Behin betiko proiektua onartu ondoren, Bilboko Udalak baieztatu du irailean Deustuko pabilioi berriko obrak hasiko dituela. Obrak 2018ko lehenengo hiruhilekoan amaituta egotea aurreikusita dago.
Solairu bakarra izango du pabilioiak eta bertan ontzientzako hangarra, entrenamenduak egiteko sakonunea, gimnasioa, tailer-biltegia, egokitutako aldagelak eta komunak, kabinete medikoa, administraziorako gunea eta bilera-gela egongo dira.
Pabilioi berriaren diseinuan deigarria da instalazioen barruko elementu nagusien itsasadarrarekiko eta uriarekiko erlazioa. Onartutako proiektuaren arabera, eraikina elementu nagusi bien inguruan eraikiko da, hau da, hangarraren eta gimnasioaren inguruan. Elementu horiek biak irekiak izango dira eta modu bisualean lotuta egongo dira pabilioi barruan eta itsasadarrean, leku bietan, arraunean egitea.
Ontzientzako hangarrak 6 metro libreko altuera izango du eta sartzeko hiru ate handi, baita biltegi-kale batzuk ere. Entrenamenduak egiteko sakonuneak alde bakarrean arraunean egiteko lerro bakarra izango du, banku finkoan aritzeko. Gimnasioa leku zabala izango da eta bertatik kanpoaldea ikusi ahalko da. Gainera, hiru alde izango ditu arraun-ariketak egiteko, jarduera kardiobaskularrak egiteko eta pisuekin lan egiteko.
Instalazio berria San Ignazioko Zarandoa etorbidean egongo da eta Deustuibarran kokatuta dagoen pabilioiaren ordez jarriko da. Pabiloi zaharra 1984an egin zuten eta, instalazio berriak egiteko obrak amaitu ondoren, bota egingo dute, haren lursaila Zorrotzaurreko urbanizazioaren barruan dago-eta.