Zelan aldatu da ostalaritza azken urteotan?
Aldaketa asko izan dira, besteak beste, kontsumitzaileen ohituretan eta establezimenduetan. Taberna eta jatetxe batzuk berritu dira eta beste batzuk trabatuta geratu dira. Negozioak kudeatzeko modua, esaterako, asko aldatu da.
Zein neurritan da kudeaketa garrantzitsua?
Kostuak asko handitu dira eta, ondorioz, ostalaritza profesionalizatuz joan da. Ostalaritza kudeaketa ikuspuntutik ulertzen ez duenak nekez egingo du aurrera. Jan-edanaren zerbitzaria ez ezik kudeatzailea izan behar du ostalariak. Finean, hau beste edozein negozioren modukoa da, kudeaketa gabe oso zaila da aurrera egitea.
Betiko tabernak eta tabernariak desagertu dira?
Egun, betiko ostalaririk ez dago. Asko jubilatu dira. Beste batzuk negozioa eskualdatzea erabaki dute. Jende berria sartu da, lana ulertzeko beste modu bat duena. Enpresari eta langileen arteko harremana ere bestelako da. Lan-harremanak, zorionez, betearazi egiten dira gaur egun. Lehen araua bigunagoa zen.
Ostalaritza gehiegi arautu da?
Dena dago arautuago, baita lehen oharkagabeko gaiak zirenak ere. Lege gehiegi dago. Politikariei esaten diet, ‘legeak eginez gero betetzeko dira. Ez badira beteko ez egin’, zeren ez dago baliabiderik legeen kontrolerako. Une honetan terrazen eztabaida dago Bilbon. Deustun ez daude hainbeste terraza, baina egon badaude. Udalak plan zuzentzaile bat egin nahi du gauzak aldatzeko. Ondo dago, subjektiboa beharrean, udal teknikariaren araberakoa, objektiboago izan nahi duelako, parametro zehatz batzuei lotuagoa. Baina terrazak arautzeko legea egon badago indarrean, establezimendu askok betetzen ez dutena. Zergatik ez legea betearazi? Lege murriztaileagoa eginez gero zintzoek ordainduko dute arau-hausleen lekuan. Guk, elkarte moduan, inoiz ez dugu arau-hauslea babestuko. Baina murriztaileagoak izan beharrean, lehenik dugun legea betearazi dezagun, eta ondoren egoera modu objektiboagoan aztertuko dugu. Udala horretaz jabetu behar da.
Terrazak beharrezkoak dira?
Hiritarrek eta bisitariek terrazak gustuko dituzte. Hiriari itxura erakargarria ematen diote. Zenbat eta terraza hobeak izan orduan eta hobe.
Kontsumoa eta kontsumitzaileak zenbat murriztu dira?
Duela 20 eta 10 urteko bezerorik ez dugu orain. Egoera demografikoa ez da lehengoa; gazteak gutxiago dira, adinekoak gehiago. Helduek lau gin tonic beharrean bakarra hartzen dute orain. Ohiturak eta usadioak asko aldatu dira.
Ostalaritza jarduera handiko gunea da Deustu. Taberna gehiegi daude?
Kopuru aldetik ez da jaitsierarik izan. Nire ustez, Deustuko biztanleria kontutan hartuta, ostalaritza gehiegi dago. Batzuk une txarra bizi dute, eta kostata iristen dira hilabete amaierara. Beste batzuk, berriz, une goxoa bizi dute. Auzo txikia izateko gune bereiziak ditu Deustuk, eta eusten dio gune horiei. Gaueko ostalaritzak behera egin du narbarmen; praktikan desagertuta dago. Garden, Holiday, Rock and Roll, Tiffanys, Izangoan eta Deustuko Galerietako bospasei establezimenduak ez dira existitzen. Berritu beharra dago, gainerakoengandik nabarmentzeko eta zerbait desberdina eskaintzeko, baina ez soilik auzotarrei, baita kanpotik jendea erakartzeko ere. Hori lortzea oso zaila da. Bilbo erdigunean negozioa errentagarri egitea zaila bada, Deustun are zailagoa.
Bilboaldean gaueko giroa hilda dagoela diote. Horrela al da?
Arlo horretan krisia dago. Zaila da gaueko ostalarientzat, izan ere, bezero gutxiago dute. Ostalariek esaten didate, ‘zelan egingo dut inbertsio handi bat diru-kutxa beherantz badoa’. Beldurra dago, eta beldurrak egitasmo berriak gelditzen ditu. Horregatik gau giroko hiruzpalau lokalak azken urteetan ez dira apenas aldatu. Egia da, egun dagoen auzokideen presioa ez dela lehengoa. Batzutan bidezkoa da, bidegabea bestetan. Nik beti diot, kalean gertatzen dena gizartearen erantzukizuna dela. Ez badakigu ondo portatzen gizarte osoaren arazoa da. Lokalak bere eremu barruan ez baditu arauak betetzen, noski, isuna merezi du. Baina kaleko arazoa kalekoa da.
