Ume lapurtuen afera argitzeko ahaleginean aurrera

prestaldizkaria 2017ko aza. 14a, 09:09

Argazkiak: Itxaropena elkartea

Beti leku berean, Plaza Biribilean, elkarretaratzea egiteari utzi zioten eta, elkarteak bildu dituen ume lapurtuen kasuak kontutan hartuta, Bizkaiko ospital eta klinika atarietan elkarretaratzeari ekin zioten, “hobeto ikusarazteko umeen lapurretak non gertatu ziren”. Urte eta erdi daramate hilero kontzentrazioak burutzen ume lapurtuen Itxaropena elkarteko kideek. 

Santutxun Amaetxea egon zen lekuan eta Gurutzetako Ospitalean egin zituzten lehen biak, “Bizkaian ume lapurtuen kasu gehien bertan izan direlako”, dio Itxaropena elkarteko Leticia Medinak. 

Begoñako elizan, Begoñako Ama Birjinaren egunean, urriaren 11n, eta Bizkaiko foru jauregian eta Bilboko Udaletxean ere izan dira Behartutako Desagertzeen Mundu Egunean, abuztuaren 30ean. 

Joan den larunbatean, azaroak 11, lehen aldiz, manifestazioa egin zuten Deustun. Bidarte udaltegitik –18 de Julio ospitala izandakoa–, San Sebastian klinika zegoen tokira, eta handik egun hiriko klinika handiena den IMQ Zorrozaurrera egin zuten. 

Bidarte ospitaleko amaetxean erditu ostean lapurtutako umeen 15 bat kasuren berri jaso dute Euskadiko SOS Haur Lapurtuak elkartean eta Bizkaiko Itxaropena elkartean. 60ko hamarkadan gertatutako kasuak dira gehienak. Leticiaren esanetan, “hamarkada amaierakoak batez ere”. 

San Sebastian medikuaren klinikan bi umeren lapurreta salaketa jaso dute. 70eko hamarkada hasierakoak hauek. Kasu ugarienak, 60 eta 70eko hamarkadakoak badira ere, ez dira Frankismoan bukatzen. Gerra Zibilean hasi eta 90eko hamarkadara arte ailegatzen dira salaketak.  

Kasu guzti hauek ikertzeko beharrezko duten hainbat dokumentazio eskatu dute elkarteko kideek bai IMQn, bai Osakidetzan, bai udal artxiboan, bai Bilboko Gotzaitegian. Horrelakoetan informazio eskasa eskuratu dute, “eskuratzen dugunean”, dio Leticiak. IMQk, esaterako, langile autonomo eta euren senideen informazioa, “zerbait”, gordeta izan beharko luke, baina “diotenez, eurek ez dute ezer ere”. 

Bizkaian erakunde publiko zein pribatuek “oztopoak” baino ez dizkiete jartzen. “Estali egin nahi dute” ume lapurtuen errealitatea. Gipuzkoan, aldiz, aurrerapen “gutxi batzuk” izan dira. Beti ere “dirua balio duten” bitartekoak erabiliz lortutako aurrerapenak. Hau da, abokatu baten bitartez edota burofax zehatz baten bitartez, behin baino gehiagotan eskaria eginda, eskatutako agiriak eskuratu dituzte.

 

Agerraldia Legebiltzarrean

Azaroaren 20an Eusko Legebiltzarrean, Justizia Batzordearen baitan, agerraldia eskainiko dute Itxaropena elkarteko lagunek. Oso garratzitsutzat jotzen dute talde politikoetako ordezkariek euren ahotsa entzutea, “orain arte ez baitugu esparrurik izan”. Lapurtutako umeek eta euren guraso eta neba-arrebek biktima estatusa izatea, “legeari dagokionez ez baitugu”, ume lapurtuen kasuak “trama bezala” ikertzea eta horretarako Fiskaltza propioa eta ADN bankua sortzea eskatuko dute. 2016an aurkeztutako Legez Besteko Proposamenak jasotzen zituen eskari berberak dira.    

Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten talde politikoekin orain baino lehen elkartu direnean, oro har “jarrera eta hitz onak” jaso dituzte. Baina “hitzetan geratzen dira” politikariak. PSE eta PPk aurreratu diete jada, epai irmo bat ez dagoen bitartean ezin dituztela biktimatzat hartu. “Ez da guztiz horrela”, Leticiaren hitzetan. Izan ere, beste autonomia erkidego batzutan onartu dute aurkeztutako Legez Besteko Proposamena. Kanarietan, esaterako, talde politiko guztien babesarekin. Nafarroako Legebiltzarrean eta Madrilekoan ere onartu dute. 

Azaroaren 20ko Gasteizko agerraldian PSE eta PPko kideak “konbentzitzea” espero dute, Eusko Legebiltzarrak ere ume lapurtuen elkarteen eskakizunak, Legez Besteko Proposamen eran, onar ditzan. 

Ez dute nahi 2011n gertatua berriro errepikatzerik. Orduan aurkeztu zuten Estatuko Fiskaltza Nagusiaren aurrean, Estatu mailako lehen salaketa bateratua. 261 kasu barnebiltzen zituen. Umeen lapurreta eta salmenta xede zuen Estatu osoan zabaldutako klinika eta ospitaletako langileen sare baten aitortza exijitzen zuten salatzaileek. “Trama baten izatea”, alegia. Fiskaltza Nagusiak, ordea, salaketa bateratua desegin zuen, eta kasu bakoitza tokian tokiko auzitegira bideratu zuen. Ezer gutxirako balio izan zuen gurean Madriletik egindako ikerketarako gomendioak. “Bizkaia kasu gehien itxi duen probintzia baita”. Kasu zehatz batzutan, Leticia ziur dago epaileek “utzikeriaz” jokatu dutela. Itxaropena elkarteko kide baten salaketaz ari da, hain zuzen ere. Epaitegitik jasotako erantzunean elkarteko kideak bere ahizpa erditu zuela aipatzen du. Leticiaren arabera, horrek adierazten du “epaileak ez duela eskaria behar bezala irakurri ez aztertu”. 

Europako Parlamentutik ere iritsiko zaizkio aurki, azaroaren 22an onartzekoa den txosten-proietuan, Espainiari ume lapurtuen salaketak ikertzeko “ahalegina handitzeko” gomendioa eta “ume lapurtuen biktimak babesteko gomendioa”. 

Gomendioak gomendio, “ez dugu ezer aurreratu”, pentsatzen du Leticiak. Gainera, ondotxo daki berea bezalako elkarteak denbora kontra duela. Denborak eta aurrerapauso eskasek izan dute, bai, eragina elkartekideengan. Lehen, jende gehiago hurbiltzen zen elkarteak antolatzen zituen elkarretaratzeetara, orain, aldiz, gutxiago, “betiko 20-30 lagunak”. Gutxiago izan arren, “ez dugu etsiko” dio argiro. Ez du alperrik elkarteak Itxaropena izena. 

Aurrerantzean ere kaleko mobilizazioei eutsiko diote. Kaleak ikusgaitasuna ematen dielako eta, besteak beste, komunikabideetan lekua egiteko bidea ere zabaltzen dielako. “Eta komunikabidetan kasu berriren bat agertzen den aldiro norbait elkartera hurbildu eta galdetzera ausartzen da”. Ez da bide erraza. Batzuk ez dute beldurra gainditzea lortzen. “Ume adoptatu askok, adibidez, ume lapurtuak direla ez dakitelako edota adopzio familiari irain egitea dela pentsatzen dutelako, adopzio gurasoak hil arte itxaroten dute bilaketa prozesuari ekiteko”.  

www.facebook.com/itxaropena1

[2017-10-11] Lapurtutako umeen elkarteak Bilboko Gotzaitegiaren informazio falta salatuko du