Maiatzaren 13an apurtu zen Arangoitiko igogailu inklinatua. Konpondu zuten arren, maiatzaren 19an berriro hondatu zen. Bi alditan katea apurtu da. Bilboko Udalak igogailuko ateetan jarritako ohar batean zioen maiatzaren 22rako konponduko zuela matxura. Baina ez da horrela izan. Gaurkoa, igogailua zerbitzu gabe dagoen hamargarren egun jarraia dute arangoitiarrek.
Langileek lanean dihardute gaur ere. Udaleko iturrien arabera, Alemaniatik ekarri behar duten pieza batek atzeratu du, besteak beste, konponketa.
Haserre daude auzotarrak. Komunikabidetara ere jo dute kexa agertzera. "Behin eta berriro diogu hau ez litzakela gertatuko Bilbo erdigunean. Horrelakoak auzoetan baino ez dira gertatzen", dio igogailuaren erabiltzaile Borjak. "Auzoak ez dira lehentasuna Udalarentzat", gaineratu du.
Zarata mugatzeko manparak
Bihar, asteazkena, Bilboko Udaleko talde politikoetako ordezkarien aurrean agerraldia egingo du Alfonso Gil Mugikortasun zinegotziak. Berak horrela eskatuta. Arangoitiarrek espero dute biharko igogailua martxan izatea, eta agerraldian Gil zinegotziak igogailuak eragiten duen zarata mugatzeko manparak epe laburrean ezartzeko plana iragartzea.
EH Bildu koalizioak otsailean idatziz jasotako erantzun baten arabera, "hiru astetan" manparak ezartzekoak ziren. EH Bilduk salatu duenez, "maiatzean gaude eta harrezkero hiru hilabete pasa dira".
Zarataren ondorioz, Arangoitiko igogailu inklinatuak ordutegi murriztua izan du hasieratik. Zerbitzua ematen hasi zenetik 08:00-22:00 bitarteko ordutegia izan du eta 23:00k artekoa asteburutan. Auzotarren esanetan, "asteburutako ordutegiak asko mugatzen gaitu. Kristoren buelta eman behar dugu etxera heltzeko".
Arangoitin 5.000 bat pertsona bizi dira.
Joan den asteko oharra Arangoitiko igogailu inklinatuan
Aste honetako oharra Arangoitiko igogailu inklinatuan