Udalak lasaitu egin du Arangoitiko hezkuntza komunitatea eskolan amiantoa dagoela jakin ostean

prestaldizkaria 2018ko api. 20a, 09:11

Arangoitiko eskola

Koldo Narbaiza Hezkuntza zinegotzia udal arkitekto batekin izan zen atzo Arangoitiko eskolan. Lasaitu egin zituen zuzendaritzako kideak eta gurasoak. Amiantoak, kapsulatuta dagoenez, arriskurik ez duela jakinarazi zien. 

Eskolako teilatuetan amiantoa kontrolpean dago Hezkuntza zinegotziaren esanetan. Kapsulatuta baitago. Uralitak ez du zirrikuturik eta, hortaz, ez du arriskurik. Horixe adierazi zien Koldo Narbaiza zinegotziak atzo Arangoitiko eskolako arduradunei. 

Narbaizak azkar erantzun zion Eskola Kontseiluak eginiko deiari Arangoitin alarma piztu eta gero. Bere unean jaso ez zuten informazioa eta azalpena jaso zuten atzokoan eskolako kideek, eta aitortu dutenez, "lasaitu" egin dira. 

Teilatuetan dagoen amiantoa kentzeko lanak datorren urteko udan egingo dituzte Arangoitiko eskolan. Zinegotziaren hitzetan horrela adostuta zuen Bilboko Udalak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin. 

Orain baino lehen, eskolak erabiltzen ez duen biltegi bateko teilatuan zulo bat atzeman zuten. Udal teknikariek zuloa konpondu zutela adierazi dute eskolako iturriek. 

 

Gurasoen haserrea

Guraso batzuk Koldo Narbaizarekin egoteko aukera izan zuten atzokoan. Eskolaren egoera zehatza zein den jakiteko txosten bat eskatu zioten zinegotziari, eta honek txostena helarazteko konpromisoa hartu zuen. 

Haserre daude Arangoiti eskolako gurasoak. Izan ere, orain arte ez dute jakin eskolan amiantoa zegoenik. Amiantoa duten Bilboko eraikinen zerrendan ez dago eskolaren aipamenik, eta horrek gehiago haserretu ditu.

 

Zinegotziaren agerraldia

Datorren asterako espero da Koldo Narbaiza Hezkuntza zinegotziak azalpenak ematea gainerako udal talde politikoei. 

EH Bilduk salatu duenez Udal gobernuak eskoletako amiantoa kentzeko konpromisoa ez du bete, nahiz eta eskoletako eraikinen mantenua Udalaren eskumena izan.

 

[2018-04-19] Arangoitiko eskolako amiantoak kezka sortu du