Araneko malda parke bihurtuko dute

uriola.eus 2018ko urt. 31a, 12:43
Araneko malda

Deustu eta Arangoiti arteko irisgarritasuna hobetzeko proiektuak Araneko malda parke bihurtzeko aukera eskaintzen du. Obrak 10 hilabeteko epean burutuko dituztela adierazi dute eta inbertsioa 2,5 milioi eurokoa izango da.

Bilboko Udalak parke bat egingo du Arangoitiko maldan. Horrela adierzai dute gaur goizeko prentsaurrekoan. Erabilera horretarako oinezkoentzako bidexka batzuk egokituko ditu, batetik, Arangoitiko goiko aldea (Araneko kalearen atzeko aldea) eta beheko aldea (Ramón y Cajal kalearen atzeko aldea) lotzeko, eta, bestetik, malda erdian, Arangoiti Deustuko Kaputxinoen Aldaparekin ere lotzeko.

Udalak atsedena hartzeko leku berri batez hornitu nahi du auzoa; hain zuzen, maldaz baliatuta. Horretarako zenbait jarduketa burutuko ditu udalak: alde batetik, maldaren goiko aldeko azpiegiturak hobetuko ditu. Umeentzako jolasguneko eta atseden-lekuko oraingo terraza, Aranekoko maldaren goiko aldean dagoena, hobetuko du. Udalak atseden-lekuak berritu eta handituko ditu.

Era berean, alde horretan arrapala berri bat eta metalezko eskailerak instalatuko dira, auzokoek irisgarritasun hobea izan dezaten. Beste alde batetik, auzokoek malda aisialdirako erabili ahal izatea nahi dute. Malda oso aldapatsua denez, hortik ibiltzea ez da erraza eta Arangoitiren eta Deusturen arteko lotura ez da ona. Horregatik maldan oinezkoentzako bide irisgarri bat egokituko dute, goitik behera.

Bidea irisgarria izango da eta leku batzuetan zabaldu egingo dute egoteko leku txiki batzuk sortzeko eta egokitzeko. Horietan, argiak eta jarlekuak jarriko ditu udalak, auzokoak gustura egoteko. Bide guztia babestuta egongo da, zurezko hesiak jarriko dituzte-eta. Gainera, hiri-altzariak ere jarriko dituzte, hala nola, paperontziak.

Gainera, Ramon y Cajal kaleko atzeko aldetik maldaren erdialderaino, Kaputxinoen Aldapan, bide bat diseinatuko dute mantentze-lanez arduratuko diren ibilgailuak haraino igo ahal izateko eta ezponda egoera onean eduki ahal izateko. Alde hori oso aldapatsua da eta, horregatik, mantentze-lanak egitea ez da erraza.

Bide guztietan jarriko dute euri-urak hustutzeko sarea. Horretarako murruak eta harri-lubetak beharrezkoak dira. Zurezko barandak ere jarriko dituzte bide guztietan eta bide horiek mantentze-lanetarako ere izango dira. Deustuko Kaputxinoen Aldapan jarduketa bat burutuko dute alde bateko eta besteko bideak modu irisgarrian lotzeko. Horretarako dauden eskailerak berriro doituko dituzte ibilbide irisgarriak jarraipena duela bermatzeko.

Orain lizitatuko den jarduketa burutzeko epea 10 hilabetekoa da eta auzokoak han gustura egon ahal izateko urtea amaitu baino lehen obrak bukatuta egotea dago aurreikusita. Inbertsioa 2,5 milioi eurokoa izango da. Inguru hori hobetzeko, eta urian aisialdirako eta olgetarako espazio berriak sortzeko lehen urratsa izango da.