Bilboko Gobernu Batzordeak behin betiko onetsi du gaur 1. Exekuzio Unitateko Urbanizazio Proiektua, Zorrotzaurreko Eremu Mistoko 1 zenbakidun Jarduera Integratuaren barruan; horrenbestez, lizentziak ematen hasi, eta eremua urbanizatzeko lehenengo obrak abiarazi ahalko dira.
Urbanizazio-proiektuak Zaha Hadid arkitekto angloirakiar ospetsuaren Master Planaren diseinuari jarraitu dio, eta urarekiko harremana da bere alderdirik nabarmenena. Hain zuen ere, oso ezaugarri desberdinak proiektatu dira itsasadarraren alde bakoitzean:
Alde batetik, eskumaldeak sirgaren bidea gogoraraziko du, eta portu-lanen memoria gordeko du, kaiak, garabien bideak, mutiloiak eta abar mantenduko ditu eta. Beste alde batetik, irlaren bazterrean parke bat jarriko da, non ura elementu nagusia izango den: irlan sartu, eta pasealekuekin eta egoteko eremuekin nahastuko da.
Zorrotzaurre, batik bat, oinezkoentzako eta txirrindularientzako eremua izango da, batez ere, ur-bazterretan. Erriberako pasealekuez gain, zeinetan oinezkoek eta txirrindulariek batera ibiliko diren, bidegorri bat jarriko da Frank Gehry zubia eta San Inaziokoa lotzeko erdiko etorbidean zehar. Bilbobusek nahiz tranbiak bide horretatik igaroko dira, garraio publikoko sistema ona bermatu, eta irla hiriari lotzeko asmoz.
Espazio libreen diseinuaren bitartez, askotariko eremu moldaerrazak sortu nahi dira –hainbat erabileretara egokitu daitezkeenak–, baita eremuaren historia berreskuratu ere: itsasadarrarekiko trazadura perpendikularrak, galdutako natura... Bestalde, proiektatutako materialen bidez, jasangarritasunik handiena eta gutxieneko mantentze-lanak erdietsi nahi dira.
Hainbat berrikuntza hasierako proiektuari
Bilboko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak hilabete honetan burutu dituzte Zorrotzaurreko hirigintza-arloko berroneratzean aurrera egiteko beharrezko administrazio-izapideak. Hain zuzen, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak uztailaren 17an egin du proiektuaren aldeko ingurumen-inpaktuaren adierazpena.
Hala, inplikatutako erakundeen aldeko txostenak eskuratu eta hasieran onetsitako proiektua jendaurrean erakutsi ostean –epe horretan, eremuko enpresek, partikularrek eta auzo-elkarteek diseinurako alegazioak aurkeztu dituzte–, aldaketa batzuk egin dira urbanizazio-proiektuaren hasierako diseinuan:
- Babes-baranda bat gehitu da kanalaren ertzean.
- Yolanda Gonzalez plazatxoaren diseinua aldatu, eta bertako argiztapena berrikusi da.
- San Pablo elizaren inguruko kirol-pistetako bat estaliko da.
- Aldaketak egin dira Deustuko Erriberako 20. eta 24. zenbakietan dauden eraikinen inguruko espazio librearen diseinuan.
- Vicinay Cadenas enpresaren hainbat elementu utziko dira Zorrotzaurreko industria-memoriaren oroigarri gisa; era berean, itsasadarraren aurrean dauden babes-elementuen inbentarioa egingo da, eta horiek kontserbatu eta haien balioa azpimarratzeko soluzio bat ezarriko da.
- Elorrietaren eta hirugarren sektorerako erabiltzen den San Inazioko eraikinaren arteko pasealekua zabalduko da.
- Noranzko bakarreko bidegorri bat jarriko da, Elorrietatik etorkizuneko San Inazioko zubiraino.
Urabazizaioaren azaleran hiru eremu nagusi
1. exekuzio-unitateak, guztira, 389.654 m2-ko azalera dauka, eta hiru eremutan banatzen da: Deustuko Kanalaren eskumaldea –San Inaziotik Botikazarreraino hedatzen dena–, Hegoaldeko Muturra –Artiachen fabrika zaharreraino zabaltzen dena–; eta Iparraldeko Muturra, hau da, ibilgailuen udal-gordailuaren eta Zorrotzaurreko amaieraren arteko eremua.
