Izan ere, “buelta asko” eman ditu Deustuko skate parkeak, eta “horregatik gaude zorabiatuta”, dio Aimarrek. ‘Tigrearen’ paretik kendu zituen pistak Udalak, duela sei-zazpi urte, Euskalduna zubi ondoko errotondaren albo batera eramateko. Azken hiru urteetan apenas izan du zaintzarik eta, ondorioz, azpiegitura asko hondatu da. Bere patua “desagertzea” dela uste dute Makarra Life Styleko kideek. “Betidanik esan digute hori, eta guk geuk ere ikusten dugu hondora doala”. Bilboko Udalaren arabera skate pista mantendu egingo da “lursail hori garatzen ez den bitartean”, eta “une egokian, berriro ere ebaluatuko da” bere etorkizuna.
Egun, errepideak inguratuta dago skate parkea, “isleta baten erdian”. Eremu horretan ezer gutxi dago. Gertu zuten iturria ere, “beharrezko duguna”, kendu dute. Botikazar parkean dagoen iturrira joan-etorriak eginez moldatzen dira. Hortaz, ez iturririk “ez arbolarik, ez itzalik, ez babesik, ez komunik”. IMQren klinika, hurbilen duten eraikina, “ez da arazoa”. Ez diete gaixoei enbarazurik egiten klinika “insonorizatuta baitago”. Arazoa, besteak beste, euria denean izaten dute estalitako leku egoki faltagatik. “Ez dugu nora jo”, Euskalduna zubi azpian dagoen patinatzeko pista erabiltzeko aukera “mugatuta” dutelako. Horregatik diote ez dela “guretzako lekua”.
“Txikitatik” eduki dute Deustun skate parkea. Hori dela eta, lotura estua dute parkearekin Aimar, Luis, Mario, Jon, Gorka, Dani eta gainerako MLSko kideek. Gehienek arrapala txikian ikasi dute. “Hemen hartu ditugu sekulako kolpeak, hemen bizi izan gara, ia-ia lo ere egin dugu hemen”, aipatzen du Aimarrek. “Arratsaldero” elkartu izan dira, astean bost egunez, azken hiru urtetan skate parkearen baldintzak okertu diren arte. Ondorioa zuzena izan da. Jendeak Deustuko skate parkea erabiltzeari utzi zion. Gainbehera zegoen skate espiritua indartu asmoz, “parkea hilik zegoen baina gure espiritua ez”, 2012an Makarra Life Style (MLS) taldea sortu zuten 30 bat lagunek “giro ona, dibertsioa eta errespetua” leloarekin.
“Burugogorrak” direlako, pistek zeuzkaten matxura batzuk eurek konpontzea erabaki zuten, eta arrapalak margotzea: “Bizitza emateko eta ondo pasatzeko. Gainera, ez da diru asko behar horretarako; uste baino merkeagoa da”.
Konponketa gabe, “hiltzen utzi dituzte arrapalak”. Nonahi izan dira zuloak, aske eta desorekatuta xaflak, bistan burdinak, kolokan barandak, apurtuta soldadurak... Larrutik ordaindu dute skaterrek pistaren egoera. Sergiok, esaterako, lepauztaia apurtu du eta Aimarrek orkatila. Istripuak izan dira, bai, eta izan daitezke gehiago ere. Izan ere, arrapala handiak, umeek txirrista bezala erabiltzen dutenak, burdinetako bat solte dauka, eta “prakak eta praka ez dena urratzen ditu”. Pista inguruko zorua berriz lakarra da, “paper-latza”, eta jausiz gero, “hanka erdia bertan utz dezakezu”. Konparaketa egitearren, “kristalezko futbol zelai batean jolastearen parekoa da”.
