Atxilotze arriskuan daude A8 autobidea mozteagatik epaiketara aurkeztu ez diren hiru gazteak

uriola.eus 2016ko mar. 2a, 09:35

Espainiak Segi gazte antolakundea “terrorista” izendatu zuela salatzeko, errepidea moztu zuten 2007an. Bederatzi urte beranduago epaitu dituzte, eta hiruk epaiketa desobeditzea erabaki dute. Epaileak ekintzaileak bilatu eta atxilotzeko agindu du.

Donostiako epaitegira deituak zeuden gaurko Asier Alberdi (Bilbo-Deustua), Saioa Zerain (Gasteiz), Aritz Azkona (Arrieta), Naroa Ariznabarreta (Eibar) eta Ainara Ladron (Elgoibar). Azken hiruek desobedientziaren bidea hartu eta epaituak izateari uko egin diote, ez dira epaiketara aurkeztu. Epaileak beraiek bilatu eta atxilotzeko agindua eman du, eta gazteek jakinarazi dute eguneroko bizitza normala egiten jarraituko dutela.

2007ko protesta harekin bi aldarrikapen nagusi egin nahi izan zituzten: batetik, euskal gazteriaren militantzia politikorako eskubidea aldarrikatzea. Bestetik, Segi terroristatzat jotzeak euskal gazterian eta Euskal Herriko askapen borrokan edukiko zituen ondorio "latzak" salatzea.

Desobedientzia

Epaiketa data jarri dieten laugarren aldia da. Lehenik, Espainiako Auzitegi Nazionalera deitu zituzten, eta Donostiako Auzitegira 2013ko urrian. Azken auzi saio hori atzeratu egin zuten prozedura akatsengatik. Orduko hartan, epaiketara ez aurkeztea erabaki zuten Ariznabarreta, Azkona eta Ladronek, eta haiek bilatu eta atxilotzeko agindua eman zuen epaileak. Bizitza publikoa egiten jarraitu zuten, baina, prozedura akatsengatik saioa bertan behera geratu zenez, ez zituzten atzeman. Abenduan ere epaiketa desobeditzeko hautua egin zuten; ez zioten epaiketari eta horren "erabilera politikoari" zilegitasunik ematen, eta desobedientzia "egun auzitegietan dauden epai politiko guztiei erantzuteko tresna" gisa definitu zuten.

Mobilizazioak

- Arbizu. Martxoak 2, asteazkena, 19:00etan elkarretaratzea herriko plazan

- Arrieta. Martxoak 2, asteazkena, 20:00etan kontzentrazioa herriko plazan

- Eibar. Martxoak 2, asteazkena, 19:00etan manifestazioa Untzaga plazan

- Elgoibar. Martxoak 2, asteazkena, 19:30ean elkarretaratzea herriko plazan

- Gasteiz. Martxoak 2, asteazkena, 19:00etan elkarretaratzea Andra Mari Zuriaren plazan.

 

Abenduan Eibarren eraiki zuten Aske Guneko irudiak biltzen ditu jarraian ikusgai dituzuen bideoak.

Iturria: Topatu.eus