Euskaraldia

Deustualdeak Euskaraldirako hamaikakoa aurkeztu du

uriola.eus 2018ko ira. 21a, 13:37

Hasi da Euskaraldian izen emateko epea. Deustuarrek ekitaldi berezia egin dute ariketa sozialaren enbaxadore izango diren "hamaikakoa" aurkezteko. Halaber, Bilbotarrek lokal berria zabaldu dute Unamuno plazan.

Martxan da Euskaraldian izena emateko epea. Euskaldunek hainbat ekitaldirekin ireki diote bidea azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitarte egingo duten ariketari. Ekitaldi nazionala Iruñean izan bada ere, Bilbotarrek ospakizun giroan abiatu dute izen ematea. Lokal berria zabaldu dute Unamuno plazaren hirugarren zenbakian. Bertan, Euskaraldian parte hartzeko izena eman daiteke, informazioa jaso, txapak eta kamisetak eskuratu...

Aldi berean, Deustuarrek ekitaldi berezia antolatu dute Bidarte Udaltegian. Deustualdeko “hamaikakoa” aurkeztu dute, Euskaraldiaren embaxadoreak izango diren hamaika lagunak, hain zuzen. Ostean, Pablo Suberbiola soziolinguistak Aitzakia baten beharra hitzaldia eskaini du. Bertan, Ahobizi eta Belarriprest figuren rolak azaldu ditu, bai eta hauen eragina hizkuntza erabileraren hazkundean. Gainera, Euskaraldiaren alde berritzailearen inguruan aritu da ordu erdiko saioan.

Suberbiola Eusle metodoaren bultzatzaileetako bat da. Metodoak lantokietan euskararen erabilera areagotzea du helburu, “lankideen artean euskaraz egiteko ohitura gehiago izateko”. Horretan oinarritzen da Euskaraldia bera, hizkuntza baino, hizkuntzaren erabilera ardatz baitu.

Deustualdeko izen ematea

Deustualdean bi gunetan eman daiteke Euskaraldian parte hartzeko izena: Mullerrenean (Ramon y Cajal, 42) eta Euskararen Etxean (Agoitz plaza, 1). Internet bidez ere egin daiteke, eta bi leku horietako batean jaso Ahobizi edo Belarriprest ikurrak, 11 egunetan zehar jantzi beharrekoak.