ARC1 mailan debuta egin zenuten ekainaren 20ean Zarautzen eta laugarren edo bostgarren postuen inguruan bukatu dituzue jokatutako estropadak. Goiko postuetara begira zaudete?
Aitor: Presidentea naizen aldetik, oso gustora gaude, betiere hankak lurrean ditugula. Arraunlariak besterik esango dute baina gu behintzat pozik.
Edorta: Zer edo zer izaten duzunean hobetu nahi izaten duzu baina Aitorrek dioen moduan, hankak lurrean izan behar dira eta gainera igo berriak gara. Hori bai, beti nahi izango dugu lehengo postuetan egon.
Aitor: Aukera badago, ez dugu ezetz esango! (Barreak)
ARC1 eta ARC2 mailen arteko aldea nabaria da lehian?
Urdax: Nik ARC2-an ez dut inoiz arraun egin baina suposatzen dut badagoela ezberdintasuna, bereziki talde bakoitzaren arteko aldean. Iaz adibidez, estropada txarra egin eta bigarren postuan amaitzen zenuen, eta aurten berriz, estropada batean huts egiten baduzu postu asko galtzen duzu eta ia borrokatik alde batera gelditzen zara.
Aitor: ARC2an talde berriak lehiatzen dira eta bertan dauden arraunlari asko kirolean hasi berriak dira. ARC1en beste maila bat dago: talde erdiek ACTeko aurrekontua daukate eta maila horretara igo nahi dute. Getaria, Zumaia, edo Isuntzak presio hori dute. Adibidez, Donostiarrak taldeak sei-zazpi arraunlari ditu ACT ligan aritu direnak eta geure atzetik daude.
Edorta: Talde ezberdinak dira eta berez, kirolari taldeak askozaz indartsuagoak dira. Gainera, ohiartzun handiagoa dago, telebistan agertzen zara etabar. Testuinguru ezberdina da. Antolatakuntza aldetik, liga berbera dira ARC1 eta 2, ordea.
Taldea indartu behar izan duzue?
Aitor: Ia ia talde bere da aurtengoa. Bajak izan ditugu eta indartu behetik etorri direnak (Urdax eta Axular) egin dute. Gabantxo izan liteke "fitxaje" bakarra.
Maila aldaketak entrenamenduak bestela prestatzera bultzatu zaituzte?
Edorta: Ez. Beti entrenatu dugu seriotasun maila berarekin. Azken finean, zuk ezartzen duzu talde moduan ze behar dituzun eta zein den zeure helburua. Beti entrenatzen duzu 6 egun eta irabazteko xedez. Aitor: Bai, sarritasun bera da ACT, ARC1 edo ARC2 ligan.
Erreka aldean hazi den taldea zarete, baina itsaso zabalean lehiatzen dena. Aski dira Zierbenako entremamendu-saioak itsaso zabalean dituzuen estropadak prestatzeko?
Urdax: Prestatzeko-edo bai, baina beste talde batzuek itsasoa hurbilago dute, beraz ohituta daude bertan arraun egitera eta uste dut horrek beste "puntu bat gehiago" ematen diela geure aldean.
Zein da bi estropada-eremuen arteko aldea?
Edorta: Bi kirol ezberdinen modukoak dira. Naturak parte hartzen du itsasoan eta errekan korronterik ez badago, ez. Gainera, itsasoan olatuekin jolastu behar duzu, hau da, beste teknika bat eskatzen da; eta hori alde handia da. Adibidez, olatuetan surfean moduan ibiltzen zara eta ondo aprobetxatuz gero, asko irabazten duzu. Errekan indarra baino ez da.
Aitor: Beharbada lehen bai, bazegoen alde hori. Urdaxentzat agian ere bai, itsasoan gutxi ibili baita arraunean. Aitzitik, Edorta bezalako arraunlariak, hau da, aspalditik itsaso zabalean arraunean dabiltzanak; estropada eremu horretara ohitu dira. Dena den, mito bat da. Adibidez, hor duzu Isuntza, itsasoan arraun egitera ohituta dagoen taldea baina oraintxe momentuan ligan gugandik hurbil dagoena. Zergatik gertatzen da? Bada, itsasoan ibili arren, beharbada euren taldeak ez du lehen urtekoek zuten indar bera. Itsasoari ez diogu beldurrik.