Zazpi urte eta erdi espetxean egon ondoren, aske geratu da Jabi Salutregi

uriola.eus 2015ko urr. 29a, 10:41

18/98 sumarioaren baitan zigortu zuten Salutregi Egin egunkariko zuzendari izateagatik. 10:30ean utzi dute aske eta Burgoseko espetxe atarian zain izan ditu senide, lagun zein Egin egunkariko administrazio kontseiluko zenbait kide. Orain Earako bidea hartu du; bertan, harrera egingo diote 19:00etan. 

Zazpi urte eta erdi preso eman eta gero azke geratu da Europan espetxeratuta egon den hedabide bateko zuzendari bakarra. Izatez Deustukoa bada ere, amaren herrian, Ean egingo zaio harrera eta jendetza espero da 19:00etatik aurrera herriko plazan.

1998ko uztailaren 15ean Baltasar Garzon epaileak Egin egunkaria eta Egin irratia ixteko agindua eman zuen, ETAk gidatutako erakunde-sare baten parte zirela leporatuta. 2005ean, zazpi urte geroago, abiatu zen Auzitegi Nazionalean 18/98 makrosumarioa, Euskal Herriko hainbat erakunde eta hedabideren aurka bideratutako prozesu judiziala. Horren baitan bildu ziren bost urtetan Baltasar Garzon epaile instruktoreak aurrera eramandako instrukzioak. Makrosumarioaren barruan, Orain SA azpisumarioan, Egin egunkariaren argitaratze enpresa eta haren arduradunak epaitu zituzten.

2009an emandako epaian, 38 lagun zigortu zituen Auzitegi Gorenak; haien artean Orain SA azpisumarioko Xabier Alegria (12 urte eta 9 hilabete), Jose Luis Elkoro (8), Carlos Trenor (10,6), Jabier Salutregi (7,6), Teresa Toda (6), Manuel Intxauspe (7,8), Isidro Murga (8), Patxi Murga (8), Jexux Mari Zalakain (8), Pablo Gorostiaga (7,8), Xabi Otero (1,10), eta Iñaki Zapiain (1,10). Gaur, Salutregi kartzelatik irtetean, Trenor da espetxean jarraitzen duen bakarra. 

 

[2015-10-28] Martin Garitano: "Jabi Salutregik sekulan galdu behar ez zukeen askatasuna berreskuratuko du bihar"