Gobernu Batzordean onartuko du gaur Bilboko Udalak Deustuko kanala irekitzeari amaiera emateko obren kontrataziorako lizitazioa 13,5 milioi euroko zenbatekoan.
Proiektua faseka egingo dute, "obrak egiteko denbora ahalik laburrena izateko eta proiektatutako azpiegitura ahalik lasterren zerbitzuan egoteko". Behin obrak hasita, proiektua amaitzeko ustezko epea 12 hilabetekoa da. Udalak 2018ko maiatzean "obra amaituta" egongo dela uste du.
Bilboko Udalak urrian amaitutzat jo zuen Canal de Deusto aldi baterako enpresa-elkartearekin zuen kontratua, "kontratuaren baldintzak bete ez zituela" uste izan zuelako eta enpresa-elkarteak "bere aldetik obrak gelditzea" erabaki zuelako.
Aurreko esleipendunak egindako zatia likidatu ondoren, Bilboko Udalak Deustuko kanala irekitzeari amaiera emateko falta diren obrak lizitatuko ditu gaur, aipatu bezala.
Hondeatzea ur barik
Aurreko esleipendunak obra zibila eginda, "orain gelditzen dena Deustuko Kanala irekitzeari amaiera emateko hondeatze-lana da", Aburto alkatearen esanetan.
Jarduketa-eremua hiri sektoretan banatuko da. Sektore bakoitza uretatik isolatuta egongo da zutoin-oholen bidez hondeatze-lanak hasi aurretik. Euskalduna zubiaren ondoko biribilgunetik hurbilen dagoen aldean hasiko dituzte lanak. Ur barik hondeatutako materiala zabortegi batera eramango dute kamioetan eta 90.000 metro kubiko inguru izango dira. Portuan onar daitekeen materiala gabarretan eramango dute itsasadarretik eta 260.000 metro kubiko inguru izango da.
Bilboko Udalak badu Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak onartutako hondeatze-plana, baita obran bertan instalatuko den ur-araztegi batean garbitu ondoren itsasadarrera ur-isurketa egiteko URAk, Eusko Jaurlaritzaren Uraren Euskal Agentziak, onartutako baimena ere.
Deustuko Kanala irekitzeak funtzio hidraulikoa du, "Zorrotzaurre babesteko", alkatearen arabera. "Izan ere, itsasadarreko urak gehiegi ez handitzea ekidingo du eta Bilboko zenbait aldetan uholdeak ere modu nabarian gutxituko ditu".