Eguneko tabernek, ordea, gora egin dute nabarmen.
Deustun ez da eguneko tabernen boom-ik izan eta, Bilbo erdigunean ez bezala, hemen ostalaritzako eguneko saltoki berriak zabal daitezke, 30 metroko tartea errespetatuz tabernen artean. Deustun eguneko tabernek funtziona dezaketela uste dut, astegunetan 22:00etan ixtea eta asteburutan 23:00etan faena da, baina Bilbo erdigunean faena handiagoa litzateke. Are gehiago futbol partiduak eskaini nahi izanez gero, partidua bukatu baino lehen itxi beharko litzatekeelako taberna.
Botiloiaren aurka eta gazteen artean gizabidezko portaerak sustatzearen alde agertu da Bizkaiko Ostalaritza Elkartea.
Beti existitu da botiloia. Leku bakarti eta ezkutuetan egiten zen lehen, Potongon, Sarrikoko parkean... Egun non egiten da? Poza lizentziatuaren kalean, Albia lorategietan edota Uribitarten, tabernen atarian. Ekonomikoki min ematen du botiloiak, baina batik bat hiriaren itxura kaltetzen du. Bilboko Udalak serioski jabetu behar du botiloiak Bilboko kale nagusietatik desagertu behar duela. Ez diot horretan ari ez denik. Jende asko bizi den lekuetatik errotik desagerrarazi behar du kaleko edana, besteak beste, auzokideekin arazoak ekiditeko abiapuntua delako.
Deustuko jaiak hurbil ditugu. Zer deritzozu Jai Batzordearen ekarpenei? Txosnak lehiakide dira tabernentzat?
Ez, jaiak urtean bi asteburura bakarrik mugatzen direlako. Gainera, kanpotik jendea erakartzen dute, eta horiek balizko bezeroak dira tabernentzat. Azken urteetan Deustuko jaietan parte hartzen duen publikoa metroaren eta txosna gunearen artean mugitzen da. Deustuko gainerako guneek giroa galdu dute. Txosnak beti izan dira gune nagusi, eta azkenaldian bertan trinkotu da jendea. Baita botiloia ere. Botiloia ez da batere itxurosoa. Jendea txosnetan hasten da edaten, bertan jarraitzen du eta bertan amaitzean alde egiten du. Jaietan, egunean zehar ekitaldi asko antolatzen dira. Gaua, aldiz, galduta dago.
Jai Batzordeak Deustuko jaiak Deustu erdigunean kokatzeko eskaria egin dio Udalari. Zer deritzozu?
Leku ideala da Done Petri. Agirre lehendakariaren etorbidea itxiz gero, jai gunea handitzeko aukera legoke, San Inazion bezala. HAPOk autopista antzeko errepidea aurreikusita du ibilgailuak Deustu erdigunetik ateratzeko. Etorkizunean Agirre lehendakariaren etorbidea bulebar bihurtzen bada, jaiei bultzada handia emateko aukera izango da. Bitartean, errealitatea oso bestelakoa da. Gizarte moduan daukagun portaera kontutan hartuta, batik bat, zarata eta zikinkeriari dagokionean, pentsaezina da Jai Batzordearen eskaera Udalak onartzea, jakin badakielako auzotarrak haserre izango dituela; eta auzotarrak botoak dira. Egun, zarata eta zikinkeria egon badago, baina bazter batean, mugatuta. Goizean goiz garbitu eta desagertzen da. Done Petri, aldiz, Deusturen bihotza da, askoz begi-bistakoa. Arazoa ez da non, arazoa da nola ospatzen diren jaiak, eta auzokideengan duen eragina.
Casa Vasca taberna-jatetxearen itxierarekin zer galdu da?
Bilbo eta Bizkaia mailako erreferentziazko leku bat galdu da. Oso ezaguna zen, eta jende asko erakartzen zuen poteora, bazkaltzera, afaltzera eta diskotekara. Ekimen asko antolatzen zituen.
Zer ikasi zenuen bertan?
Zuzenbidea unibertsitatean amaitu eta ia-ia jarraian hasi nintzen lanean enpresa-taldean. Esfortzu eta lan-kultura ikasi nuen, inori ez diotela musu-truk ezer oparitzen, eta zerbait lortzeko borrokatu beharra dagoela. Ostalaritzari dagokionean, Casa Vascak ematen zuen zerbitzua Bilbon galduta dago. Zerbitzuaren kalitatea hobetu daiteke, ostalarien profesionaltasuna, alegia.
Zerbitzuaren kalitateari buruz ari zarenean, zertaz ari zara?
Ezer baino lehen ‘egun on’ esatea, irribarre egitea, kikarari heldulekutik heltzea... oinarrizko detaileak dira. Oro har, profesionaltasuna falta da. Casa Vascan detaile guzti horiei erreparatzen ikasi nuen, langileei horiek betetzea eskatzen zitzaileko. Zaila dena langileen ondoan egotea eta ofizioa erakustea da.