1.Deustuko kanalaren eskumaldea
- San Inazio aldea
Proiektuaren muga kanalaren eremurantz zabaltzen den Zarandoa etorbidearekin paraleloan dago, eta 20 metroko zabalera edukiko duen pasealekua sortuko du bertan, bi mailatan: bata kaiaren gaur egungo kotan egongo da, eta paseatzeko eta bertan geratzeko pentsatuta egongo da, uretarantz doazen espazioekin, gogora ekartzeko portuaren iragana; bestea, 1,5 metro gorago kokatuko da eta bertan egoteko diseinatuko da, zuhaitzekin.
Horretaz gain, Deustuko Kanalaren eskumaldean beste hainbat elementu jarriko dira San Inazio aldean; batik bat, honako hauek:
Pasealeku bat, Elorrietako biribilgunearen eta Idom-en eraikinaren artean, 520 metroko luzera eta 10 metroko zabalerarekin. Zarandoa etorbidera jotzen duen aldea landarez hornituta eta apur bat gorago dagoenez gero, pasealekua babestuko du ibilgailuen zaratatik.
San Inazio plaza. 5.000 m2 baino gehiagoko plaza bat sortuko da, umeentzako jolasekin; estalitako espazioak jarriko dira, eguraldiaren gorabeheretatik babestuta egon daitezen.
Sarriko azpiko rokodromo txikia, bertako horma eta altuera-aldea aprobetxatuta.
Elorrietako bihurgunetik gertueneko inguruan, hormigoi armatuzko hodi bat proiektatu da, itsasgoran euri-urak hustean galtzadan eta pasealekuan eratzen diren ur-putzuak arintze aldera. Hain zuzen ere, hodi horrek 1,5 metroko diametroa eta 350 metroko luzera izango ditu, eta ura metatuko du ateratzeko grabitate egokia egon arte, hau da, itsasaldia beheratu arte.
-Deustu aldea
Trafikoa berrantolatuko da Enekuriko tunelen eta Euskaldunako biribilgunearen artean. Horretarako, Ballets Olaeta kalea luzatuko da, auzoa hiriari lotzeko. Bestalde, Morgan kalean trafiko-noranzko bakarra ezarriko da, tuneletarantz.
2.Deustuko erribera
Eremu horri dagokionez, hauxe da alderdirik garrantzitsuena: bertako etxebizitzen ingurunea oinezkoentzako eremu bihurtuko da, Bilboko Zazpi Kaleetan bezala, eta Deustuko Erribera kalea oinezkoentzako pasealeku bilakatuko da Artiachen fabrika zaharreraino.
Gainera, 1. exekuzio-unitatetik kanpo egon arren, Erriberaren eremuko hiri-azpiegiturak berritu eta osatuko dira, Zorrotzaurreko Erriberako egungo azken etxebizitza-eraikineraino. Bide-sarearen funtzionamenduak aukera emango du Frank Gehry zubitik berehala atera, eta horretara sartzeko.
Gainera, Zorrotzaurreko ingurunean uholdeak gertatzeko aukera baldintzatzen duten alderdiak direla eta, beharrezkoa da irlaren egungo sestra altxatzea eta itsasadarraren ur-bazterraren ondoko eraikinetan uholderik ez dela egongo bermatzea. Horretarako, URA- Uraren Euskal Agentziaren xedapenekin bat, babes-elementu bat diseinatuko da Deustuko Erribera kalearen ertzean eta 2.100 m3-ko edukiera duten bi ekaitz-tanga jarriko dira, aurreikusi diren euri-ur guztiak bildu, eta itsasbeheran askatzeko. Hala, segurtasun-neurri gisa, tanga bakoitzerako ponpaketa-sistema bat ipiniko da, jasotako ura bultzatu ahal izateko, baita itsasgoraren kotaren gainetik ere.
3.Zorrotzaurreko erribera
Hegoaldeko Muturrean bezala, Iparraldeko Muturreko bide-sareak ahalbidetuko du San Inazio irlarekin lotuko duen etorkizuneko zubian sartzea eta horretatik ateratzea.
Urbanizazio proiektuaren ezaugarri nagusiak
Zorrotzaurreko etorkizuneko irlaren ezaugarri bereziak direla eta, urbanizazio-proiektuak ondoko elementuak hartu ditu kontuan:
Irla uholde-kotatik gora kokatzeko betetze-lanak bideetan. Eraikin berriek uholde-arriskurik edukiko ez dutela bermatze aldera, irlaren egungo kota betetze-lanen bidez goratuko da, gutxienez 1,5 metroko lodierakoak.
