Hastapenetan, euskararen normalkuntzarako bidean hizkuntzaren ezagutzan jarri zen lehentasuna. Azken hamarkadetan euskararen ezagutzak gora egin du, baina ez erabileraren neurri berean. Erabileraren maila txikiak eta hainbat gunetako eta adin tartetako beheranzko joerak kezka sortu dute. Horregatik euskararen erabilera sustatzeko premian jarri da arreta azken urteotan. Hainbat dira euskaldunen eta euskara ulertzen dutenen hizkuntza-ohituretan eragiteko martxan jarritako ekimenak bai euskalgintzatik bai erakundeetatik. Arrakastatsuak izan dira batzuk, eragin txikia edota laburra izan dute gehienek. Izan ere, ohiturak, oro har, errotutako ohiturak, baita hizkuntza-ohiturak ere, aldatzea zaila baita. Baina ez ezinezkoa.
Ahalegin horretan azpimarratzekoak dira 2016 urteaz geroztik hainbat auzo eta herritan martxan jarri diren hizkuntza jokabideetan eragiteko eta euskararen erabileran eragiteko ekimenak. Horiek Lutxo Egiak 2015eko udan Bilbon egin zuen Transitoak izeneko performancean oinarritu ziren. Bilbo bezalako hiri batean hizkuntza hegemonikorik erabili gabe, euskara eginez batik bat, hilabetez, gutxi gorabeherako normalasunez biziraun zitekeela erakutsi zuen. Egunerokoan, bizitzako esparru guztietan, euskarari eusteko garrantzia nabarmendu zuen. Aurrez aurreko pertsonak euskara asko, gutxi edo ezer ez dakien inporta gabe. Lehen hitza eta bigarrena euskaraz egitearen premia azpimarratu zuen euskarazko harremanak sortzeko eta indartzeko. Eta salbuespenak salbu, euskararen aldeko jende askorekin egin zuen bat Lutxok. Euskara entzuteko eta erabiltzeko prest dagoen jendearekin. Euskaraz bizitzeko desioa egon badagoela plazaratuz.
Donostiako Egia auzoa izan zen aktibatzen goiztiarrena. Zortzi astez, zortzi txandatan banatuta, 365 pertsonak parte hartu zuten astebetez euskaraz bizitzeko esperientzian. Egiako egitasmo pilotua arrakastatsua izan zen, eta pizgarria izan zen beste askorentzat. Ondoren etorri ziren gainontzeko herri, auzo eta mugimenduetako esperientziak. Hamarretik gora burutu dira jada eta beste horrenbeste gauzatzekoak dira 2017an. Tartean, Deustualdean Berbaizu Euskara Elkarteak sustatutako 11 Egun Euskaraz ekimena. 2018an, erronka Euskal Herri mailakoa izango da. Euskaltzaleen Topaguneak, Eusko Jaurlaritzaren babesarekin, hamaika egunez euskaraz bizitzeko deia zabalduko du. Abenduaren 3an, Euskararen Egunean emango zaio ekimenari amaiera.
Deustualdean urtebete lehenago
Berbaizu Euskara Elkarteak Deustualdeko hainbat esparrutako euskaldunak Mullerrenean bildu zituen joan den irailean erronka luzatzeko. Aurten, Euskararen Egunaren jira-biran, azaroaren 23tik abenduaren 3ra, 11 Egun Euskaraz ekimenean parte hartzeko desafioa, hain zuzen ere. Ahobizi eta Belarriprest izateko konpromisoa hartzeko proposamena, alegia. Egian, Agurainen edota Lasarte-Orian egin duten antzera, Deustualdean euskaldunen aktibazio ekimena martxan jarri nahi dute. Horrela bada, 2018an Euskal Herri mailan gauzatuko den egitasmoa urtebete lehenago probatuko dute deustuarrek. “Beroketa gisa balioko du”, Berbaizuko kideen esanetan.
Irailaren amaieran Bidarte udaltegian batu zituzten euskaraz bizitzeko esperientziak antolatu dituzten Agurain eta Lasarte-Oriako lau lagun. Nork bere herrian burututako egitasmoetan bizitakoak konpartitu zituzten deustuarrekin. Esaterako, oso baliagarriak izan diren hainbat gomendio eta aholku sor daitezkeen zalantzak argitzeko.
