Erriberako Auzogune berriak ateak irekiko ditu

prestaldizkaria 2018ko api. 13a, 09:00

Larunbatean, hilak 14, Deustuibarrako auzotarrek auzoarentzat erabilera sozial eta kulturala emateko joan den otsailean berreskuratutako Cadenas Vicinay enpresaren eraikin industrialaren ateak irekiko dituzte.

Bi hilabete eman dituzte Erriberako auzokideek kate lantegi zaharreko lehen solairua garbitzen, konpontzen eta txukuntzen. Larunbatean, 11:00etatik aurrera Vicinay hutsari eman dioten 'bizinahia' jendarteratuko dute, Erriberako Auzogune bezala izendatu duten eraikinaren ateak irekiz. Orain arte erabilera sozial eta kulturalerako auzotarrek auzoan falta izan duten espazioari, alegia. 

Inaugurazio ekitaldiaren ostean, mahaingurua antolatu dute, gosari eta guztiz, berreskuratzen ari diren gune publikoen inguruan. Bertan parte hartuko dute Erriberako Auzoguneko, Atxuriko Lokomotorak plataformako, Santutxuko Karmelako eta Gernikako Astrako ordezkariek. Mahainguruak iraun bitartean martxan jarri duten ludoteka zabalik izango da. Ostean, herrizikleta martxa antolatu dute eta bazkaltzeko parrilada.

Arratsaldean haurrentzako jolasak eta karaokea, zunba eta DJ DTAren saioa eta Andoni and The Tapatxulak taldearen kontzertua izango dira. 

Egunean zehar Erriberako Auzogunean abian dauden proiektu ezberdinen erakustaldiak eskainiko dituzte. Biharko deialdia irekia da Erriberako Auzogunea bertatik betara ezagutu nahi duen edonorentzat.

 

facebook.com/Erriberak-Bizinahi-du

[2018-04-05] Bitartean, Vicinay auzotarrentzat