Deustu eta Arangoiti auzoak lotzen dituen igogailua gaur jarri da abian. Deustuko Ramon y Cajal eta Arangoitiko Arane kaleen arteko 30 metroko altuera gainditzen du, eta alboetan panel itsuak ditu "etxebizitzen pribatutasunari trabarik ez jartzeko", Udaleko ordezkarien arabera.
13 pertsona sartu ahal izango dira gehienez eta geraleku bi izango ditu Deustu Barria urbanizazioko bizilagunei zerbitzua emateko. Igogailua zabalik egongo da egunero 08:00etatik 22:00etara bitartean.
Igogailuari esker, Arangoitin bizi diren pertsonen "irisgarritasuna hobetuko da", bai goranzko bidean bai beheranzkoan. "Izan ere, kontuan hartu behar da Deustu eta Arangoiti auzoen arteko mazelaren batez besteko aldatsa %45ekoa dela, gutxi gorabehera".
Gorabehera ugari
Aurtengo apirilerako iragarri zuen Udalak Deustu eta Arangoiti arteko igogailua zerbitzua ematen hasiko zela. Baina ez da posible izan. Besteak beste, instalazioko hainbat pieza aldatu direlako eta eraikitako eskailera apurtu delako. Ekainean Ricardo Barkala zinegotziak esan zuen hiru astetan igogailua prest egongo zela, eta ez da horrela izan. Igogailuaren lehen proiektuan hiru aldaketa egin behar izan dituztela azaldu zuen orduan Udal Gobernuak.
Hala ere, EH Bilduren ustez, arazoa larriagoa da. “Orain egin beharreko aldaketak aurreikusi ez izanak eragin zuzena izan du goialdeko bizilagunengan. Urtero atzeratzen joan den azpiegitura bat izan da eta oraingoan ere ez Gobernuak ez du bere hitza bete”, gogoratu du Lander Etxebarriak. “Udal Gobernuak bilbotar guztiei, eta batez ere, Deustu eta Arangoitiko bizilagunei, azaldu behar die zein izango den obraren gainkostua eta nork ordainduko duen. Udalak obra horren jarraipena nola egin duen ere azaldu beharko du”.
Ekainaren 7an behargin batek istripua izan zuen harri bat burura jausi zitzaionean. Basurtuko Ospitalean artatu zuten.
[2016-07-20] EH Bilduk Arangoitiko igogailuaren obrek izandako atzerapena salatu du
[2016-04-04] Hilabete honetan jarriko da martxan Arangoitiko igogailu berria