‘Herriko taberna’ libre eta zabalik

prestaldizkaria 2015ko abu. 4a, 10:43

"Amorru eta kezka" handiz jaso zuten Goikoalde elkarteko kideek Auzitegi Gorenaren ebazpena. Deustuko 'Herriko taberna' itxi eta konfiskatzeko agindua "kristoren lapurreta" da Jose Morales elkartekide beteranoaren esanetan. "Herrikoak jende askoren ekarpenari esker aurrera atera dira", azpimarratzen du.

Gainera, 'Herrikoak' ez dira tabernak "soilik". Ezker abertzalearen topagune ez ezik "herri eragile askorentzat elkargune dira". Deustukoan, esaterako, dinamika asko sortu eta babestu dira. Horregatik "larria" iruditzen zaio Moralesi, "alde batetik, lapurreta egitea eta, bestetik, ezker eta herri mugimenduen lana oztopatzea".

Gorenaren zigor neurriari deustuarrek emaniko erantzuna "oso ona" izan da Goikoalde elkarteak adierazi duenez. "Bikaina", kontutan hartuta, uda garaian auzotar asko kanpoan daudela. "Manifestazio egin genuen, oso jendetsua, eta ostean Herriko taberna San Pedro plazara jaitsi genuen zer den irudikatu eta auzotarrek  zer den ikusteko". Uztailaren 2ko arratsaldean izan zen. Done Petrin barra bat jarri zuten eta haren atzean urtetan Herrikoko langile izan direnak kokatu ziren. Barraren beste aldean, mahi eta aulkietan, Elorri bertso-eskolako kideek bertso-afari bat irudikatu zuten, presoen senideek bazkari bat, lagun talde batek mus partida bat, Deustuko jai batzordeak bilera bat, Txantxiku astialdi taldeak umeen txokoa, PREST! aldizkariak eguneroko lana, Mikeldi eta Bihotz Alaiko taldekideek dantza saio bat, Naroa Gaintzak kontzertua txiki bat…  Talde eta norbanako ugarik parte hartu zuten Herrikoaren jira-biran egiten den lanaren erakusle. "Herrikoa garrantzitsua dela, kezka badela eta jende asko babesteko prest dagoela" argi geratu zen Jose Moralesen hitzetan. Ondoren, familia argazki "ederra" atera zuten denek elkarrekin. Bideoan jasota dago ekimena.

Edozer gerta daiteke

Deustuko Herrikoko lokalaren jabe Goikoalde elkartearekin zerikusirik ez duen emakume bat da. Jabe horri lokala alokatuta dio pertsona batek taberna lizentziarekin. Zer gerta daiteke etorkizunean itxiera agindua gauzatzen denean? "Edozer gerta daiteke" Moralesen ustez, "edozertarako gai dira". Zehatz, inork ez dakien arren oraindik orain. Jabeari ezin diote lokala kendu. "Askoz jota" taberna lizentzia kendu ahal diote alokairuan negozioa ustiatzen duenari. Eta bada Herrikoa prezintatzeko "arriskua" ere. Kasu horretan, jabeak erreklamatzeko eskubidea izango luke helegita jarrita.

Edozelan, zigorarren gauzatzeak "luzerako joko du". Moralesek aurreratu duenaren arabera, Gorenaren ebazpenak "akats piloa ditu eta betearaztea oso konplexua da Herrikoen artean kasuistika zabala delako". Defentsako abokatuen arabera, uda tartean egonik, irailera arte ez da berririk espero.