Hitz egitera eta hitzak idaztera ohituta dagoen arren, atzokoan ez zuen hitz askorik egin Jabier Salutregik bere herrikideen aurrean. Izan ere, ezin zuen bere poza eta hunkidura ezkutatu eta horrela azaldu zien zazpi urte eta erdi espetxean eman ondoren ongietorria ematera hurbildu ziren deustuarrei.
Astelehenero euskal preso politikoen etxeratzea eskatzeko Done Petri plazan auzotarrek egin ohi duten elkarretaratzea baliatu zuen Salutregik aspaldian ikusi gabeko lagunak agurtzeko. Deustuarrak ez ezik Bilboko hainbat lagun ere bertaratu ziren Salutregiri omenaldi xumea egitera.
Hitza hartu zuenean, "gogor" eta "txintxo" lanean jarraitzeko beharra azpimarratu zuen Egin egunkariko zuzendari ohiak "espetxeko kideak irten arte", eta ongietorria espetxean jarraitzen dutenei eskaini zien.
Opari gisa, lore-sorta eta txapela jaso zituen Salutregik, baita margotzeko pinturak eta caballete bat ere.
Bukatzeko, Deustuko Herriko Tabernako horman zazpi urte eta erdiz eskegita egon den bere argazkia kendu zuen txalo artean.
Salutregiren azken urteetako bidea
1998ko uztailaren 15ean Baltasar Garzon epaileak Egin egunkaria eta Egin irratia ixteko agindua eman zuen, ETAk gidatutako erakunde-sare baten parte zirela leporatuta. 2005ean, zazpi urte geroago, abiatu zen Auzitegi Nazionalean 18/98 makrosumarioa, Euskal Herriko hainbat erakunde eta hedabideren aurka bideratutako prozesu judiziala. Horren baitan bildu ziren bost urtetan Baltasar Garzon epaile instruktoreak aurrera eramandako instrukzioak. Makrosumarioaren barruan, Orain SA azpisumarioan, Egin egunkariaren argitaratze enpresa eta haren arduradunak epaitu zituzten.
2009an emandako epaian, 38 lagun zigortu zituen Auzitegi Gorenak; haien artean Orain SA azpisumarioko Xabier Alegria (12 urte eta 9 hilabete), Jose Luis Elkoro (8), Carlos Trenor (10,6), Jabier Salutregi (7,6), Teresa Toda (6), Manuel Intxauspe (7,8), Isidro Murga (8), Patxi Murga (8), Jexux Mari Zalakain (8), Pablo Gorostiaga (7,8), Xabi Otero (1,10), eta Iñaki Zapiain (1,10). Trenor da espetxean jarraitzen duen bakarra.
[2015-11-09] Deustuarrek harrera egingo diote Jabier Salutregiri
[2015-10-29] Zazpi urte eta erdi espetxean egon ondoren, aske geratu da Jabi Salutregi