21 hilabetera jaitsi du fiskalak Asier Alberdi deustuarraren eta beste lau gazteen zigor eskaera

uriola.eus 2016ko mar. 18a, 12:48

@EleakMugimendua

A-8 autobidea mozteagatik bost gazte epaitzen ari dira gaur Donostian, tartean, Asier Alberdi deustuarra. Fiskalak zigor eskaera 21 hilabetera jaitsi du bakoitzarentzat eta orain epaiaren zain geratuko dira; bien bitartean, Ainara Ladron, Aritz Azkona eta Naroa Araiznabarreta aske utziko dituzte.

Asier Alberdi, Saioa Zerain, Aritz Azkona, Ainara Ladron eta Naroa Ariznabarreta dira Donostiako auzitegian epaitzen ari diren gazteak. 2007an, Espainiako Auzitegi Gorenak Jarrai-Haika-Segi auziaren gainean ematekoa zuen epaiaren aurrean, A-8 errepidea moztu zuten gazteek protesta modura. Egun batzutara Gorenak Segi "talde terrorista" izendatu zuen.

Gazteek behin baino gehiagotan azaldutakoaren arabera, protestaren asmoa argia izan zen: "Euskal gazteriak militatzeko zuen eta duen eskubidea aldarrikatzea, eta Segi 'terrorista' izendatzeak euskal gazterian eta Euskal Herriko askapen borrokan edukiko zituen ondorio latzak salatzea".

9 urte geroago epaitu dituzte. Lau aldiz atzeratu da epaiketa, azkenekoz martxoaren hasieran, Ladron, Azkona eta Ariznabarreta ez baitziren epaiketara agertu. Egun gutxira atxilotu zituzten eta gaurko saioa eta gero aske utziko dituzte epaia jakin bitartean.