Sekretupean, ondo gordeta izan ostean, kalera atera eta dantzan jarri dituzte Jaun Zuriaren eta Dalda Estigizen erraldoiak Elorrietan joan den asteburuan. Ondalan erraldoien konpartsaren 15. eta 16. erraldoiak, hain zuzen ere. Harro daude konpartsakideak. Izan ere, ez da marka makala, Euskal Herrian oso herri gutxitan baitaude 16 erraldoi.
Jaun Zuriaren eta Dalda Estigizen izena eta itxura dute erraldoi berriek. Bizkaiko lehen jaunarena eta bere bigarren andrearena. Biak ala biak Kukubiltxo antzerki taldeak Ondalani emandako figurak dira. Jose Antonio Obregon Tarzi arduratu da egituraz eta Marife Martinez jantzietaz. 30na kilo inguruko pisua dute, eta Aker eta Mari erraldoiekin batera osatuko dute Ondalanen "mitologiaren atala".