Hogeita hamar urteko bidea laburtzen duen dokumentala

prestaldizkaria 2017ko abe. 12a, 11:36

Abenduaren 23an 30 urte beteko dira Ramon y Cajal kaleko 29. zenbakian dagoen Deustuko Herriko Taberna zabaldu zenetik. Bizipen eta errepresioz beteriko hiru hamarkadako oroimena gordetzeko Beñat, Aitor, Gorka, Nerea eta Markelek dokumental bat ekoitzi dute.

Asko aldatu da taberna urte guzti hauen buruan, alabaina lehen Bar Benito zaharra zena, Deustualdean zabaldu zen lehenengo Herriko Taberna bilakatzea erabaki zuten garai hartan lauzpabost lagunek.

Hasierako urteak gogorrak izan arren, laster lortu zuten taberna martxan jartzea. Lehenengo urteetan taberna goizetik gauera zabalik egoten zen, gosariak eta bazkariak ematen zituzten, eta egunero jendez lepo zegoen. Ramon y Cajal kalean langilez beteriko tailer asko zeuden, eta Magisteritza Eskolako ikasleak kafea hartzera eta kartetan jolastera jaisten ziren. Gaur egun, tailer horien itxierak eta Magisteritza Eskolaren lekualdaketak ordutegia murriztera behartu ditu bertako langileak. Arratsaldetan soilik zabalik dago egun.

Halaber, urte guzti hauetan asko izan dira Herriko Tabernan bizitako momentu onak zein txarrak. Bertan egindako jaialdiak, presoen ongi etorriak, bilerak, kontzertuak... Ez dira gutxi izan ere, bertan ibilitako langile eta txandalariak. Hortaz, dokumental honek pertsona guzti horien oroitzapenak, bizipenak eta hainbat kontakizun bilduko ditu. Gainera, lan honek denbora luze batez Herriko Tabernaren inguruan ibili diren pertsonak eta gaur egun urrun daudenak ere oroituko ditu.

Gipuzkoako herri ezberdinetatik Deustura bizitzera etorri diren Kazetaritza ikasleak dira Aitor eta Beñat. Bikote honek, langile ohi guztiekin egin dituzten elkarrizketak grabatzeaz gain, dokumentala bera muntatzeko eta editatzeko ardura hartu du. Deustualdeko leku ezberdin askotan grabatzen eta jendea elkarrizketatzen ibili dira Nerea, Gorka eta Markelen laguntzaz. Guztira, orain arte, 30 bat lagun elkarrizketatu dituzte. Zailtasunak zailtasun, eguraldiarekin zorte handia izan dutela aitortu digute bi kamerek, udazken partean grabatzeak bere arriskua zuen eta.

Ez zaie erraza egin Markel, Gorka eta Nereari langile ohi guztiekin kontaktuan jarri eta elkarrizketa ordua finkatzea, izan ere asko ez dira jada Bilbon bizi. Baina pozik daude, lantalde polita osatzen baitute bostak batera. Gainera, Deustuko Herriko Tabernan bizi izan diren bitxikeriak eta nolabaiteko tabernako irekiera bertan egondako pertsonen ahotik entzuteko zortea ere izan dute. Asko izan dira entzundako istorio hunkigarriak, baita latzak ere. 

30 bat lagunek esandako guztia lan berean sartzea gustatuko litzaioke boskoteari, denek baitaukate zerbait berezia esateko, baina 40 minutu asko jota iraungo duen lan honek, erabakitzera behartu ditu.

Dokumentalaren aurkezpena abenduaren 23an egingo da. Egitarau berezia antolatu dute bertakoek, lanaren aurkezpenaz gain, bazkaria, argazki erakusketa eta langile ohi guztien argazki erraldoia egiteko asmoa daukate. 30 urte zabalik ez dira egunero betetzen eta, hori kontuan hartuta, egun horri kutsu berezi bat ematea eta taberna goitik behera mozorrotzea erabaki dute.

[2017-05-30] Aurelio Sedano eta Guruzne Azkona (DHT): “Erreferentziazko topagune polit bat galduko da Deustuko Herriko tabernaren itxierarekin”

[2016-12-15] 30. urteurreneko ekitaldiak ikasturte osora zabalduko ditu Deustuko Herriko tabernak