Gorka Exposito Otxoa: "Deustuko klubarentzat bost urtez Hirugarren mailan egotea opari bat da"

uriola.eus 2019ko uzt. 2a, 10:42

Joan den igandean jakin zuten S.D. Deustoko jokalari eta zaletuek taldeak Hirugarren mailan jarraituko duela. PREST! aldizkarian Gorka Exposito (Deustu, 1993) kapitainari egin diogu elkarrizketa, denboraldia amaitu berritan botak eskegitzea erabaki baitu. Azken urteotako klubaren ibilbideaz eta denboraldi honetako gorabeherez aritu gara Etxezuriko berdegunean.

Noiz hasi zinen futbolean jokatzen?

Zazpi-zortzi urte nituenean hasi nintzen Deustuko Ikastolan. Lagunekin bi urte aritu eta Deustuko klubera igaro ginen gehienok.

Ordutik ez duzu taldea aldatu.

Inoiz ez naute talde handi batetik deitu eta, gainera, gurasoek beti esaten zidaten ahal izatekotan hobe zela etxetik gertu jokatzea. SD Deuston gustura ibili naiz betidanik.

“One club man” zara orduan, zelakoak izan dira urte hauek guztiak?

15 urte eman ditut Deustuko taldean. Hasieran lagunekin jolasteko denbora bezala hartzen nuen, baina lehenengo taldera igaro nintzenean ikusi nuen kontu serioagoa zela, denbora asko eskaini behar zitzaiola... Hirugarren mailara igo ginenetik, orduan eta denbora gehiago eskaini behar izan diogu futbolari. Azkenean, deustuarra eta kapitaina izanda, zaletasun huts bat baino gehiago, erantzukizun handiko lana izan da.

Ez da oso ohikoa jokalari gazteek maila guztiak talde berean egitea. Bakarra zara Deustun bide hori egiten?

Momentuz bai, CD Deuston ibilbide guztia egin duen bakarra naiz. Gaur egun oso zaila da, batez ere hirugarren mailan. Hona heltzen diren jokalari gehienak Bilbao Athletic, Santutxu, Danok Bat edota Alaves B bezalako talde indartsuetatik datoz.

Joan-etorrian batzuetan.

Urte asko daramatzat klubean eta ondo ezagutzen dut ibilbidea, baina jokalari gehienek bi urte inguru baino ez dituzte ematen taldean, eta ez daukate perspektiba bera.

Nolakoa izan dalau urtez herriko futbol taldeko kapitaina izatea?

Harrotasun handiz hartu dut. Kapitaina nintzenez, ni arduratzen nintzen taldearen eta entrenatzailearen arteko komunikazioaz,  jokalariei lana eskatzeaz, haien atzetik ibiltzeaz... Horrek denak inplikazio gehiago eskatzen du, baina pozik hartu dut.

Zelako denboraldia izan da hau?

Nahiko luzea egin zaigu. Ez da txarra izan, baina, ‘arrastreak’ direla-eta, beheko mailara ez jaisteko borrokan ibili gara denboraldi osoan. Denbora asko igarotzen dugu elkarrekin eta zenbaitetan tentsioa nabaria izan da gure artean. Hala ere, oso giro ona daukagu, finean, futbolariak izateaz gain, lagunak ere bagarelako.

Zein izan da denboraldirik politena?

Hirugarren mailara igo ginenekoa (2014-2015) eta joan den urtekoa (2017-2018). 8. (Zortzigarren?) geratu ginen, baina lau jardunaldi faltan 4. (laugarren?) postua jokoan egon zen Sestaoren aurka, hemen, Etxezuriko zelaian. Oso partida polita izan zen eta play-offetako kanporaketan aritzeko aukera izatea berezia izan zen.

Eta zailena?

Nire estreinako denboraldia lehenengo taldean, ez nengoelako ohituta hainbeste ordu entrenatzera eta maila horretako erritmora, eta horregatik ez nintzen eroso egon zelaian. Gainera, ez genuen oso denboraldi fina egin eta tentsio nabaria egon zen aldagelan.

Partidarik bereziena?

Igo ginenekoa. Azkenengo momentuan, 10 minutu faltan sartu genuen gola. Gainera Nikok sartu zuen, deustuarra bera ere.

Zelan bizi izan zenuen 3. mailara igotzea eta mantentzea?

Deustuko klubarentzat lau urtez Hirugarren mailan egotea opari bat da. Egia esan, hasieran oso zail ikusten nuen hainbeste urte Hirugarren mailan mantentzea, baina taldea eta kluba lan izugarria egiten ari dira eta horrek fruituak eman ditu.

Taldea Hirugarren mailan dago, baina beheko mailara jaisteko arriskuan. 

