A-6 autobusaren prezioaren igoeraren aurka agertu dira arangoitiarrak berriro ere

prestaldizkaria 2017ko aza. 27a, 11:03
Argazkia: Bihotzaran

Deustu eta Arangoiti auzoa lotzen dituen A-6 Bilbobus zerbitzuak 2018an, urte aldaketarekin batera, izango duen "prezio igoera" salatzeko Bihotzaran elkarteak eginiko deiari 300 bat lagunek erantzun diote.

Arangoitiko auzotarrentzat "oinarrizkoa den zerbitzuaren garestitzea" dakar neurriak. Izan ere, Bihotzaren elkartearen arabera, 2009an "Eusko Jaurlaritzak eta garraioaren esparruko arduradun politikoek buruturiko kudeaketa txarraren ondorioz" itxi zuten igogailuaren funtzioa betetzen du Deustu eta Arangoiti auzoak lotzen dituen A-6 Bilbobus lineak, besteak beste, hainbat espezialitate eskaintzen dituen Deustuko anbulategiarekin. Horrezaz gain, Arangoitin, auzoan bertan, "zenbait gune estrategiko" ere lotzen ditu autobusak. 

Osoko Bilkuran, Udalbatzarrak "onartutako garestitzea dela eta", egun 0,32 euro balio duen bidaiak, 0,64 euro balioko du 2018tik aurrera, "bost minutu eskas irauten duen zerbitzu bategatik". Hori dela eta, bidaiaren prezioa 0,32 euroan mantentzearen alde eta prezio igoeraren aurka, mozioa aurkeztu zuen Udalbatzarran Bihotzaran elkarteak "auzotar gehiengoarentzat benetako mugikortasun alternatiba egon bitartean". Mozioak Arangoitiko erdigunea eta Deustuko San Pedro plazaren atzealdea lotzeko, eta metroko sarrerekin konexioa egiteko, igogailu baten ezarpenaren inguruko prozesu parte-hartzailea zabaltzeko proposamena ere aurreikusten zuen. EAJ eta PSE-EEk osatutako udal gobernuko taldeak Bihotzaran elkartearen mozioaren kontra bozkatu zuen. 

Joan den larunbateko manifestazioa ez da egingo duten azkena izango elkarteko kideek iragarri dutenez. Auzotarrek Arangoitin "sarbide duinak izan arte borrokan jarraituko" dute. 

 

[2017-09-28] A6 Bilbobusaren prezio igoeraren aurka elkarretaratzea egingo dute