Seigarren izan dira Deustuko neskak Kontxako lehen igandean

prestaldizkaria 2017ko ira. 4a, 09:56

Argazkiak: Deustu Arraun Taldea

Donostiarra eta Hernaniren aurretik sailkatzea lortu dute Tomaterako arraunlariek Donostiako Kontxako lehen jardunaldian, 11.02:26 denbora eginez. 

Bigarren txandan aritu ziren deustuarrak atzokoan Kontxako badian, eta ondo aritu ere. Lan txukuna egin zuten. Izan ere, kronometroa gelditzean Donostiarra etxeko taldeari eta Hernaniri, sailkapen kanporaketan atzetik helmugaratu ziren, aurrea hartu zieten. Denborarik onena egin zuen Hibaikako traineruarengandik 26 segundora iritsi ziren 'tomaterak'. 

Iazkoaren ostean, bigarren esperientzia dute Kontxan Deustu Arraun Taldeko neskek. Bitan parte hartu dute eta bitan sailkatu dira. Aurtengoan ozta-ozta, ia segundu bateko aldearekin. Zehazki, 96 ehunen atera zizkion Caboko traineruari. 

15 arraunlariko Deustuko erriberako taldeak Bizkaiko Txapelketa eta Lekeitioko Bandera eskuratu du aurtengo denboraldian. Taldeko arduradunek Kontxan lehen zazpiren artean geratzea dute erronkatzat. Lanaren erdia eginda dute. Hurrengo igandean Donostiarra eta Hernani gertutik zaintzea dagokie.  

Norgehiagoka irekia

Bi segundoko aldea baino ez dute Hibaikak eta San Juanek. Buruan dauden taldeek. Hortaz, emakumeen estropada, gizonena bezala, hurrengo igandean erabakiko da. Oso irekia izango da, eta neurri handi batean itsasoaren egoerak baldintzatuko du. Hori dela eta, ikusmin handia piztu du zaleen artean Kontxako Banderaren bigarren jardunaldiak.  

Kontxako Bandera 2017 - Lehen jardunaldia - Emakumeen sailkapena

1. Hibaika 10.36:02
2. San Juan 10.38:68
3. Orio 10.46:60
4. Arraun Lagunak 10.56:00
5. Mecos 10.57:70
6. Deustu 11.02:26
7. Donostiarra 11.06:38
8. Hernani 11.14:34