Azaro eta abendu artean asanblearismoaren inguruko bi tailer antolatu zituzten, bereziki Deustuko Gazte lokaleko kideei zuzenduta, eta asanbladen dinamikak, metodologiak, parte hartze motak eta erabakiak hartzeko erak mahaigaineratu zituzten.
Otsailetik apirilera beste bi jardunaldi prestatu dituzte, hiruna saiokoak. Hitzaldiak, mahai-inguruak eta tailer praktikoak egingo dituzte autogestioa eta okupazioa lantzeko. Hainbat gai jorratuko dituzte: okupazio mugimenduaren ikuspegi estrategikoa, espazioen okupazioaz haragoko bizitza eredu berrien eraikuntza, espazio okupatuen autodefentsa, jabetza intelektuala, uhinen okupazioa, eta okupazio eredu berria.
Jardunaldiokin autogestioaren ikuspegi politikoa berreskuratu nahi dute Zirikatzen! kolektiboko kideek. Azken aldian okupazioaren eta autogestioaren kontzeptuak lausotzen ari direla uste dute eta, ondorioz, horrek taldearen praktika baldintzatzen duela. Gainera, Euskal Herrian autogestioaren inguruan agertutako esperientzia berriek eta Deustuko Gazte Lokalaren huste arriskuaren harira sortutako eztabaidek berriz ekarri dute gaia hizpidera. Horregatik aukeratu dute ikasturte honetan autogestioa eta okupazioa lantzea, modu globalean ulertuta.
Lan egiteko era berria
Orain arte erabilitako tresna nagusia aldizkaria izan da. Landu nahi zuten gaiaren inguruko aldizkari monografikoa kaleratzen zuten eta, horren ondotik, jardunaldiak antolatu. Ikasturte honetan, baina, kontrako norabidea hartzea erabaki dute. Joan den azaroan hasi eta apirilean amaituko dituzte formakuntza saioak, eta ostean aldizkari batean bilduko dituzte ondorioak.
Komunikazio eta formakuntza taldea da Zirikatzen!, duela 17 urte sortua. Deustuko herritarren eta, batez ere, gazteen arteko komunikazioa, eztabaida, hausnarketa eta formakuntza sustatzea du helburu. Horiek lortzeko proiektuka aritzen da taldea: gai bat aukeratu eta horri heltzeko hainbat dinamika eramaten ditu aurrera.