ATECE Bizkaia ixteko arriskuan

prestaldizkaria 2018ko api. 5a, 08:00

Argazkiak: ATECE Bizkaia

Boluntarioen laguntza ez da nahikoa ATECE Bizkaia elkartearen bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko. Elkarteak urte asko daramatza jendearen donazioei esker bizirauten, Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Sailaren laguntza-hitzarmenik gabe. Ondorioz, egun, ATECE Bizkaia kinka larrian dago, ixteko arriskuan.

ATECE, Hartutako Garun Kaltearen Elkartea, duela 24 urte sortu zen garun lesioen ondorioz kaltetutako pertsonak laguntzeko asmoz. Gaur egun astero 72 pertsona igarotzen dira San Inazioko Kanariar Uharteak kalean elkarteak daukan lokaletik. Bertan terapia indibidualak (logopedia, laguntza psikologikoa eta fisioterapia tarteko) eta taldeko terapiak jasotzen dituzte, hartutako garun kaltearen ondorioak leuntzeko. Kaltetuen familientzat ere laguntza handia da ATECE, bertan dauden bitartean deskantsurako tartea izaten dutelako.

 

Boluntarioen lana

Astero 72 garun kaltetu hauei laguntza emateko bost profesional daude ATECE Bizkaian lanean, hainbat boluntarioz gain. Familiek eta kaltetuek eskatuta duela hiru urte Aisialdi Klub bat jarri zuten martxan ATECE Bizkaian. Proiektuaren sustatzaile eta ATECEko fisioterapeuta den Olatz Beldarrainek Aisialdi Kluba martxan jartzeko arrazoia azaldu digu. “Garuneko lesioen ondorioz kaltetuen bizitza zeharo aldatzen da, aisiarik gabe eta lagunik gabe geratzen dira asko”. Berak antolatu zuen Aisialdi Kluba orain dela hiru urte, “kaltetuek eta haien familiek behar dutelako”.

Olatzek azaldu digunaren arabera, laguntza eskaeraren aurrean San Inazioko auzotarren erantzuna bikaina izan zen, eta egun 6-7 boluntarioko taldeak bermatzen du hartutako garun kaltedunen aisia auzoan. Haiek gabe, ezinezkoa litzateke pertsona hauek kalera ateratzea eta elkartetik kanpo harremanak izatea.

 

Arazo ekonomiko larriak

Hala ere, boluntarioen laguntza ez da nahikoa elkartearen bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko. ATECE Bizkaiak urte asko daramatza jendearen donazioei esker bizirauten, Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Sailaren laguntza-hitzarmenik gabe. Ondorioz, orain elkartea kinka larrian dago, ixteko arriskuan. Iazko gabonen ostean eman zuten arazoaren berri, elkartea egoera ekonomiko larrian dagoela salatuz. Sergio Murillo Autonomia Pertsonala Sustatzeko zuzendari nagusiarekin bildu izan dira irtenbideren bat bilatzeko, baina honek ez die laguntzarik eskaini “ezta laguntzeko asmorik erakutsi ere”, Olatz Beldarrainek salatu duenaren arabera.

Foru Aldundiak Bizkaian hartutako garuneko kaltetuentzako eguneko bi zentro daudela esanez saihestu nahi izan du arazoa. Honen aurrean, ATECE Bizkaiako kideek hurrengoa erantzun dute: “Astean 72 pertsona pasatzen badira ATECEtik, argi dago Aldundiaren zentroak ez direla nahikoa, eta ATECE guztiz beharrezkoa dela”.

Momentuz Bizkaiko Diputazioaren eta ATECEko zuzendaritza batzordearen erabakien zain daude, baina ez dute jarduerarik eten. Ekintza guztiak normaltasunez betetzen eta elkartearen egoera larria salatzen jarraitzen dute. Sare sozialetan ATECE behar dugu, noizbait zuk ere behar izan dezakezulako kanpaina jarri dute martxan, elkartea hartutako garun kaltedunen bizitza kalitaterako ezinbestekoa dela argi uzteko.

“ATECEk ixten badu pertsona guzti hauek etxean geratuko dira, errehabilitaziorik gabe eta aisiarako aukerarik gabe”, salatu du Beldarrainek.

 

facebook.com/AteceBizkaia