Urriaren hasierarako eratuta zegoen Deustualdean egitasmoa bideratuko duen talde eragilea, Berbaizuko kideek eta hainbat esparrutako lagunekin osatua, elkartetik haratago doana. Taldekideek ekin diote 11 Egun Euskaraz Deustualdean ekimenaren berri zabaltzeari, izen-ematea sustatzeari, partaideak identifikatuko dituen txapak banatzeari eta autofinantzaketa bilatzeari. Finean, ingurunea, Deustualdea prestatzeari. Bizipen indibidualak izango badira ere, ekimenak bizipen horiek maila kolektiboan partekatzeko aukerak eskainiko ditu, prozesu indibidualek bat egingo baitute prozesu kolektiboekin. Izan ere, partaideek baimena dutela sentitzea eta ekimenean bertan babesa dutela transmititzea inportantea izango da. Gainera, ingurua aldaketarako prest dagoenean errazagoa da euskaraz jardutea.
Bi modu daude parte hartzeko. Ahobizi edo Belarriprest izateko konpromisoa hartuz. Euskaraz komunikatzeko gaitasuna dutenak ahobizi izango dira. Hamaika egunez euskaraz egingo dute beti lehen hitza eta bigarren hitza euskaldunekin eta ezezagunekin komunikatu behar dutenean. Etxean, kalean zein lanean. Euskarari eutsiko diote. Eusle lana egingo dute aurrez aurre duten pertsonak hizkuntza aldatzeko eskatu arte. Belarriprest izango dira euskara ulertzeko gaitasuna dutenak. Belarriprestek harrera baikorra agertuko diote euskaraz egiten dienari, eta euskaraz erantzuten ahaleginduko dira, ahal duten neurrian. Egitasmoak iraungo duen hamaika egunetan partaideek Ahobizi edo Belarriprest direla adierazten duten txapa bana eramango dute soinean.
Aktibaziorako gogoa
Talde eragileko kide den Karlos Gonzalezentzat “oso pozgarria” da ekimena aurkezterarekin batera hainbat euskaldun aktibatu direla ikustea. “Begi-bistakoa da”. Proiektuaren helburua horixe bera denean, “euskaldunen aktibazioa lortzea”. Are pozgarriagoa azken urteotan euskararen inguruko proiektu batera 14 lagun batu ez direnean zeozer antolatzen hasteko. Beraz, hasiera ona izan du.
Destualdeko 11 Egun Euskaraz-ek talde eragileaz gain, laguntzaile sarea osatu du. Hurrengo pausoa da komunikaziora indarra bideratzea, “ahoz ahoko lana egitea”. Zabalkundea hedabideen eta Deustualdeko elkarteen bitartez egingo dute norbanakoengana heltzeko. Horretarako prest dituzte, besteak beste, esku orriak, bloga, bi whatsapp talde eta gmail taldea. Apurka-apurka badoa aurrera.
Helburu zehatz batzuk ere definitu dituzte. Erronka zenbakietara eramanda, 100 Ahobiziren eta 150 Belarripresten partaidetza lortzea zuten helburu hasieran. Lehen egunetan izen-emate elektronikoa “ondo joan da, aparteko propaganda egin gabe”, eta handituz joan da astero. Karlosen esanetan, “zenbait euskaldun horrelako ekimen baten zain” egon diren seinale. Dagoeneko 400 bat lagunek eman dute izena. Hortaz, hasierako erronka labur geratu da, eta handitu beharra izan dute.
Aurtengoa Deustualdean froga izango da hurrengo urteko erronka hobeto antolatzeko. “Irismena ez da izango hurrengo urtekoaren bestekoa, baina ikasiko dugu ondo zer egin dugun eta zer txarto 2018an jende gehiagorengana iristeko”.