Utzikeriarekin gogaituta, Aimarrek Bilboko Udalera eta Bidarte auzo etxera idaztea eta deitzea erabaki zuen skate parkearen egoeraren eta arriskuen berri emanez. Mezuari erantzunez, joan den apirilean Udalak bi egunez beharginak bidali zituen konponketak egitera. Konponketa “txikiak”, eta gainera “lardaskeriak egin dituzte, ez dakitelako arrapala bat zelan konpondu”. Beharginak skate arloan adituak ez direla jakitun, MLSko kideek zer eta zelan konpondu esan diete. Horretarako matxurak identifikatu dituzte “adi” mezua idatziz eta ondoan begi baten irudia margoztuz. Konponketa txikien ostean, xafla batzuk aske eta desorekatuta jarraitzen dute, eta hortaz “saihestu beharrekoak dira”. MLSko kideen poztasuna erdizkakoa da. “Itxuraz, konponketak egin dituzte, baina skate parkea ez dago ondo; lanak ez daude amaituta. Batik bat, gugana jo ez dutelako, eta gurekin hitz egin ez dutelako”.
Berritze-lan txikiek skaterrak Deustura itzultzeko balio izan du. Apiriletik 30 laguneko taldea astean lauzpabost bider elkartzen da. Eta skaterrak ikustean, umeak eta helduak kuxkuxean hurbiltzen dira. Bertakoak zein turistak dira begira-begira geratzen direnak eta argazkiak egiten dizkietenak. Skatea “erakargarria” delako. “Martxan zihoan auto batetik ere egin dizkigute argazkiak”, gogoan du Sergiok. Argazki kamera berria frogatzera hurreratzen direnak ere badira. Beraz, skaterako azpiegitura txukun batek Deustuko eta Bilboko skaterren beharrizanari erantzungo lioke eta, era berean, turistentzat “pizgarria” izan liteke. Horretarako, baina, skatean “sinetsi” beharra dago. Sinetsi eta “skate eszena sustatu”.
Bilboko eta bestelako skate parkeak
Ez pentsa Bilboko skate parkeak Deustukoa baino hobeto daudenik. Olabeagakoa “oso txarto dago”, eta ez da bertara “inor joaten”. Iralakoak 15 urte daramatza “utzita”, eta “zatika eraman dute”. Txurdinaga eta Etxebarria parketakoak zaharkituta daude, 90eko hamarkadakoak dira, eta ez dira behar bezala zaindu. “Inbertitutako diru urria skate parke guztietan adabakiak jartzeko erabili du Udalak”.
Beste muturrean daude Mungia, Basozelai (Basauri), Galdakao edota Gasteiz. Eta zer esanik ez, Madril eta Bartzelona. Herri eta hiri horietan skatearen alde egin den apustua da Bilbok falta duena. Besteak beste, ezer egin baino lehen “tokian tokiko skaterrei galdetu dietelako” eta, zerbait egiterakoan, Daniel Yabar bezalako skate aditu batek parte hartu duelako.
MLSko kideen esanetan, Mungian eta Basozelain “kristoren” inbertsioa egin dute eta Galdakaon “ideia bikaina” izan dute hutsik geratu zen lantegi batean skate parke bat muntatuta, “noiznahi erabiltzeko”.
Madril eta Bartzelonako esperientziak ere gustuko dituzte. “Skater batzuk lehiaketara aurkeztu dute euren ideia eta Udalaren eskutik erabiltzen ez den lursail bat jaso dute bertan eurek, euren kabuz, skate parkea muntatzeko”. Bilbo aldera ekar daitekeen ideia iruditzen zaie hau.
Ez zaie ideirik falta MLS taldekideei. Proposamen-zerrenda luzea dute: zementuzko egiturak, “finkoak”, eta arrapala txikiagoak, “umeentzat”, dira aipatzen dituzten lehenak. Daniel Yabar aditua ere nahiko lukete ondoan izan. Deustun bertan izan zuten lehenaldia berreskuratu bitartean, egun ametsa dena, erronka eskuragarriak dituzte buruan. “Skatea sustatzea”, nagusia. Horretarako, Skate Eguna eta musika kontzertu batzuk antolatzea pentsatu dute.
Zailtasunei aurre egitea egokitu zaie Deustun skate belaunaldi gazteei: “Ez dugu inoiz ezer lortu”, diote, “lagunak bakarrik”.
makarrapalace@gmail.com