A8 mozteagatik epaiketa izango du Asier Alberdi deustuarrak bihar

uriola.eus 2015ko aza. 30a, 11:39

Berria.eus

Jarrai-Haika-Segi auziko epaia salatzeko 2007an, Zarautz parean A8 errepidea mozteagatik bost gazte epaituko dituzte abenduaren 1ean, asteartea. Fiskalak bi urte eta erdiko espetxealdia eskatu du bakoitzarentzat.

Asier Alberdi, Saioa Zerain, Aritz Azkona, Ainara Ladron eta Naroa Ariznabarreta dira Donostiako auzitegian epaituko dituzten gazteak. 2007an, Espainiako Auzitegi Gorenak Jarrai-Haika-Segi auziaren gainean ematekoa zuen epaiaren aurrean, A8 errepidea moztu zuten gazteek protesta modura. Egun batzutara Gorenak Segi "talde terrorista" izendatu zuen.

Gazteek azaldutakoaren arabera, protestaren asmoa argia izan zen: "Euskal gazteriak militatzeko zuen eta duen eskubidea aldarrikatzea, eta Segi 'terrorista' izendatzeak euskal gazterian eta Euskal Herriko askapen borrokan edukiko zituen ondorio latzak salatzea".

Epaiketa gaitzesteko, elkarretaratzea deitu dute gaur, astelehena, 19:30ean, Done Petri plazan. Euskal Herriko beste hainbat puntutan ere protestak egongo dira.