Maila gorena, ametsa erronka

prestaldizkaria 2019ko ira. 13a, 09:00
Uztailean Errenteriako Hiria irabazi zuen Deustuk / Argazkia: Deustu Arraun Taldea

Larunbatean Bermeon eta igandean Portugaleten Deustuko Arraun Taldeak erronka handia du, amets handi bat betetzeko aukera, hurrengo denboraldian gorengo mailan, arraunaren olinpoan, onenen artean lehiatzeko txartela eskura dezake.

Historikoa izan daiteke deustuarrentzat. Izatez, Eusko Label ligara igotzeko playoff-a jokatze hutsa “historikoa da” Tomaterarentzat. Denboraldia ez ezik, bigarren amaitu dute KAE-1 ligan, azken urteetako lana borobiltzeko modu ezin hobea. Horrela pentsatzen du Jon Elortegi entrenatzaileak eta, horregatik, “hemendik aurrera gozatzea dagokigu”, dio. Betiere, lana baztertu gabe.

 

Igoera fasean Galiziako Ares taldea ikusten du indartsuen Elortegik. Hori dela eta, igoerarako bigarren txartela lortzea du amets. Taldea itsasadarreko uretara ohituta dagoenez, larunbateko Bermeoko estropada izango du erronka nagusi. Elortegiren hitzetan, “oso eremu zaila da, oso teknikoa, alboz dator errekako korrontea”. Hori horrela, Bermeoko uretan aritu dira egunotan entrenatzen.

 

Bost talde eta bi plaza jokoan

Larunbatean Bermeon eta igandean Portugaleten bost traineru lehiatuko dira nor baino nor. San Pedro, Eusko Label ligako azkenaurrekoa; Zarautz eta Deustu, KAE-1eko lehenengo eta bigarrena; eta Ares eta Tiran, Galiziako Ligako lehenengo eta bigarrena. Arraunaren mailarik gorenean bi plaza daude jokoan, Astillerorena, azkena izanagatik Eusko Label ligatik kanporatua, eta San Pedrok, azken-aurrekoak, defendatuko duena.

 

Bi saioak erlojokupekoak izango dira eta larunbatean, hilak 14, Bermeoko XXXVII Banderaren eta igandean, hilak 15, Portugaleteko XLV Corte Ingles Banderaren aurretik jokatuko dira (11:30).

 

Deustuko herriari deia

Asko izan dira asteon arraunlari, teknikari eta oro har klubak jaso dituen babes mezuak. Igandean, Portugaleten, babes hori bertatik bertara emateko, hainbat deustuarrek hitzordua ipini dute, gainerako herritarrei dei eginez “gure arraunlariak animatzera”. 10:15ean elkartuko dira Iruña kaleko metro sarreran Portugaletera elkarrekin joateko. Giroa are gehiago berotzeko, Elortegi entrenatzaileak hitza eman die zaleei, igandean, “azken minutura arte borrokatuko garela”.