Aratusteak 2017

Eta Deustuko Inauteriak sortu ziren

prestaldizkaria 2017ko ots. 14a, 08:00

Argazkiak: Txema Luzuriagaren bilduma

Gaur egun ezagutzen ditugun Deustuko Inauteriak 1977an sortu ziren, duela 40 urte. Bihotz Alai folklore taldea izan zen Aratusteen sustatzaile nagusia. Lehen urte hartan, taldekideez gain inor gutxi mozorrotu zen Deustun. 

70eko hamarkadaren hondarrean "Karnabal bakarra zegoen hemen, Tolosakoa", gogoan du Txema Luzuriagak. Orduan, Deustuko hainbat lagun joaten ziren Tolosara. "Igande hori" Tolosan ematen zutenez, Deustun aurreko igandean inauteriak ospatzea erabaki zuten Bihotz Alai taldeko kideek. Santutxuarrek, beranduago, euren Karnabalak Tolosaren osteko igandean finkatu zituzten. 

Lehen urte hartan, 1977an, "jende gutxi" mozorrotu zen Deustun Txema Luzuriagaren esanetan. Bihotz Alaiko jendea, batik bat, edo bakarrik. Argazkietan, sukaldari mozorroarekin, ageri dira Roberto, Juanjo eta 40 urte beranduago ezagutzea ia ezinezkoak diren beste hamaika lagun. 

Bigarren inauterietan, 1978an, "parte-hartze handiagoa" izan zen, egun euritsua izan arren. Bihotz Alaikoek Lemoizko zentral nuklearraren itxiera aldarrikatu zuten zentralaren hileta ospatuz, beltzez jantzita. Done Petri plazan herritar, mozorro eta kolore askok bat egin zuten. 

1979tik aurrera zabaldu eta indartu ziren Deustuko Inauteriak. Bizpahiru urte nahikoa izan ziren ekimen berria asfaltoan sustraitzeko. 

 

[2017-01-30] Badatoz Deustuko inauteriak