Piugaz Bilbao, eskaladarako espazio berria

Ane Rotaetxe 2015ko uzt. 1a, 11:02

Argazkiak: Piugaz Bilbao

Apirilean zabaldu zuten 2.000 metro karratuko eskaladarako espazio berria Deustuko Erriberan (Olagorta kalea 25). Ekimen pribatu bezala martxan jarri badute ere, arduradunen asmoa da Udalarekin, alde batetik, eta eskoletako guraso elkarteekin bestetik, akordioetara heltzea orain arteko prezioak merketze aldera.

Rokodromoan bertan geratu gara Irati Hernaiz (Erromo), Pietro Vangi (Florentzia) eta Gianni Fagglanarekin (Turin). Eurak dira abentura honen atzean daudenak. Sartu orduko espazioaren dimentsioak harritu gaitu. 2.000 metro karratuko gela handia da, eta sabaiak bost metroko altuera du. Iratirekin eta Giannirekin dugu hitzordua, hiru bazkideetako birekin. Hirugarrena, Pietro, Florentzian dago, bertan daukaten antzeko rokodromoaren gestioa eramaten. Kafe bat eskuetan dugula Iratik azalpen guztiak euskaraz eman dizkigu: “Apririlaren 18an izan genuen inaugurazio festa eta 150 pertsonatik gora bildu genituen hemen. Hurrengo aste osoan, apirileko azkenengoan, musu-truk eskaini genuen espazioa, eta arrakasta handia izan genuen. Beste kontu bat da kobratzen hasi garenean”, dio barrezka. “Hala ere, jakin badakigu ez dugula momentu onenean ireki, udaberria eta udazkena bitartean eskalatzaileek nahiago dutelako arrokan eskalatu, mendian alegia”.

Hirukote hau ez da inondik inora hasiberria eskaladan ezta negozio zereginetan ere. Irati Hernaiz Erasmus beka batekin joan zen duela 10 urte inguru Italiara eta han ezagutu zituen bere bi bidailagunak. Arte Ederretan lizentziatu ostean eta eskaladarako zuten afizioari helduta, lehen rokodromo bat martxan jarri zuten 2004an Florentziako udalak lagatako espazio publiko batean. Hiru urterako kontzesioa zen eta hura bukatzean beste toki batera trasladatu ziren, alokairuan.



2012an Iratiren alaba jaio zen eta herrimina piztu zitzaion amatasunarekin batera. “Euskal Herrian eskaladaren kultura oso hedatua dago, eskalatzaile handiak izan dira eta dira gurean, eta 2013an Bilbora etorri ginen toki baten bila gure ordura arteko enpresa, Piugaz izena duena, handitzeko, eta hemen irekitzeko asmoz. Euskal Herrian dugun klima euritsu eta hezearekin zergaitik ez eskaini eskaladarako toki itxi bat”, diosku Iratik.

Beraien erronka, Florentzian zuten enpresa mantentzea, eta hemen antzeko zer edo zer zabaltzea da. Horretarako esfortzu handia egin behar izan dute hiru bazkideek.

2014an Deustuko Erriberako pabilioi hau topatu zuten. Hutsik zegoen, “azken 10 urtetan aktibitaterik ez da izan hemen”. Aurretik sukalde eta komunetako altzairuen biltegi funtzioa bete du tokiak. Jabeekin harremanetan jarri ostean, alokairua adostu zuten bertan rokodromoaren proiektua martxan jartzeko. Hala ere zalantzak izan zituzten udaleko Hirigintza Sailarekin harremanetan jarri zirenean. “Udalarekin lehenenego kontaktua izan genuenean ez ginen oso pozik irten bileratik. Udal ordezkariek ez gintuzten gehiegi animatu gurea bezalako aktibitate bat Deustuko Erriberan martxan jartzera. Hirigintza plana dela eta, errepide handi bat izango da toki honetan hemendik urte batzutara, baina auskalo noiz izango den hori, 10 urte barru agian. Guri asko gustatu zitzaigun tokia eta aurrera egitea erabaki genuen. Deustuko Erribera hirigunetik gertu dago, baina aldi berean pixkat isolatua ere badago, ez diogu inori traba egiten hemen, aparkatzeko erosoa da eta mugimendu handia dago ZWAP, Open Your Ganbara, Gure Txoko Skate Eskola... bertan daudelako. Laguntza eta babes handia jaso dugu haiengandik”.

Obrek lau hilabete inguru iraun zuten. “Egun osoa eman genuen urtarrila eta apirila bitartean egokitze lanekin. Batzutan gauez ere bai. Ingeniari baten laguntza izan dugu, baina lanik gogorrena guk geuk egin dugu gertukoen eta familiaren laguntzarekin. Oso pozik gaude emaitzarekin. Oraindik guztiz bukatuta ez badugu ere, umeentzako espazio berezi bat izango da hemendik gutxira; oso txukun utzi dugu eta punta puntako paretak ditugu”. Gaur egun estatuan dagoen eskalatzeko tokirik handienetarikoa da Erriberako hau, Bartzelonan eta Iruñean dauden beste birekin batera.

Hiru bazkideak formazio handiko gazteak dira. “Hirurak gara eskaladan adituak. Pietrok eta nik hainbat ikastaro egin ditugu Italian. Ni 19 urtekin hasi nintzen eta Florentzian umeekin lan handia egin dut. Gianni esperientzia gehien duena da, bera entrenatzaile profesionala da, bai gazteekin, bai helduekin aritzen da. Gure erronka hurrengo ikasturtetik aurrera eskolekin harremanetan jartzea da, beste kirol batzuk eskaintzen diren moduan eskalada eskaintzeko, bai eskolaz kanpo bai eskola orduetan ere”. Bilbao Kirolak erakundearekin ere akordioetara heltzea dugu helburu, prezioak merketze aldera, diru-laguntzak lortuz gero, eskaintzen dugun zerbitzua merketu ahal izango genuke, eta hori da buruan duguna, edozein poltsikotarako aktibitatea izatea. Horretarako Bilbao Ekintzan proiektua aurkeztu berri dugu, eta ea hemendik gutxira fruituak jasotzerik daukogun”.



Hainbat aukera dauka eskalatzera bertaratu nahi duenak: orduka joan, egun osoko bonoa erosi, hamar egunetarako bonoa… eta asteazkenetan 20:00-22:00 bitartean helduentzat eskalada hastapenetako ikastaroa martxan dute. Horretaz gain umeei begira urtebetetzeak bertan ospatzeko aukera ere badago, espazioa aloka daiteke eta monitoreen zerbitzua kontratatu. Jolasaren bitartez eskaladara hurbiltzea da helburua. Euskeraz irakasteko ere prestatuak daude.

Ordutegia
Astelelehena eta osteguna: 16:00-22:00
Asteartea, asteazkena eta ostirala: 13:00- 22:00
Asteburuetan azarora arte itxita. Azarotik aurrera asteburutan zabaltzeko asmoa dute.
 
Harremanetarako
677775953 (Irati)
www.facebook.com/pages/Piugaz-Bilbao