lortu" ESAITek, baina, bai, "hainbat lorpen garrantzitsu". Esaterako, ikuspegi folkloriko eta ludikotik haratago, "ofizialtasunaren aldarrikapenarekin eta erakunde nazionalen beharrizanarekin bat egin du gizartearen gehiengoak". Protestak, presioak eta talkak izan dira azken 10 urtetan federazio, alderdi politiko eta komunikabideen aldetik. Oztopo horiek bideratuta, egun "kirol ugaritan hainbat federazio lehian ari dira Euskal Herria moduan".
Jauzia ematea lortu du ESAITek, eta "panorama aldatzea". Besteak beste, kirol esparruko protagonisten "enpoderamendua" gertatu da azken hamarkadan, "auzi honetan zeresana badutela erakutsi dute kirolariek", eta ofizialtasunaren gaia "birkokatu" da, "dagokion dimentsio politikoan". Dinamika guzti horretan parte hartu du ESAITek, eta Egoitz Askasibarrek dioenez "harrotzekoa da".
Aurrera begira zer?
Ofizialtasunaren aldeko adierazpen guztiak "norabide berean jartzea" da gakoa, "mugimendua sendotzeko". Horretarako gogoeta eta hausnarketarako "gune bat" sortu behar da. Askasibarren esanetan "ahalik eta koordinatuen lan egiteko gune ireki bat, aktiboetatik eraikitzeko behetik gora, sarea koipetzeko eta bultzatzeko". Denbora kontua da, eta "denborak esango du gogo eta masa kritiko nahikoa dagoen ofizialtasunean aurrera egiteko"