'Frank Gerhy zubia', "aukera handietarako" zubia

uriola.eus 2015ko ira. 14a, 12:26

75 metro luze eta 30 metro zabal den zubiak Deustu eta Zorrotzaurre auzoak ez ezik "Bilboren iragana orainarekin eta etorkizunarekin lotuko ditu", Aburto alkateak gaurko inaugurazioan aipatu duenez: "Zorrotzaurreko irlarekin etorkizun zoragarria irekiko zaio Bilbori".

Frank Gerhy arkitektoak ezin izan du bere izena daraman zubiaren irekiera ekitaldian parte hartu bidaia luzeak ez egiteko gomendatu baitio medikuak. Arkitektoak Aburto alkateari bidalitako kartan dio Bilbo hiria "familiatzat" duela. "Pozgarria da jakitea hiriak gauza bera sentitzen duela nigatik".

Alkateak zubian bertan emandako hitzaldian "bihotz-bihotzez" eskertu dio Gerhyri Bilbori "emandakoagatik": "Zubi hau zurea da, zuretzat da, eta zugatik da. Zuk ere Bilboren eraldaketa ordezkatzen duzu. Zubi honekin bilbotarrak zurekin beti oroitu daitezela nahi dugu".

"Bitxia" da zubia Aburtoren aburuz, kristalezko barandagatik, argiztapen bereziagatik eta zubiaren luzera osoa hartzen duen egurrezko bankoagatik. "Ez da apeta bat", zehaztu du. Bai Deustuko kanalaren irekiera bai zubia "beharrezkoak dira" uraren maila "zentimetro batzuk" jaisteko eta "inork oroitu nahi ez dituen lehenaldiko egoerak" ez errepikatzeko.

Gaurtik aurrera erabil dezakete oinezkoek. "Hilabete batzuk barru" egingo dute ibilgailuek. 'Zorrotzaurre proiektua' aurrera doa, "presa gabe pauso finkoak emanez". Aburtoren arabera, bilbotarren imaginarioan dagoen zer edo zer izatetik "errealitate txikietan gauzatzera" pasa da.

Zubia eta Zorrotzaurreko uhartea hiriaren "ikono berriak" izango dira. "Zorrotzaurre dugu Bilbon abiarazitako hiri birsorkuntzako azken eragiketa handia, izan dadila azkenaurrekoa. Narriatua dagoen Bilboko espazio zabal hau berreskuratzen ari gara auzo berri bat sortzeko. Etxebizitza irisgarriez hornituta, kutsadurarik gabeko enpresa guneekin, ekipamendu sozial eta kulturalekin eta bilbotar guztiek gozatzeko moduko aisia esparruekin".

 

Aukera handietarako gunea

Orain lursail hutsak direnek aukera asko eskaintzen dute enpresentzat, industriarentzat eta proiektu berrientzat. Etorkizuneko auzoak eskatuko dituen zerbitzu eta azpiegiturak asko baitira. Aukera horiei erantzuteko erakunde publikoak eta "enpresen bultzadak" bat egin behar dute Aburto alkatearen esanetan. "Ez da aldaketa geografikoa soilik, Bilbo zentzu guztietan haziko da. Espazioa irabazi dugu pertsonentzat eta enpresentzat. Uhartea garapen ekonomikorako iturri izango da, eta zalantza gabe, hiriaren lehiakortasuna hobetuko du".

"Inflexio puntua" da gaurko eguna Bilboko Udalarentzat. "Zorrotzaurreko hurrengo higintza fasearen hasiera" baita. "Ahaztu gabe gainerako Bilbo". Zentzu horretan alkateak bi dei egin ditu. Lehena bilbotarrei. "Ekonomia, gizarte eta hirigintzarako aukerak denon artean sortu behar ditugu", esanez egin die parte hartzeko gonbita. Bigarrena, inbertsio egileei: "Jakin dezatela Bilbon oraindik badirela aukera guneak, aukera handietarako guneak".

"Bilboren etorkizuna gaur abiarazten da. Horregatik dei egiten diet enpresei, erakundeei, ekintzaileei, auzokideei denon artean diseina dezagun Zorrotzaurrekin zabaltzen zaigun etorkizun zoragarri hori".

 

3.500 lanpostu zuzen inguru

Zorrotzaurreko eraldaketaren “hasieran” egon arren, “une historikotzat” jo du Angel Toña Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak gaurko eguna. "Mugikortasun bideragarria helburu", sailburuak azpimarratu du zubiko sarrera eta irteeran oinezkoek, txirindulariek eta garraio publikoak izango dutela lehentasuna. Zubia "kale berri bat bezala" pentsatuta baitago. 

Bere hitzaldian, etorkizuneko Zorrotzaurren izaera publikoa azpimarratzea izan du xede. “Lursailen bi herenek izango dute erabilera publikoa. Bertan 150.000 metro karratu baino gehiago espazio libreak izango dira eta 85.000 metro karratu hezkuntza, osasun, kirol eta kultura zerbitzuei eskainiak. Planak 5.800 etxebizitzaren eraikuntza aurreikusten du, horietatik 1.000 baino gehiago babestuak izango dira, ofizialak eta tasatuak”. VISESAK kudeatuko ditu, Eusko Jaurlaritzaren Lurzorurako sozietate operadoreak.

Etorkizuneko Zorrotzaurrek erresidentzia, enpresa, kultura, kirola eta aisia erabilpenak izango ditu, "hiri garapen trinkoa izateko beharrezkoa den erabilera eta dentsitateen nahasketa", eta jarduera ekonomikoa eta enpleguaren suspertzean “efektu biderkatzaileak” izango ditu. Toñak aurreratu duenez, “3.500 lanpostu zuzen inguru sortuko dituela espero dugu”.

 

Langabeen protesta, eraikuntza sektoreko "esklabutzaren" salaketa

Zubiaren inaugurazio ekitaldiarekin bat protesta burutu dute Bizkaiko langabeen hainbat asanbladetako kideek. Hain zuzen ere, Bizkaian 150.000 pertsona lanik gabe daudela gogorazi diete ekitaldian parte hartu duten agintariei, eta lanean ari diren asko ez daudela askoz hobeto. "Zubiak eta futbol zelaiak bezalako obra handietan esklabu egoeran lan egiten da. Ordua lau eurotan kobratuz". Aburto alkateari ere horixe bera esan diote euren aurrean bi hitz egiteko geratu denean.

[2015-09-14] Oinezkoentzat zabalduko dute 'Frank Gerhy zubia'