Josu Ortube: "Hiru trainerurekin lehian, Deustuko Arraun Taldeak momentu historikoa bizi du"

prestaldizkaria 2017ko eka. 30a, 18:55

Argazkia: deustuarrauntaldea.com

Deustuko Arraun Taldeko kirol zuzendaria harro eta baikor agertu da Deustuko Arraun Taldeak bizi duen denboraldiarekin. Emakumeen taldeak aurten Bizkaian irabaztea eta Eusko Label Ligara heltzea balizkoa ikusten du Josu Ortubek. Pozik azaldu da neska gehiago hasi delako arraunean.

Deustuko Arraun Taldeak denboraldi berriari orain dela bi aste heldu zion. Josu Ortube Deustuko Arraun Taldeko kirol zuzendariak esan duenez taldea "momentu historikoa" bizitzen ari da. Deustuk hiru traineru ditu lehian, "oso talde gutxik esan dezakete hori". Hirurak senior kategoriakoak dira: gizonen talde bat Kantauriko Arraun Elkarteko lehen mailan (KAE1) lehiatzen ari da, eta bestea, berriz, Kantauriko Arraun Elkarteko bigarren mailan (KAE2). Emakumeen taldeak, aldiz, Gipuzkoako Ligan jokatzen du eta Euskotren Ligan sartzen saiatzen ari da.

Horrenbeste talde lehiaketan izatea, zuzendaritza taldearentzat lan handia dela aitortu du Orubek, baita "oso harro egoteko" arrazoia ere. Mutilei begira, balorazio "baikorra" egin du. Arraun taldearen erronka dauden postuan jarraitzea, eta "talde bezala hazten joatea" da.

Neskek aurten seigarren postua lortu dute Gipuzkoako Ligan. "Poliki-poliki lan eginez eta jarraitasunarekin hazten joatea da garrantsitzuena orain" azaldu du kirol zuzendariak. Hala ere, aurtengo denboraldian "iaz baino sasoi hobean" daude eta lehiaketan "pauso bat aurrerago" eman lezaketela azaldu du, "beharbada Bizkaian irabazi eta Eusko Label Ligara heltzea". Hala ere, urtero txapelketa "lehiakorragoa" ere dela gogoan dute.

Emakumeen eta gizonen kategoriak oso "desberdinak" direla adierazi du. Iaz, emakumeen traineruak, taldean hasi berriak ziren neskekin, Kontxako Bandera jokatzea lortu zuela gogorarazi du. "Gizonezkoen gehiengoak, aldiz, beteranoak izanda, oraindik ez dira Donostian jokatzen den lehiaketan klasifikatzea lortu". Ortube pozik azaldu da neska gehiago hasi delako arraunean eta gainera "gazte-gaztetik".

Entrenatzaile berria

Deustuko Arraun Taldeak denboraldi honetarako entrenatzailea aldaketa izan du. Jon Elortegi "Txapas" bezala ere ezaguna, Urdabaitik Bilboko taldera jauzi egin du. Esperientzia eta eskarmentu handikoa, Kontxako Bandera sei aldiz irabazi du, lau aldiz Urdaibairekin eta beste bi Castroko taldearekin. Halaber, Gerardo Ranero entrenatzaile ohiaren lana ere goraipatu du, "oso lan txukuna egin zuen".