Deustuko jaiak, aterpe eta guzti

uriola.eus 2016ko mar. 11a, 09:18

Deustuarrak buru-belarri ari dira gaur 20:00etan hasiko diren jaien prestaketan. Besteak beste, txosnagunearen muntaketan. Zazpi txosna eta eszenatoki bat izango dira, ohi bezala, Botikazarrean. Aurten, berrikuntza gisa, Jai Batzordeak, musika kontzertuak eta gainerako jarduerak karpa batekin babestea erabaki du. Eguraldia kontra izan arren, jaizaleak ez dira bustiko.

Gaur, martxoak 11, ostiralarekin bat, hasiko dira aurtengo Deustuko jaiak, eta egitaraua osatzen hainbat lan egin du jai batzordeak. Iaz umeei zuzendutako egitaraua “erdi motz” geratu zela eta, aurten umeen jarduerak indartzea erabaki du jai batzordeak. Hortaz, Deustuko gaztetxoenek, besteak beste, kontzertua izango dute eurentzat espresuki eta larunbat goizetan tailerrak eta puzgarriak.

Hiru protokolo

Jendetza bildu ohi da Deustuko jaietan eta istiluren bat edo beste ere izaten da. Horiek ekiditea du helburu Jai Batzordeak. Horretarako hiru protokolo ditu abian: erasoen kontrakoa, borroken kontrakoa eta lapurreten kontrakoa. Nahi duen orok informazio ugari izango du eskura Botikazarreko txosnagunean. Informazioarekin batera gomendioa ere luzatu dute batzordekideek: "Ez dugu errespetuzkoa ez den jokaerarik onartuko". Eta eraso, borroka edota lapurretaren bat jasan edo ikusiz gero salatzeko deia egin dute.

Eszenatokia karpapean

Iaz “kristoren euria” egin zuen jaietan, eta ondorioz Deustuko talde eta elkarteek “ez genuen izan diru sarrera handirik”. Horregatik erabaki dute eszenatokia, hau da, kontzertuen gunea babestea. “Inauterietako ereduari jarraituz, karpa paratuko dugu eszenatoki inguruan hurbiltzen diren lagunak ez bustitzeko”.

Kontzertuak

Ohi bezala, bertako eta kanpoko taldeak entzuteko aukera eskainiko du Deustuko eszenatokiak. Martxoaren 11n Zopilotes Txirriaos taldea izango da kontzertuen gunea estreinatzen lehen taldea, eta Joxe Replay bigarrena. Hurrengo egunean, berriz, Akerbeltz erromeria taldea. Martxoaren 18an kontzertu hirukoitza izango da: Lagrimas de Sangre, Madmuasel eta Glamity Sound. Azkenik, martxoaren 19an kontzertuen egitaraua borobiltzeko Las Tea Party DJ´sak dira hautatuak.  

Open azoka

Hileko lehen eta azken igandetan Deustuibarrako Artiach lantegian Open Espazioak antolatu ohi duen bigarren eskuko merkatua jaietara hurbilduko da aurten. Martxoaren 13an eta 20an, Euskalduna Zubi azpiko hockey pistara leku aldatuko da azoka. Jendea jaietara erakartzeko ekintza polita dela uste du jai batzordeak. 

Abesbatzen lehen bilkura

Martxoaren 12an, lehen aldiz egingo dute bat Deustuko koru eta abesbatzek jaietako egitarauaren baitan. Deustoarrak, Euskotarrak, Berbaizuko Kantugintza Taldea eta Izaro korua Deustuko bazter desberdinetan kantuka arituko dira eguerdian hasita, 13:45 aldera, Done Petri plazan elkartzeko. Lau taldeek elkarrekin hainbat abesti interpretatuko dituzte.

Kuadrillak

Gogotsu eta indartsu daude Deustuko kuadrillak. Berriak sortu diren bitartean beste batzuk jubilatzea erabaki dute. Aurten, guztira, 12 kuadrillak eta hainbat konpartsak partekatuko dute, giro onean eta lehia bizian, jai gunea. Horretarako egitarau propioa dute kuadrillek. Besteak beste, olinpiadak, gau berezia eta playbacka. Martxoaren 19an, larunbatean, bazkalostean beharrean gauean egingo dute playback txapelketa, siesta ordua ekidinez.

Eta gehiago

Ohikoak, arrakastatsuak eta parte-hartzaileak diren jardurek ez dute hutsik egingo aurtengo Deustuko jaietako egitarauan: lehiaketa gastronomikoak, Emakumeen Aurreskua, bertso-saioa, estropadak, ibilgailu klasikoen topaketa, Deustuko ibilaldia, Berbodromoa... eta gainera, aurtengoan bai, Euskal Ezkontza antzeztuko dute. 

Deustuko Gazte Lokala

Gazte Lokaleko kideek ere sekulako kartela prestatu dute jaietarako, bi ostiral eta larunbatetan txosnetako kontzertuei alternatiba emateko hainbat kontzertu eskainiko baitituzte. Lehenengo ostiralean, martxoak 11, Kartzarot, Raust! eta Seven Black Roses taldeek heavy metal doinuez beteko dute gaztetxea. Hurrengo egunean, larunbata, Preso bat egunkari bat kanpaina barruan, Bilbomatiks eta Dronki&Lites taldeek ska estiloz jarriko dute jendea dantzan, San Inazioko Itziar Moreno preso politikoa auzora bueltatzea aldarrikatzeko. Hurrengo astean, hilak 18, Bilboko Puro Luego eta Mis Ovarios 33 taldeek eskainiko dute kontzertua. Azkenik, Colapso Kolektiboaren eskutik urtero antolatzen den bertsio gaua izango da. Apuntatzen diren taldeek hiruna kantu eskainiko dituzte.

Egitaraua

facebook.com/deustuko.jaibatzordea

facebook.com/Deustuko-Gazte-Lokala

[2016-02-29] Deustuko jaiek badute pregoilaria

[2016-02-23] Deustuko jaiei azken ikutuak