(Oharra: Elkarrizketaren ostean jakin zen SD Deustok maila mantentzea lortu zuela)
Hirugarren mailatik urtero hiru talde jaisten dira Ohorezko Mailara, eta gu seigarrenak gara behetik hasita. Printzipioz ez ginateke jaitsi beharko, baina aurten 2.B mailatik hiru talde euskaldun jaitsiko direnez Hirugarren mailara, gutako sei jaitsi beharko dira Ohorezko Mailara. Hala ere, gure ligako lehenengo lauek 2.Bra igotzeko playoffa jokatu behar dute, orduan, horietako bat igoz gero, salbatuko ginateke.

Alaves B, Sestao River edota Portugalete 2B mailara igotzearekin nahiko daukazue. Zelan ikusten duzue egoera?

Itxaropena izateko arrazoiak ditugu. Hemengo liga nahiko indartsua da beste batzuekin alderatuta eta baten batek lortu dezake 2B mailara igotzea.

Hori da klubaren maila gorena edo 2B mailara igotzeko ametsa duzue?

Gustatuko litzaiguke, noski, baina Deustuko taldearentzat nahiko opari da Hirugarren mailan egotea. Klubaren tamainagatik, diru kontuengatik, jokalari gazteak izateagatik, instalazioengatik... Ondo gaude maila honetan, eta Ohorezko Mailan egongo bagina ere, ez litzateke ezer gertatuko (ez litzateke larria izango?). Duela 15 urte klubera iritsi nintzenetik aldaketak nabariak izan dira, askoz talde handiagoa eta indartsuagoa daukagu orain. Horrekin geratzen naiz; Ohorezko Mailan egon, Hirugarren mailan egon edo 2B mailan egon, hori denborak esango du.

15 urteren ostean futbola uztea erabaki duzu. Nolatan?

Orain dela bi urte lanean hasi nintzen eta ordu asko ematen ditut bertan. Futbol zelaian ere ordu asko sartzen ditudanez, apenas daukat niretzako denborarik. Gaztea naiz eta beste plan batzuk probatzea gustatuko litzaidake, beraz, momentuz saiatuko naiz hurrengo urtean ez jokatzen, baina ez dakit lortuko dudan ezta betiko utziko dudan.

Hemendik aurrera zer egingo duzu?

Lehena, udan bidaiatu. Uztaila erdialdean hasten gara entrenatzen eta oso bidaia gutxi egiteko aukera izan dut. Urtean zehar lagunekin egon, neska-lagunarekin denbora pasatu, surfean aritu... Kirola egiten jarraituko dut, oso gogoko dudalako, baina beste era batean.

17. Zaila izan da erabakia hartzea?

Denboraldia hasi zenean nahiko argi neukan futbola utzi nahi nuela, baina zailena  kideei esatea izan zen. Urte asko eman ditut hemen eta inork ez zuen espero nik taldea uztea. Haientzat ere nahiko kolpe handia izan da.

18. Omenaldirik egin dizute?

Oraindik ez didate omenaldi ofiziala egin, kirol zuzendaria kanpoan egon delako eta ez duelako astirik izan ondo prestatzeko. Datorren denboraldian egingo didate.

19. Futbolari lotuta jarraituko duzu?

Ez dut nire burua entrenatzaile ikusten, baina segur aski Etxezurira etorriko naiz partidak ikustera. Finean, taldekideak lagunak ere badira.
 
 
 
SAKONEAN
 
Deustuko zaleak Hirugarren mailako sustsuenak direla diote. Igertzen duzue harmailaren babesa?
Bai, izugarri. Azkenengo bi-hiru urteetan asko nabaritu dugu herriko jendea zelaira etorri dela, gurekin kanpora etorri direla... Haiek ere ordu asko sartzen dituzte eta asko eskertzen dugu haien bultzada. Lehen taldean Deustuko jokalariak izateak harmaila indartzen lagundu du, eta hori oso garrantzitsua da guretzako.
 
Emakumeen futbola gorakada handia izaten ari da Euskal Herrian, batez ere zaletasunari dagokionez. Noizko berriz ere Deustun emakumeen taldea?
Duela urte batzuk bazegoen taldea Deustun. Aukera egotekotan, emakumezko taldea ateratzea bultzatu beharko litzateke. Orain arte futbolean emakumeak ez dituzte behar bezala tratatu eta oraindik ere desberdintasun handiak daude. Emakumeek gizonek bezainbeste lan egiten dute eta aitorpen bera merezi dute.
 
Zer esango zenieke taldekideei?
Klubari eskerrak eman nahi dizkiot nirekin izadako jarreragatik, eta futbolari eman dizkidan lagun eta irakaspen guztiengatik. Futbolak asko lagundu nau bizitzan zehar; hemen ikasitakoa bizitzara eramaten saiatzen naiz, eta alderantziz.