Deustualdean euskaldunen portzentaje handiena gazteen artean dagoela kontutan hartuta, “logikoena da” 11 Egun Euskaraz gazteen artean zabaltzea. Era berean lan handia dago egiteko gazteen artean gaztelara “oso txertatuta dagoelako”, eta talde eragileko kideek “ez dutelako inor parte hartzera bortxatu nahi”. Euren jarreran eragin baino ez. Belarriprest izateko proposamena luzatuko zaie gazteei, kuadrillan inor euskaraz komunikatu nahi bada bidea errazteko.
Proiektu guzti honetan Belarriprestak giltzarriak izango dira Jonen ustez, “proiektuari bultzada emango diotenak”. Balizko Belarriprestak talde heterogeneoa dira. “Euskara ikasleak, euskara ahaztuta dutenak, erabiltzen ez dutenak, finean, euren burua euskaraz hitz egiteko gai ikusten ez dutenak. Baliteke, seigarren egunean Ahobizi izan daitezkeela konturatzea ere”. Garrantzitsua da Belarriprestei ondo azaltzea egitasmoa, “eurek ahalbidetuko dutelako Ahobiziek euskaraz egitea. ‘Niri euskaraz egidazu’ adieraziko diete”.
Nork bere erronka
Etxean euskaraz hitz egiten ez duten seme-alabekin duen hizkuntza borrokan eragin nahi du hamaika egunez Karlosek. Belarriprest izateko konpromisoa har dezatela eskatuko die. Kuadrillan zenbait lagun euskaldunekin du bigarren erronka, eurekin beti hitz egiten baitu gaztelaniaz. Jakin badaki biren arteko elkarrizketak euskaraz izatea errazagoa dela eta taldera zabaltzea zailagoa Deustualdea bezalako eremu mistoan. Hortxe bere apostua, “hamaika egunez kaparrada euskaraz ematea”.
Talde motorreko Rupik ere bere lagunartean nahi du eragitea. Euskaldunak izan arren erderaz aritzen direlako. Ohitura hori apurtzea da bere erronka, eta horretarako parte hartzera animatu ditu. “Ahalegindu egingo gara, baina ez dakit beteko dugun konpromisoa. Arraroa da guretzat euskaraz hitz egitea, nahiz eta batzutan egiten dugun. Hamaika egunez euskaraz egiten ohituratuko gara, eta aurrerantzean normalagoa izango da orain ez dena”.
Nerea eusle izatera ohituta dago. “‘Bi zurito’ edonork uler dezakeela”, dio, eta “ogia egunero erosten duzun lekuan saltzaileak eskatu gabe emango dizu euskaraz eskatuta ere”. Umore eta jarrera ona adieraztea ezinbestekoak dira berarentzat. “Eta txarto hartzen duenak berarentzako kalte”. Horregatik Bilbon daramatzan 30 urtetan “liskarren bat” izan badu ere, “barre” ere ugari egin du.
Etxean eta lanean ohituta dago Nerea besteei euskaraz egitera eta erantzuna gaztelaniaz jasotzera. Elkarrizketa euskaraz jarraituta ere komunikazioa ez dela eteten frogatu du. Etxean eta lanean ohikoak dituen elkarrizketa elebidunak auzoan ere izan nahi ditu. Deustuko Erriberan. “Euskaraz egunero edonorekin egiten dutenak ez garelako asko. Beste asko dira gurekin euskaraz bai, baina gainerakoekin egiten ez dutenak. Hizkuntza-ohiturak sakabanatzen diren neurrian indarra galtzen dute. 11 Egun Euskaraz bezalako ekimenak balio dezake ohitura trinkotzeko, eta esateko, ‘begira auzoan zenbat euskaldun gauden’. ‘Hau egin badaiteke egun batzutan, zergatik hizkuntza-komunitate honek ez du fusionatzen gainerako egunetan eroso eta erraz bagabiltza horretan? Komunitatea sendotzea funtsezkoa da, bakarrik ezin baita hizkuntza-ohiturak aldatu”.
[2017-10-30] Jon Intxaurraga: 11 egun elegante!
[2017-09-20] Erronka: hamaika egunez ahobizi eta belarriprest
[2017-09-19] Deustualdeko euskaldunek hamaika egunez euskaraz bizitzeko konpromisoa hartuko dute