Bizkaiko Ohorezko Mailako azken-aurreko jardunaldian lortutako garaipenak eman dio Hirugarren Mailara igotzeko aukera, eta beraz, taldeari ez dio eragingo azken partidako emaitzak, Getxori ateratako lau puntuengatik. Getxoztarrek Abantori 1-4 irabazi arren, bigarren postuarekin konformatu beharko dute.
Deustu Kirol Elkartea 1913an sortu zen; Deustu Bilboko auzo bihurtu baino 12 urte lehenago; antzinako Club Union Fortuna-Deusto FBC desagertu zen urte berean. 1920ko hamarkadan Bizkaiko talderik indartsuenetarikoa izan zen Athletic Club eta Getxoko Arenas taldeekin batera. 1950eko hamarkadan, Deustuko Unibertsitatearekin ituna sinatu ondoren, Deusto-Universidad izena hartu zuen eta Hirugarren Mailan jokatu zuen. Bertan eman zituen 10 denboraldi, 1956 eta 1963 artean, 1964-65 denboraldia eta 1966tik 1968ra. Azken aldiz, 1979tik 1985era aritu zen hirugarren mailan; eta 1979 eta 1982 artean, Espainiako Futbol Errege Kopa jokatu zuten.