Saneamendurako ponpaketak. Zorrotzaurreko etorkizuneko uhartearen berezitasun topografikoen ondorioz (2,5 km-ko luzera aldetik aldera, ia-ia erabat laua), Bilboko hiri-bilbean ohikoa ez den saneamendu-sistema egin beharko da bertan. Hainbat saneamendu-sistema udal-irizpideen arabera aztertu ondoren, proiektuak erabaki du ur beltzak Nerbio-Ibaizabaleko hodi biltzailean (ezkerraldean) husteko ponpaketa-multzo bat ezartzea.
Euri-ura bildu, biltegiratu eta berrerabiltzeko andelak. Deustuko Erriberan 2.100 m3-ko bi andel jarriko dira, zeinek funtzio bikoitza edukiko duten: egoera normalean, euri-urak berrerabiltzeko balio izango dute (tratatu eta desinfektatu ostean), berdeguneak ureztatu, eta kaleak makina bidez garbitzeko; ur-goraldietan, aldiz, ekaitz-tanga gisa erabiliko dira, eta huste-ponpaketekin sendotuko dira.
Itsasadarraren azpiko hodiak Itsasadarraren azpitik joango diren ainguratze-sistema bidezko bi hodi proiektatu dira, energia elektrikoko, saneamenduko eta ur-hornikuntzako sareak konektatzeko: bata irlaren eta Olabeagaren artean egongo da eta bestea, irlaren eta Zorrotzaren artean.
Hiri-hondakin solidoen (HHS) bilketa pneumatikoa. Zorrotzaurreko etorkizuneko irlan, hondakinak biltzeko sistema pneumatiko bat ezarriko da, zaborra biltzeko kamioien eguneroko joan-etorriak ekiditeko helburuaz, eta bertan kokatuko da ere bilketa-zentralaren eraikina.
LED bidezko argiteria. LED teknologiadun argi-sistema jarriko da, zeinak kostu elektriko eta birjartze-kostu handiagoak ekarriko dituen.
Zorrotzaurreko proiektua
Zorrotzaurre hirigintza-arloan berroneratzeko proiektuari esker, industrialde zahar hori Ibaizabal ibaian zehar Bilbora sartzeko atari bihurtuko da. Proiektu integral eta jasangarri horrek ia 838.781 m2-ko azalera hartuko du, eta Zahah Hadid arkitekto angloirakiar ospetsuak diseinatutako Master Planean oinarritzen da. Hala, hainbat espazio elkartuko ditu eremu horretan: hala nola etxebizitza irisgarriak, enpresak eta ekonomia garatzeko eremuak, gizarte- nahiz kultura-arloko ekipamenduak eta auzokoen aisiarako guneak.
Horrenbestez, Zorrotzaurrekoa, gaur egun, Bilboko hiria eraldatzeko proiektu estrategikorik garrantzitsuena da. Gainera, hiribildua garatzeko aukera ematen duen espazio nagusia da; izan ere, hiriaren kalitatezko garapen sendoa lortzeko beharrezko erabilerak eta dentsitateak uztartuta diseinatu egin da eta, hartara, mugikortasun jasangarria ahalbideratuta.
Itun Batzarra 2013ko urriaren 15ean eratu zen, honako hauek osatuta: batetik, Bilboko Udalak, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak, eta EAEn etxebizitza babestuak sustatzeaz arduratzen den VISESA sozietate publikoak; eta, bestetik, Promotora Inmobiliaria Margen Derecha SL eta Vicinay Cadenas SA enpresek zein beste jabe txiki batzuek, hots, guztien artean, 1. exekuzio-unitateko lurzoru osoaren % 80ren (389.654 m2 guztira) jabetza dutenek.
1. Exekuzio-unitateko datu teknikoak
Azalerak:
1-EU, guztira: 389.654 m2.
Eskumaldea: 107.593 m2.
Hegoaldeko Muturra: 151.210 m2.
Iparraldeko Muturra: 115.696 m2.
San Inazio plaza: 5.250 m2.
Luzerak:
Bide arrunta (galtzada): 6.220 ml.
Oinezkoentzako bidea: 1.540 ml.
Erriberako pasealekua (itsasadarra eta kanala): 4.135 ml.
Elorrietako biribilgunetik Idomerainoko pasealekua: 520 ml.
Tranbia: 1.015 ml.
Zuhaitz-kopurua: 1.601 ale unitatearen barruan, eta beste 1.600 ale kanpoan.
Euri-uretarako andelak:
Elorrieta: 620 m3.
Deustuko Erribera: 2.100 m3-ko bi.
Aurrekontua, guztira (BEZik gabe): 65,6 milioi euro.
Bideak eta oinezkoentzako espazioak (BEZik gabe): 51,5 milioi euro.
Espazio libreak (BEZik gabe): 14,1 milioi euro.