Deustuko jaiak bero-bero

prestaldizkaria 2018ko mar. 16a, 12:00

Gaurtik martxoaren 25era luzatuko dira Deustuko jaiak. Jai gunea, ohi bezala, Botikazar parkean kokatuta egongo da zazpi txosna eta karpa batekin, "euria egitekotan, lasai eta gustura dantzatu ahal izateko", diote Jai Batzordeko kideek. 

20:00etan Done Petriko kioskoan Bihotz Alai Folklore Dantza Taldeko lagunak izango dira protagonista nagusi. Egun taldekide diren ahalik eta dantzari gehien elkartzea dute helburu, denentzat lekua egongo ez den arren. Kioskoan sartzen ez direnak behealdean kokatuko dira Jabi Ortega ordezkariaren hitzetan. 

Jai Batzordeak Bihotz Alai taldea hautatu du aurtengo jaietako pregoilari bere 60. urteurrena dela eta. Ortegaren esanetan, pregoilari izendapena "ohorea" da Bihotz Alairentzat, eta era berean "ardura", "ondo egin behar delako". Erronkaren aurrean, taldekideak "oso urduri" daudela aitortu dio PREST! aldizkariari. Izan ere, "zeozer berezia" egitea nahi dute. Hainbat ideiaren artean, "dantzaren eta bertsoaren uztarketa" gailentzen ari da. Baina ez du gehiegi aurreratzerik nahi, sorpresa izan dadin.  

Pregoiaren ostean, txupina jaurti eta konpartsak eta kuadrillak txosnetara jaitsiko dira kalejiran gaitero, txistulari eta Ondalan konparstako erraldoiekin batera. Txosnetan luntx herrikoia izango da bertatzen direnentzat.

Gauean musika kontzertuak izango dira nonahi bai tabernetan ( Cowboy taldea Golf Barri tabernan, Edu Basterra Tapa Tapita Tapon tabernan eta Mikel Bizar Bordatxo jatetxean) bai jai guneko eszenatokian (Sustrajah Band, Glaukoma eta Joseba B. Lenoir.)

 

Bertako produktuak

Iaz estreinatu zuen Deustuko Jai Batzordeak Done Petri plazako txosna, eta izan zuen arrakasta ikusita, aurten ere paratu dute. Aurten, baina, txosnan Euskal Herriko edariak baino ez dituzte salduko: euskal garagardoa, euskal likoreak… bertako produktuen aldeko apustua egin dute.

 

Larunbata

Larunbatean, hilak 17, mendi martxarekin hasiko dute eguna goiztiarrenek. Ostean hamaika jarduera antolatu dituzte adin guztietako herritarrentzat, besteak beste, haurrentzako tailerrak, kuadrilla gazteentzako selfie lehiaketa, euskal dantza saioa, Deustu Kantari, zumba, eskubaloi erakustaldia, suzko zezena, erromeria edota DJ saioa.

 

Igandea

Igandean, hilak 18, Deustuko andreen aurreskua dantzatuko dute Done Petri plazan. Entseguetara emakume "piloa" hurbildu da, "jende berria", Bihotz Alai eta Mikeldi dantza taldeetakoa ez dena, "herriko jendea". Alkatearekin eta Deustuko Udaleko beste ordezkariekin batera Deustun zehar kalejira egin ostean, 13:00 inguruan dantzatuko dute emakumeek aurreskua. 

Ostean, bildots jana herrikoia antolatu dute. Iaz jende mordoa hurbildu zen bildotsa jan bitartean pilota partidua frontoian ikustera, beraz ezin ezetz esan Deustun betidanik ohitura izan denari. 

 

 

#DeustukoJaiak18

facebook.com/deustuko.jaibatzordea

[2018-03-14] Pregoiaren ardura

[2018-03-12] Hamaika aukera Deustuko jaietan

[2018-03-07] Sorpresa!

[2018-03-05] Hamaika egun falta dira jaiei hasiera emateko