Txinako eskalada selekzioa Erriberan

prestaldizkaria 2019ko ots. 5a, 09:55

Eskalada kirol olinpikoa lehen aldiz izango da 2020ko Tokioko Jokoetan. Berria zabaldu zenetik hainbat selekzio buru belarri ari dira Japoniarako txartela lortu guran, tartean, Txinakoa. Iragan azaroan Deustura iritsi zen, 2020ra bitartean Erriberako Piugaz rokodromoan entrenatzeko asmoarekin.

Zazpi eskalatzaile gazte, 15 eta 24 urte bitartekoak, lau entrenatzaile eta fisioterapeuta bat. Hamabi lagun horiek osatzen dute Txinako eskalada selekzio olinpiarraren lantaldea. Joan den azaroaz geroztik Erriberako Piugaz rokodromoan prestatuko dute Munduko Txapelketa, 2020an Tokion egingo diren Joko Olinpikoetarako sailkapena helburu dutela. 

Taldeak Bilbon izango du egoitza apirilera arte, orduan hasiko baita Munduko Kopa. Entrenamendu gogorrak egiten ari da txinatar selekzioa eta bost egunean behin baino ez dute atsedenik hartzen. Bien bitartean, Europako hainbat txokotara irteerak antolatzen ari dira. 

Orain gutxi, taldea Milanen egon zen entrenatzen. Otsailean Parisera joateko asmoa dute, bertoko eta Belgikako selekzioekin prestaketak egitera. Munduko Kopa hastean gehiago mugituko dira: Suitza, Errusia… eta gero Txinara, etxera.

Faggani, Erriberara heltzeko gakoa
Pasa den urteko Innsbruckeko Munduko Eskalada Txapelketaren ostean, Txinako Federazioak Toni Royrengana jo zuen Joko Olinpiarreko txartela lortzeko asmoz. Lehengo Espainiako hautatzaileak baietza eman eta David Gambus gasteiztarra eta Giainni Faggiana italiarra sartu zituen taldean. 

Selekzioa hartu eta berehala, prestatzaileak leku bila hasi ziren. Txina baztertu zuten bertako instalazioak desegokiak zirela iritzita eta bi aukera aztertu zituzten: Japonia edo Europa.  Asiako herrian entrenatzea atoan baztertu zuten garestia zelakoan eta Kontinente Zaharra aukeratu zuten. Bi arrazoi egon ziren: Europa hobe ezagutzen zuen entrenatzaile taldeak eta Munduko Txapelketako lehiaketa asko bertan egingo dira. 

Nolatan heldu ziren hona, bada, Europa hain “handia eta zabala’’ izanik? Gianni Fiaggana da gakoa. Italiarra Piugaz rokodromoko sortzaile eta kudeatzailea da Irati Hernaizekin batera (Prest, 159. alea). Horrek Erriberako instalazioak nahi erara erabili eta moldatzeko, presak lekualdatu eta nahi beste proba egiteko aukera ematen zien. Goizez eurak bakarrik egoten dira bertan, Roy hautatzailearen berbetan, beste edozein rokodromo komertzialetan ezinezkoa litzatekeena. Horri esker, ekipazio ezberdinekin behar bezala entrena daitezke.

Lehen aldiz kirol olinpikoa

Eskalada kirol olinpikoa izango da estreinakoz Tokioko Joko Olinpikoetan. Hiru proba kontuan hartuko dira, zailtasuna, blokea eta bizkortasuna, eta onenak urrezko domina eramango du etxera. Kirolarientzako erronka handia izango da, lehen aldia baita hiru modalitatean lehiatu beharko direla. 40 plaza baino ez dituzte izango horretarako, 20 emakumezkoentzat eta beste 20 gizonezkoentzat.

Entrenatzaile eta eskalatzaileen helburua Munduko Kopan Joko Olinpikoetarako txartela eskuratzea da. Lan horretan buru-belarri arituko dira 2020ko uda bitartean. Lehen urratsak Deustuko Erriberan egiten ari dira. Erronka zaila dela badakite, baina batek jakin, agian Txinako eskaladaren historia olinpikoa Deustun hasten da.