Deustuko Iharra frontoia "geroz eta gehiago" erabiltzen da Herriko Tabernako kideen arabera. "Badago palan egiteko ohitura hemen", diote. Deustu inguruan ere badago. Izatez, "kanpotik" jaso dute deustuarrek pala txapelketa antolatzeko eskaera Deustuko Gazte Egunaren jira-biran jokatzen ziren partiduak aurten ez antolatzea erabaki ostean. "Lekukoa" hartu du, hortaz, Herrikoko lantaldeak.
Hilabete eta erdi luzatuko da txapelketa, irailaren 18tik urriaren 27ra. Helburu bikoitza du antolatzaileen esanetan. Batetik, "oroimena lantzea". Txapelketari Iharra izena jarri diote, frontoiari herritarrek ipinitakoa 1972an Guardi Zibilak hildako Jonan Aranguren Iharraren oroimenez. Bestetik, txapelketa palazale eta jokalarien egutegian finkatu nahi dute "urteroko dinamika" bihur dadin.