Babesa erakutsiko diete salestarretan sexu abusuak salatu dituzten ikasle ohiei

uriola.eus 2019ko ots. 8a, 13:11

Guztira Deustuko salestarren ikastetxeko 21 ikasle ohik salatu dituzte irakasle ohi baten sexu abusuak. Gaur arratsaldean elkarretaratzea egingo dute gertaerak salatu eta inpunitaterik ez egotea exijitzeko. 

Dagoeneko 21 ikasle ohik jarri dute salaketa Deustuko salestarren ikastetxeko irakasle ohiaren aurka. 1980ko hamarkadan sexu abusuak eta tratu txarrak egitea leporatzen diote Jose Miguel San Martin 'on Chemiri'.

Joan den astean El Pais egunkariak argitara eman zuen salestarren ikastetxeko 8 ikasle ohik salaketa aurkeztu zutela irakasle ohiaren aurka, abusu sexual eta fisikoak egotzita. Eskolak biktimei babesa adierazi eta barkamena eskatu zien, eta barne ikerketa abiatu zuela azaldu zuen.

Jose Miguel San Martin 1975 eta 1990 urteen artean izan zen salestarretan irakasle eta ikasketa buru, kongregaziotik baztertua izan zen arte. Aurten Grupo Aldekoa enpresak antolatutako udaleku batzuetako zuzendaria izango zela jakiterakoan, bere ikasle ohiek salaketa jartzea erabaki zuten. 

Gaur arratsaldean elkarretaratzea deitu dute ikastetxeko hainbat ikasle ohik, “haurren kontrako indarkeriaren aurrean inpunitaterik ez” egotea exijitzeko. Otsailaren 8an 19:30ean elkartuko dira Deustuko Done Petri plazan, Egiak ez du preskribatzen lelopean. 

 

 

[2019-02-04] Salestarretan ikasi zuten zortzi ikaslek sexu abusuak jasan zituztela salatu dute